Durangoko liburuen eta diskoen azoka izango da asteburu honetan. Urtero bezala hamaika stand ibiliko ditugu eta nahi baino liburu gutxiago erosi. Liburuak hartu, ireki eta lerro solteak irakurriko ditugu. IKTak direla eta, ordea, liburuaren izaera eta forma aldatzen ari dira. Liburu elektronikoa ezagutzen genuen aurretiaz: dispositibo bakar batean testu asko izateko aukera ematen duen liburua.

Liburu bat jada ez da liburu bat. Materiala birtuala bihurtzen da: banaka-banaka pasatzen diren orriak, botoi bat sakatzean agertzen diren pantailako irudi bilakatu baitira. Orain, errealitate areagotua edo errealitate hedatua duten liburuak ditugu. Kasu honetan materiala den hori ez da birtual bilakatzen; orriak ez dira pantailako irudi soil bilakatzen. Kasu honetan bi errealitateak, errealitate materiala eta errealitate birtuala, uztartzen dira: bideoak liburuan bertan daude eta orrien artean irudiak ikusteko aukera dugu.

Duela aste batzuk formatu berritzaile hau duen liburuxka baten berri izan nuen: giza eskubideen alde eta euskal preso politikoen dispertsioaren aurka lan egiten duen Sare herritarrak egindakoa. Mugimendu honen kideek liburuxka hau helarazi zidaten eta bertan Castillo Suarez, Iñaki Lasagabaster, Jule Goikoetxea eta Igor Elortzaren testuak irakurri eta gozatu nituen. Ia oharkabean pasa zitzaizkidan hasierako orrietan agertzen diren QR eta AR kodeak. Egia esan ikusi bai, ikusi nituen, baina ezin izan nuen sinetsi esku artean nuen liburua errealitate areagotua izango zuenik.

Aspektu sozial, soziologiko zein juridikotik dispertsioaren inguruan jorratutako testuak bideoekin uztartzen dira liburuxkan. Liburua ireki, orria irakurri, telefono mugikorra hurbildu eta hainbat bideo-elkarrizketa edota infografia (dispertsioaren mapa, adibidez) ikusi daitezke liburuaren bidez mugikorrean. Errealitate materiala eta birtuala uztartuz, dispertsioa zer den hobeto ezagutzeko aukera dago eta, horrela, IKTak erabiliz giza eskubideen alde egiteko aukera ere badago. Era berean, irakurketa modua zein irakurtzeko esperientzia bera ere aldatzen dira formatu honi esker: irakurritakoaren inguruan sakontzeko aukera dago eta orriak pasatzeari, nahi izanez gero, bideoak ikustea gehitzen zaio.

Azkenik, ezin dut artikulua bukatu errealitate areagotuak sortzen duen dimentsioa aipatu gabe. Izan ere, errealitate materiala eta birtuala uztartzean bien artean kokatzen den errealitate bat sortzen da: materiala eta birtuala dena, ukitu daitekeena eta ukitu ezin daitekeena, fisikoa eta sinbolikoa dena. Dimentsio mota horri territorioa deitu izan zaio, baina hau, Euskal Herriak Internet garaian okupatzen duen espazioa, beste artikulu batean jorratu beharreko gaia da.

Bien bitartean, hemen uzten dizkizuet Sareren liburuxkaren aurkezpen bideoa zein QR eta AR kodeen inguruko azalpena.

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude