Euskal Herriko historiak ez du inoiz dirurik emanen, inon baino xelebreagoa izanen da… Ta zer, ez da berdin?

politika — 2014-10-03
Irakurri Offline:

Jainko jainkosa mistikoak, tenplarioak, pelegrinak, super heroi herren-besamotz- begibakar, barkuak, Estatua,… denetarik izan dugu gure historian zehar. Denetarik eta oso, oso, baina benetan oso berezia. Oso bereziak izan ginenez oso bereziak gara. Eta berezitasun horren jabe eta jagoleak bere mito eta bere mitoa kudeatzekoa sortzen du, ahal delarik Ogasunetik pasatzen ez diren sosak poltsikoratzeko. Edo herriko pertsonai ilustratua izateko. Edo zer dakit nik zertarako.

Egia berdadero hauek pertsona jakintsuek aurkitu dituzte. Eta testu inguru sozial ororen gainetik esplikatzen dira. Alegia, mitoak, ele zaharrak edo historiaren pasadizoak sortua ala eman ziren garaian kokatu eta ulertu beharrean, denak denbora plano berean jartzen dira. Edo denboratik guztiz ateratzen dira.

Ostera, gure berezitasuna oso bestelakoa dela uste dugu. Logikoa. Edozein lurralde edo giza talde arruntari dagokiona. Unibertsala benetan. Ez erdipurdiko partikularismo gezurrezkotan oinarrituta.

Hau dela eta, mitoa edo gertakizun historiko bat hartu eta egunera ekarri egi erabatekotzat hartuz, edo ipar orratza bihurtuz edo gure berreskuratu beharreko egoera joz, gure ahulezia ideologikoa baino ez du islatzen. Eta, noski, historia ulertzeko gabeziak uzten ditu agerian. Gainera, Mitoak eta Historia horrela ulertzeak ikasteko parada galtzea dakar. Historia prozesu bat dela ezin ulertzea uzten du agerian. Erran nahi baita: Espainia eta Frantziako historiografiaren esklabo da Estatu Garaikidea Erdi Aroan ikusten duena.

Egia borobil hauen artean bi ditut gustukoen: tenplarioak eta donejakuaren bidea.

Entzun berri dut Gipuzkoako bideak tenplarioek zaintzen zituzten eta horren aztarnan piloa daudela, bai eta XII. menderako ere (edo lehenago). Ondo ulertu badut, tenplarioak perretxikoak bailitzan han eta hemen agertzen ziren Gipuzkoan; eliza tenplario eraiki zituzten;… Ez dakiguna da zer nolako gizarte motan bizi ziren. Edo gaur Gipuzkoa deitzen dugun lurraldeak orduan izango zuen garapen mailan nola demontre agertu ziren: tenplarioak, bide egonkorrak, elizak, eta abar.

Berdin gertatzen da Turismo sailek bultzatutako kostako bidearekin. Inoiz izan ez den bide batek izugarrizko arrakasta du egun. Jendearen ondoeza baretzen omen du; norabide galdutakoei lasaitasuna ekartzen die; bide mitiko hau egiten duena espiritualtasunak blaitzen du. Ados. Dibertimento bat da. Zergatik jarri behar purista? Jendeak ondo pasatzen du eta kitto. Gure kostaldeko sukaldaritza dastatzen dute; gure paisaia ezagututa, segur egon superportuaren aurka arituko direla (ejem)… Ados naiz bai. Arazorik ez.

Baina nire kezka da: benetakotasuna irudikatzeko zergatik asmatu behar dugu izan ez dena? Izan ere, XX. mendean eraiki den zubi bat Erdi Aroan jendeak barra-barra zeharkatzen zuela gure buruari sinistu arazten diogunean, zeintzuk dira egiten ez ditugun galderak? Garatzen ez ditugun mitoak? Sortzen ez ditugun erreferenteak?

Zeinek mantentzen zuen bidea? (kontxo! Tenplarioek!); zertarako behar zuten gipuzkoarrek bide bat hortik? (bidea ekintza soziala da, gizartearen beharretan du erroa. Helburu bat du) nola da posible Bidasoa zeharkatzea nondik eta zubi berri batetik (Gestapok Companys entregatu zuen tokia da hura, ez besterik. Pausu edo Behobia zen Beheko ibiko pausalekua); zertarako igo Jaizkibeldik? Eta Pasaian motorra hartzen zuten egungo ontziralekua zertarako eta Mendiolara igotzeko, nondik eta XX. mendean irekitako bide batetik… Groseko hondarrezko haitzetan sartu eta berriz ere etzegoen zubi bat igarota…
Egon egon, Oiartzundik ere pasatzen zela… Olaberriraino!…

Eta Monpasen pasarela balitz, hura ere Santiagoko bidea.

Alegia, hori ez da bide bat. Gure egungo beharrak asetzeko sortu dugun paseo modernoa baizik. Batzuetan polita. Esan dut: arazorik ez.

Berriz ere, informazioa gure buruari buruzkoa da. Berriz ere mitoa gure burua deskribatzen du. Berriz ere guk behar duguna zuritzeko istorioa asmatzen dugu. Horraino ok. Baina, dedio! aitor dezagun asmakizuna dela eta ez sortu nahasmen gehiago. Aurrera begiratzeko parada dugu hor: gure nahiak mitoen bidez ezaugarritzea borrokatu dezagun ere.

Ez dut esan: mitoak maite ditut. Baita ukroniak eta distopiak ere. The year of rice and salt; The merchant’s war; The man in the high castle; Jason eta urrezko ardi-larrua; What’s it if…?

Iruzkin hauetan mitoak gure historiako pasadizoak eta prozesuak ulertzeko erabili nahiko genituzke. Mito berriak sortu ere. Baina, aurretik doa, ez gara Robert Graves. Puf! beharrezko al zen argitzea?

Zergatik ez dugu inolako mitorik Aldaietaren inguruan? Hura abiapuntu hartuta Barduliaren banaketa, Akitaniarekiko harremanak, ez Espainia ez Frantzia, Ganboaren sorrera, Deba arroako berezitasuna… esplika genezake. Eta berriz ere gure burua prozesu historiko interesgarri, propio eta logiko batean murgildu, ondo pasatzen dugun bitartean.

Edo guk ez al dugu Arthur izan Gurean? Zergatik gure heroiak industria aroaren aurrekoak dira?

Tenplarioak DoneJakue

Irudia: Exprai

Irakurri Offline: