Produkzio fisikoaren zentraltasunaz

jendartea — 2014-12-07
Irakurri Offline:

Produkzioak eman dezake eboluzio biologikoarekin analogia bat egiteko aukera. Lasai, ez dut neoliberalismoak egiten duen bezala hautapen naturala erabiliko handiak txikia jaten duen kapitalismo basatia justifikatzeko. Gorputza-gogoa dikotomiaren dimentsioan koka gaitezen.

Biologiatik adimenera

Milioika urtetan, biologiaren eboluzioa gorputz fisikoen mailan eman dela esan genezake, maila molekularrean gertatzen diren mutazio eta hautapenekin. Aldaketa hauek biziraupenerako onuragarriak diren heinean mantentzen eta zabaltzen dira. Historiako punturen batean, gizakia eboluzio hau gainditzera datorrela esan genezake, bere burua hautapen biologitik aparte kokatuz. Horrela, perfektu izatetik urrun dagoen nolabaiteko meritokrazia honetan, hautapen psikologiko baterantz mugitzen ari garela esan dezakegu, non pertsonalitateak, buru gaitasunek edo garatutako balio etikoek pertsona baten bizitza balditzatzen duten.

Hardware-etik software-era

Urte askotan gauza berdina gertatu da industria ekonomiarekin. Fabrikazio mailan mugitzen zen ekonomia: fabrikatzen zuenak kontsumitzaileak ezarritako behar eta moden arabera moldatzen zuen bere produktu osoa. Eta funtzionalitate arraskatatsuak fabrikatzailetik fabrikatzailera hedatzen ziren. Badirudi produkzio fisikoaren [hardware-aren] zentraltasun hau, eboluzio biologikoaren modu berean, mugara iristen ari dela. Ikus ditzagun Google [software] enpresaren bi adibide:

Lehenengoa, Google-en NEXUS telefono mugikorra da. Sakelekoaren hardware-a, produkzio fisikoa, nork egiten duen eta alderdi gogorrak zer eskaintzen duen gero eta gutxiago axola zaio azken erabiltzaileari (patrikan sartzeko tamaina egokia badu gutxienez). Horren adibide da azken lau urtean NEXUS gailuak fisikoki eraiki dituzten enpresak lau izan direla (hurrenez hurren, HTC, Samsung, LG eta Motorola). Jendeak Google-ek eskainitako software-aren ezaugarriei begiratzen dio, gaitasun birtual berriei, gauzen gogoari.

Bigarrena, etorkizunera begira Google bera inbertsio handiak egiten ari den kotxe auto-gidatu edo autonomoen kasua da. Europan ardura handiarekin begiratzen dira kotxe autonomo hauekiko Google eta bestelako software-garatzaile erraldoiek egindako mugimenduak. Azken finean, telefono mugikorrena negozio berri bat da eta Europa negozio hortatik kanpo geratu da ia hasieratik (Alcatel eta Nokia adibide), baina autogintza Europako ekonomiaren ardatz nagusia dugu. Zentraltasuna software-aren erraldoiek hartuz gero, ekonomiaren ardatza berarekin batera mugitu daitelekeelako.

Eta etzi…?

Alde batetik, gogorraren ekonomiatik gogoaren ekonomiaren trantsizio honetan, gurean estruktura falta zaigula dirudi kotxe autonomoarena bezalako proiektu bat garatzeko. Horrelakoak Google bezalako erraldoien esku bakarrik daudela dirudi, baina ez du zertan horrela izan. Beste aldetik, gogorraren ekonomiak ere birmoldaketa behar duela esango nuke GUZTIA hartzetik alderdi puntual batzutara mugatzeko. Gauzen diseinua eta gauza fisikoen sintesi modu berriak izan daitezke alderdi puntual hauek.

Analogiarekin amaitzeko, espazio esploratzaileentzako garaia da: adimen, espezie forma eta biologia oinarridun gauzen bila bidaiatzeran ausartzen direnen garaia.

 

Irakurri Offline: