Euskarriari zukua ateratzeaz

jendartea — 2015-02-19
Irakurri Offline:

Urte mordoa pasatu da honez gero Internet 2.0 deituriko istorio hau hasi zenetik eta sarea funtzio, molde, autoretza edo helburu ezberdinak dituzten gune ugariz beteta dago. Urte guzti hauetan aditu izan dut informazioa hartzaileengana heltzeko bide eta molde berriak zabalduko zituela, baina azken hau behar bezala erabiltzen ez dakigulakoan nago.

Azken 5 urteetan gainera, telefono eramangarrien (eramaten ditugun trepetan horien) garapenarekin, telefono izatetik smartphone edo ordenagailu eramangarria izatera pasatu dira. Argazkiak atera, editatu, bideoak muntatu, audioak erregistratu eta patrika daramagun atxamartaren bidez sarera igotzeko aukerak izugarri erraztu dira. Baina oraindik testu idatzia jarraitzen du izaten hedabideek sarean erabiltzen duten erraminta nagusia.

Sare sozialetara selfiak edo bideo txoroak igotzen ditugu, baina gune serioetan idatzitako hitzak jarraitzen du izaten guztiaren ardatz.

Hedabide tradizionalek sarera salto egin eta bertan daukaten bertsioak, fisikoan argitaratzen duten horren kopia izaten jarraitzen du sarriegi. Kasurik hoberenetan, bideoren bat txertatzen da, edo argazki galeria bat, baina idatzizko testut baten bueltan antolatzen dira sarrerak. Gutxitan ikusi izan ditut bideoan grabaturiko elkarrizketak, ez badira telebistaren baten webgunean..

Etzi.pm-rako ere, ekarpenak nolakoa izan behar zuen galdetu nuenean, erantzuna argia izan zen: gai aldetik zeuden aukerak zehaztu eta “gutxienez 1.500 karaktere izan behar dira (hasi orduko bukatu alegia)” etorri zitzaidan bueltan. Ez zegoen idatzita, baina orain arte argitaratutakoak ikusita, 1.500 karaktere horien hasieran irudiren bat jarri beharko dudala iruditzen zait, bestela sarrerakoa ez baita elegante geratzen.

Barneratuta dugu sareko guneek nolakoak behar duten izan; non joan behar duen argazkiak, non bideoak, zertarako behar duen audioak.

Zergatik ezin du etzi.pm-rako egindako sarrera batek 1.500 karaktere izan beharrean minutu eta erdiko audio pieza bat izan? Zergatik ezin du 2 minutuko bideo bat hartu, edo 5 argazkik osaturiko lan bat, edo baliabideok nahastuta, 2-3 minututan ikusi/entzun/barneratu daitekeen ekarpen bat.

Idaztea eskolan ikasitako zerbait da, baina jendaurrean hitz egiten ez dugunez ikasten, erritmoa edo estiloa ezartzea zailagoa dela iruditzen zaigu. Geure burua bideo baten azaltzean edo norberaren ahotsa entzutearekin asko ez gara eroso sentitzen eta gainera edozein edizio edo zuzenketa egitea askoz errazago izaten da idatzizko lan batean.

Hartzaileak idatzizko testu bat diagonalean irakurri dezake, zertaz doan dakiteko; hitz bat topatzeko, irakurketa azkarra egiteko aukera ematen dio, edo sakonki ere irakurri daiteke. Arreta gehiago eskatzen du irakurtzeak entzuteak baino. Entzun, beste edozein jardueran gabiltzan bitartean egin daiteke, hainbat etxetan irratiarekin gertatu ohi den bezala, baina testu luzeak erraz jaso ditzakegu. Ikus-entzunezkoak aldiz, beste modu batean murgiltzen gaitu, imajinazioari tarte gutxiago utzi eta sentsazioak gehiago bideratuz…

Komunikatzeko modu bakoitzak bere ezaugarriak dauzka eta horietaz baliatu beharko ginateke, landu nahi dugun pieza horrek bere helburua ahalik eta hobekien bete dezan. Badugu garaia sareak baliabide ezberdinak eskaintzen dituela sinesteko eta baliabide horiek erabiltzen hasteko.

Nor izango da sarrera errezitatua egitera animatuko den lehena?

Irudia: Exprai exprai.com

Irakurri Offline: