Distopietatik ikasi, utopiak eraikitzeko

portada — 2014-09-07
Irakurri Offline:

Zientzia fikzioak etorkizun posibleak ekartzen dizkigu, baina etorkizun horietako asko batzuetan distopikoak izan ohi dira. Gaur egungo joerarik txarrenak edo okerrenak etorkizunean proiektatu eta emaitza utopia posible batetik urrutien dagoen hori hain zuzen.

Bada, niretzako horietako askok ikasteko balio dute. Gustatzen ez zaidana kendu edo beste era batera interpretatuz, errealistagoak direnak baino baliagarriago egiten zaizkit askotan. Etziko lehen komunikazio honetan 5 liburutako ibilbide labur bat proposatzen dizuet.

Islands in the net – Bruce Sterling

Nobela honetan munduak XXI. mendea irudikatzen du. Bertan estatuek, korporazio handiek, zein GKEk maila globalean jokatzen duten papera aztertzen da.

Texas, Grenade, Afrika… lokalizazio ugari eta gatazka globalen ikuspegi oso interesgarria erakusten du. Gaur egun gertatzen ari diren gauza asko ulertzen laguntzeko baliagarria.

[box type=”note”]Bereziki: Politologo eta soziologoentzat[/box]

The Diamond Age: Or, A Young Lady’s Illustrated Primer – Neal Estephenson

Bizitza gogorra izan duen neska gazte bat protagonista duen postcyberpunk nobela. Mundua phyle-etan dago banatua, batzuk tribu, herri, politika… dute oinarri, baina badira phyle sintetikoak ere, beste ezaugarri eta identitate batzuen baitan biltzen direnak.

Mundu horretan, klase baxukoa den Nell-ek aurrera egin beharko du, bere irakaskuntza prozesua gidatuko duen “liburu elektroniko” baten laguntzaz.

[box type=”note”]Bereziki: Irakasle eta pedagogoentzat[/box]

Jennifer Government – Max Barry

Distopia honetan AEBk kontrolatzen dituen herrialde gehienak neoliberalismoaren atzaparretan erori dira. Estatuak ia ez du kontrolik eta korporazioek arlo gehienak kontrolatzen dituzte. Polizia enpresa pribatu bat da eta alokatu zenezake dirua baduzu. Pertsonen abizena enpresaren izena izan ohi da.

Munduaren egituraketa oso interesgarria erakusten digu nobelak. Oso ezagunak diren multinazionalen izenak ere protagonista dira maiz, Nike kasu. Nobelarekin batera, nazio propioa eraikitzeko Nationstates online jokoa ere martxan jarri zuten.

[box type=”note”]Bereziki: Politologo eta soziologoentzat[/box]

Lexicon – Max Barry

Hitzek duten indarra eta kontrol gaitasunari buruz hausnartzeko nobela. Gure pribatutasuna eta sentimenduak azalerazi edo ezkutatzeari buruzko hausnarketa bat ere bada, thriller bihurtuta hori bai.

Poetak izeneko elkarte sekretuko partaideek mundua kontrolatzen dute eta Emily, kalean bizi den neska batek, erakundea kolokan jarriko du. Istorio lerro orokorrazt gain, tartean egileak hausnarketarako mezu eta eztabaida laburrak ere txertatzen ditu, istoriari sakontasuna emanez.

[box type=”note”]Bereziki: Kazetari, hizkuntzalari eta idazleentzat [/box]

Izozteko adina – Harkaitz Cano

Sinopsia: Baobil hirian gaude (lehen Bilbao). Distantziak ezabatuak izan dira ia eta hilezkortasuna ez da urrun: aurten egingo da, azkenik, Izozte Aktari buruzko erreferenduma. Denboraren orea menperatu du gizakiak. Baita memoria ere. Rewind eta forward. Gure esku dago oroitzapenak noiz eta non gordailatu, nori eskualdatu eta nori ez. Euskara ere ez da garai batean erabiltzen zen berbera: bilbatua hitz egiten da orain, ingelesarekin nahastutako euskara.

Korporazioen menpeko mundu globalizatuan, ez dirudi Euskal Protektoratuak behar adinako autonomiarik duenik. Eta hori guztia gutxi balitz, Guggenheim gainean presentzia mehatxugarri bat azaldu da…

[box type=”note”]Bereziki: Euskaldun eta bilbotarrentzat [/box]

EXTRA: Ubik – Philip K. Dick

Nobela honi buruz hobe ez ezer esatea, behar duzun guztia baita Ubik.

[box type=”note”]Bereziki: Komunikazio langile eta eroentzat [/box]

Irudia: “049El camino del frayle” by Mauricio García Vega – Mauricio García Vega. Licensed under CC BY-SA 3.0 via Wikimedia Commons.

Irakurri Offline: