Parte-hartzearekin bueltaka ibili nintzen pasa den mezuan, nioen parte-hartzeari buruz hitz egiterakoan kontuan izan behar direla hainbat aspektu, parte-hartzea bultzatzeko helburuak oso ezberdinak baitira. Kooperatibak direla parte-hartze demokratikorako figura esanguratsuena iruditzen zaidala ere nioen. Baina ai kooperatibak! Zenbat kooperatiba ditugun inguruan izaera juridiko hutsa dutenak kooperatibo!

Nork. Zer. Nola. Zergatik. Zertarako.

5 galdera. Kooperatiben funtsa deskribatzeko nahikoa ditugu 5 galderok. Gure izatea zalantzan jartzeko soberan.

 

Nork?

Subjektu aktibo eta antolatuak izan behar dira kooperatibako protagonistak. Proiektua bere sentitu behar dute, dagozkien eskubide eta betebeharrak bere gain hartuz.

Hezkuntza integrala gakoa izango da bide honetan, hezkuntza tekniko, soziologiko eta filosofikoa. Profesional onak izateaz gain, kooperatibistak izan behar baitira kooperatibako kideak.

 

Zer?

Gizartearen beharrei erantzungo dien kooperatiba izan behar da. Gizarteko pertsonengan ez ditu soilik kontsumitzaileak ikusi behar, komunitateko kide, beren beharrak asetzeko helburua izan behar du kooperatibak.

Kooperatibaren produktua bera ere izan behar da bere printzipioen koherentea. Autoeraketa ekonomikoak ekologikoa ere izan behar du, ezin da helburu ekonomikoen bila edonola edozer ekoitzi. Guztiak izan behar du logika bera.

 

Nola?

Parte-hartzean oinarrituta. Parte-hartzea dimentsio guztietan, norbanako guztien eskutik. Kooperatiben ekarpen nagusia seguruenik parte-hartze instituzionala da, organo sozialen bitartez bermatzen da kooperatibako (baz)kideek ahotsa eta botoa izatea. Hala ere, egia da kooperatiben dimentsioek eta egungo enpresa errealitateek bilerak eta organo sozialetako parte-hartzea murrizten dutela. Horregatik, hainbat erakundetan egiten ari diren gisara organoen funtzionamendua optimizatu eta parte-hartzea eraginkorragoa (eta errealagoa akaso) izatea lortzeko estrategiak bilatu behar dira.

Kooperatiba gehienetan, baina, lanpostu mailako parte-hartzea ez da gehiegi landu, azken urteotan indartzen ari den arren. Aspektu horretan erakunde kapitalistek badirudi aurrea hartu dietela, helburu ekonomiko eta efizientziara begirakoak izanda.

Parte-hartze integrala behar da, beraz. Parte-hartzea lanpostuan, kudeaketan, jabetzan eta emaitzetan.

 

Zertarako?

Galdera garrantzitsuena, oinarrizkoa, nire ustez. Kooperatibak ez dira enpresa hutsak, beren helburua ez da arrakasta ekonomikoa. Arrakasta ekonomikoa tresna hutsa da, gizartearen garapena, eraldaketa soziala, errealitate bihurtzeko.

Komunitatea ardatz eta helburu du kooperatibak, demokrazia ekonomikoa, ongizatea eta pertsonen garapena bultzatuz. Lekuko komunitateko parte izanda, gizarte eragileekin lankidetza bultzatu nahi du, enpresatik harago joateko bokazioz.

Egungo gizartean, kooperatibak ez ditugu soilik erakunde edo enpresa gisa ulertu behar. Lan-komunitateak komunitate handiagoan hartu behar du protagonismoa, bera ere subjektu antolatua izan behar da, herrigintzako eragileetako bat izan behar da. Ezin du kooperatibak irla bihurtu, eta bere ongizate propioa elikatu, inguruneko beharrei erreparatu gabe.

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude