Ez da berria: espainiar estatuan adierazpen askatasunak jai dauka. Ez da harritzekoa beraz espainiar estatuak Euskal Herriko egunkariekin, irratiekin edota mugimendu politiko zein sozialekin urteetan zehar egindakoa orain Interneten ere egitea. Internet komunikatzeko tresna bat izateaz gain espazio bat ere bada, estatu espainolak zein frantsesak kontrolpean izan behar dutena. Besteak beste, batetik, tresna horren bidez euskal herritarrok gure egunerokotasunean nazio identitatea eraikitzen dugulako eta, bestetik, espazio horretan bizi garelako: aurrez-aurre ez bada ere, territorio horretan elkartzen baikara komunitatea osatuz.

Azken urteetan hainbatetan entzun dut irratsaio, elkarrizketa zein hitzaldietan Internet “espazio aske bat dela” edota “bizitza errealean (nork daki zer den hori) izan nahiko genukeenaren isla dela”. Txiolariak atxilotzean argi dago ezetz, Internet ez dela espazio aske bat. Besteak beste, estatuek ezartzen dituzten mugak ditu: herritarroi zer esan dezakegun eta zer ez modu fisikoan (atxiloketen bitartez) mugatzen baitigute. Horrez gain, etengabe behatuta egotearen sentsazio psikologiko bat sortzen dute sarekada hauek (danah boydek “panoptiko digitala” bezala izendatu zuena). Atxiloketa hauek hurrengo batean Interneten zerbait idatzi baino lehen bitan pentsatzera bideratzen gaituzte, izan ere, norbait gure jarduera kontrolatzen egon daitekeenaren beldurra ere irekitzen dute. Egin beharreko bigarren hausnarketa, beraz, ez da GUrea: kanpotik ezarritako agente batek sortua da eta, ondorioz, bigarren hausnarketa HAIEK (kasu honetan, estatu espainolak) sortutako pentsamoldearen iragazkiaren bidez egiten duGU.

Hori dela eta, estatu espainolak ez ditu soilik euskal identitatea eraikitzeko mugak jartzen, euskal identitatea eraikitzeko zenbait modu ukatu eta beste modu batzuk bultzatzen ditu. Honen adibide argia, burututako Doktorego Tesian ezagutu bezala, gazte askok Facebooken bidez euskal identitateari loturiko hainbat ideia isiltzen dituztela da: ikerketan parte hartu zuten kideek, gertatu daitekeenaren beldurra medio, euren burua zentsuratzen dutela azaldu baitzuten.

Estatuaren garrantzia, Interneten kasuan ere, agerikoa da azken gertaera honekin. Horregatik da hain garrantzitsua euskal estatua: espainiar estatuan ezaguna ez den adierazpen askatasunak gurean aukera bat izan dezan eta euskal identitatea sozialki (gizarte harremanez ari baikara) eraikitzeko aukera egon dadin. Aukera diot, izan ere, nork daki etorkizuneko euskal estatu horretan egongo diren mugak, baldintzak edota aukerak. Ibilian egiten da bidea eta, beraz, hori ezagutu arte ezin izango dugu jakin. Argi dagoena zera da, etorkizunera begira, Interneten ere, euskal estatua gero eta beharrezkoagoa dela, izan ere, nazio identitate zein alderdi politikoen gainetik dagoen zerbait dago jokoan: adierazpen askatasuna eta giza eskubideak.

Irudia: Exprai

 

 

 

 

 

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude