Mondragon Unibertsitateak eskaintzen duen “Komunikazioa erakundeetan” aditu tituluan parte hartzeko aukera izan nuen iaz eta derrigorrezko bibliografiaren artean El manifiesto Cluetrain liburuko “Los mercados son conversaciones” kapitulua landu genuen. Internet garaian enpresek bidaltzen duten mezuaz gain, kontsumitzaileek produktu baten inguruan duten iritzia ere eman dezaketela azaltzen da testuan. Online sare sozialetan, adibidez, elkarrizketa bat sortu daiteke produktu jakin baten inguruan: saltzaileak produktu horren alde onak azaltzen ditu eta erosleek horren inguruan uste dutena argi eta garbi esaten dute. Testuaren autoreen ustez, gakoa, erosleen iritziak entzun eta erantzutean dago.

“Enpresa” hitzaren ordez jar dezagun “Erakundea” eta “Erosleez” aritu beharrean aritu gaitezen “Biztanleez”.

Orain dela aste batzuk Podemos alderdiko kide batek telebistan egindako interbentzioak  hautsak harrotu zituen: epaiketa politikoak aztergai zituztelarik, beste hainbat ideien artean, SEGI eta JARRAI-k bestelako iritzi politikoak zituzten pertsonak mehatxatzea oinarri zutela esan zuen. Hautsak harrotu bai, baina ikusleek ezin izan zuten telebista bidez iritzia eman: futbolzale amorratuak bezala telebistari garrasi egin arren, erantzunak ez ziren telebistako platora heltzen.

Internetek, ordea, telebistak ez duen bi noranzkoetako elkarrizketa permititzen duenez, zenbait twitterlarik (epaituak izaten ari diren gazte batzuk barne) Podemos alderdiari bere kidearen adierazpenen inguruko iritzia eskatu genion. Plazan edo telebistan egin ezin genuena, Twitterren egiteko aukera izan genuen: alderdi baten mezuak entzuteaz haratago joan eta elkarrizketa bat hasi genuen.

TxioaPodemos

@PodemosEH-ko erabiltzaileak galdera eraso moduan hartu (zenbaitetan ere, erantzun txarretatik hurbil egon zen) eta beste galdera batzuekin erantzun zuen. Kidearen adierazpenen inguruko iritzirik ez zuen eman eta alderdiaren barruan iritzi aniztasuna nagusi zela esatera mugatu zen. Gardentasun eta argitasun falta nagusi izan zen ia 24 ordu iraun zituen “elkarrizketan”, zeinetan zenbait twitterlarik gai baten inguruan galdetu eta erabiltzaileak beste gai batzuen inguruan erantzuten zuen. Hain proposamen interesgarriak dituen alderdiak twitterlari edota herritar batzuek proposatutako elkarrizketa ukatu zuenean Interneten alde bitasuna desagerrarazi zen: ordenagailuko pantaila, telebista pantaila den horma bilakatu eta elkarrizketa bi bakarrizketa bilakatu zen.

Ez naiz komunikazioan aditua baina galderak norberaren iritzia emateko aukera paregabea direla esango nuke (eta are gehiago alderdi politiko bat izanda): diskurtsoa azaltzeko, posizioa zehazteko eta mezua hedatzeko aukera dira. Aukera bat izateaz gain, aipatutako testuak azaltzen duen moduan, egungo gizartean erakundeek biztanleen kezkak eta kritikak erantzutea behar bat da. Izan ere, erakunde batek helarazten duen mezua jada ez da modu indibidualean hausnartzen, etxean bakarrik egon arren hausnarketa pertsonala Interneten bidez partekatu baitaiteke: erabiltzaile batek mezuaren inguruan duen iritzia beste erabiltzaile batzuek emandako iritziekin osatzeko aukera dauka, zenbait kasutan iritzia bera aldatzera heldu daitekeelarik.

Horrela, Internetek eskaintzen duen, hobe esanda, derrigortzen duen komunikazio modua erabili ezean, erakunde gisa aukera bat galtzeaz gain eta biztanleei elkarrizketak sortzea mugatzeaz gain, helarazitako mezua eta bere posizioa desitxuratzeko arriskua du erakundeak. @PodemosEH isilik edota gai zehatzari ez zegokien erantzunak ematen zituen bitartean, duda argitu gabe genuen twitterlariok elkarrizketa bere horretan jarraitu genuen, alderdi horrek bere kideak egindako adierazpenen inguruko erantzunak ez argitzean bere mezua eta posizioa desitxuratu zelarik.

Ondorioz, maila pertsonalean @PodemosEH-rekin elkarrizketa bat izateko aukera izan ez nuen arren, ikerlari gisa Interneten inguruko teoria bat kasu praktikoan eta lehen pertsonan ezagutzeko aukera izan nuen: erakundeek Internet garaian biztanleekiko izan beharreko hurbiltasuna eta errespetua, hain zuzen ere.

Irudia: By The U.S. Army . DOD photo by Cherie Cullen (released). (originally posted to Flickr as I have a question) [CC-BY-2.0], via Wikimedia Commons

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude