I. FOSS Drama: Elementary OS eta Bolizko Dorrea

portada — 2015-02-18
Irakurri Offline:

FOSS, Free and Open-Source Software, hemen software librea bezela ezagutzen duguna. Ekimen kolektiboa, enpresa kapitalistak kodea sozializatzera behartzen dituena, bolondresez osatutako enpresa izugarria… marabillosua litzateke bitzitza ur azpian izebergaren potoloa dagoenaren ezjakintasunean. Atal berri honetan, zuen baimenarekin, ur sakonetako errealitate hotz eta gazi goilarakadak ekarriko dizkizuet, zuekin:

FOSS DRAMA!  Software librearen alde iluna! Ikusi software libre garatzaileen arimen triskantza… interneteko foroetan!

Interneta dramaren berezko ekosistema da, hori bazekiten Grezia Klasikoan [1]. Badu zeozer avatar baten itzalean troll-arena egiteak, bada bestetik CSCL Globe tamainako egoa duenik ere, eta (batez ere)  Internet gehien erabiltzen duen animalia dago: katutxoak gizakia. Horri software librea bezelako enpresa batek eskatzen duen borondatea, pasioa, gastuak, denbora, arazoak… gehitzen badizkiogu… ba noizbehinkako tsunamiak izaten ditugu. Interneteko foro eta email zerrendetan.

Mitologia eta epika bat existitzen da dramaren inguruan gainera. Linux-aren sortzailea, Linus Torvalds, 81. mailako drama zaldun zuria da, ezpata bezain zorrotz duen mihia sarritan astintzen duena. Benetan ari naiz, egunen batean ekarriko dizkizuet bere kondairak. Eta hori lehenengo adibidea besterik ez da!

Ireki begiak eta begiratu gainazalaren azpian: Software librearen deabruak arimak behar ditu, garatzaileen arimak. Egunero.

Noizbehinka zuentzako (akaso) arrotz diren urrutiko uretako drama pasarteak ekarriko dizkizuet, ea gustatzen zaizuen proiektutxoa! Hasteko asteko (kar kar kar) lehenengo polemika:

Elementary OS eta Bolizko Dorrea

Elementary OS Ubuntun oinarritutako GNU/Linux distribuzio bat da. Ubunturi gainean jarri dioten jantzi bat, labur azalduta. Elegantea, sinplea… oso Mac. Asteburu honetan, bertsio zein webgune berria prestatzen ari direlarik, elementary OS deskargatu aurretik laguntza ekonomikoa iradokitzen duen widget bat jarri dute. Borondatea eskatzen dute, 0 (zero) jarri eta arazorik gabe deskargatu daitekelako. Ba bale, baina non dago arazoa orduan? Arazoa widget hori azaltzeko idatzi duten blog bidalketan dago. Goian ikusi duzuen irudia bidalketa horren argazki bat da, polemikaren jatorria (zero gunea edo epizentroa) adierazita:

We want users to understand that they’re pretty much cheating the system when they choose not to pay for software.

“Softwarea ez ordaintzea sistemari iruzur egitea” dela diote.

Gogoratzen duzue zer zen elementary OS ezta? Ubunturen soineko bat. Hau da, tipo hauek euren Bolizko Dorreko tontorretik zera uste dute: beraien fondopantaila instalatzeagatik dirua zor diegula. Esan diezaiotela Werner Koch-i.

Irudikatuko duzuen bezala, Internet barrunbeetatik zetorren orru bat entzun zen: Tsunamia.
Reddit [2] [3], Twitter [4], HackerNews [5], blogak [6]… Hainbat bozgorailu topatzen ditu, beti, dramak. Eta olatua hazi eta hazi. Eta orduan idatzitakoak desagertzen hasten dira. Polemikaren iturburu izan zen bidalketa lehenengoa, eskerrak Internet Archive [7] dagoen (badirudi batzuri ahaztu egiten zaiela). Eta moderatzaile diren foroetako mezuak dira hurrengoak, eta blogetako iruzkinak, eta … ameskaiztoa. Zeren eta Interneten ezin da ezer ere ez desagerrarazi.

Gauzak nola egin behar ez diren erakusten digun pasadizoa. Kolpe gogorra jaso du proiektuak publikoki, beren jarrera prepontenteak [8] ez die basoa ikusten uzten, eta orain basoak bizkar emango die. Nola diren gauzak!

Hurrengoan beste kondaira bat ekarriko dizuet, badut bat buruan super-epikoa eta urteetan zehar hainbat garatzaileren arima irentsi eta gorpua odolustu duena. Ez da gutxi, latitude hauetan horrelakoa byte da bitzitza, gogorra da ur eta lur berrien esplorazioa.

Argi ibili eta hurrenarte!

[1] Ez dakit zer espero zenuen xD
[2] http://www.reddit.com/r/linux/comments/2vi6qo/you_are_a_cheater_if_you_download_elementryos_for/
[3] http://www.reddit.com/r/elementaryos/comments/2vk5ba/elementary_os_devs_say_youre_cheating_if_you_dont/
[4] https://twitter.com/search?q=elementaryOS
[5] https://news.ycombinator.com/item?id=9049592
[6] http://blog.funnelfiasco.com/?p=1652
[7] https://web.archive.org/web/20150211134734/http://blog.elementaryos.org/post/110645528530/payments
[8] http://i.imgur.com/PH8Mh1a.png

Irakurri Offline: