Paraleloan (II): Kutxa paraleloa

jendartea — 2015-02-06
Irakurri Offline:

Artikulu hau eta ondoren etorriko direnak, “Paraleloan (I): Kokapena” artikuluan azaldutako ideia garatzeko saiakerak dira. Luze idatz daiteke sistema paraleloa sortzeak alor bakoitzean eman ditzakeen lanez, berauen egingarritasunaz zein ezaz; baina zantzu orokorrak azaleratzea da ariketa honen helburua. Gaur diru kontuez arituko gara, kutxa paraleloaz hain zuzen ere.

Sistema paraleloa sortzeak, egungo finantza sistema globalaren barrenean finantza sistema propioa sortzea ere badakar. Egun edozein gobernuk duen sistema propioaren antzeko zerbait izan beharko luke gureak (nahiz eta ondasunaren banaketa eta diru publikoaren funtzio sozial arras desberdina eduki), izan ere, sistema honen parte liratekeen norbanakoek ere pentsioak kobratu beharko lituzkete, errepideak erabili, ospitale eta osasun zentroetara joan, umeak ikastolara bidali,… Alegia, egun dauden azpiegitura eta baliabideak partekatu eta egun lorturik dauden hainbat eskubide bermatzeko kutxa propioa izan beharko genukeela. Eta berdin enpresei dagokienez. Hauek ere egungo sistematik berrirako jauzia emateak beraien premiak asetzeko erramintak izatea eskatuko luke.

BEZ-a:

Kutxa kolektiboa betetzeko ohiko hainbat erraminta erabili beharko genituzke (baldin eta gure artean ekonomistaren batek formula berri bat asmatzen ez badu) eta horietako bat Balio Erantsiaren Zerga litzateke. BEZ hau baina, egungo sisteman pairatzen duguna baino sozialagoa izan beharko litzateke (egoera desberdina pairatzen duten pertsonei era berdinean aplikatzen zaien zuzeneko zerga bati alde sozialik bilatzerik bada behintzat). Eta ez bakarrik portzentaian, produktuen sailkapenean ere. Oinarrizko produktuen birkatalogazio bat egin beharko litzatekeelarik. Baina badira arazoak ere. BEZ sistema bat ez baita hala hola sortzen, eta espero baino erronka handiagoak plantea baititzake. Adibidez beste sistemekiko desfasea konpentsatzea. Esaterako %21ean erosi Leonen eta Amezketan %14an saldu edo Bilbon %21ean erosi eta Bilbon bertan %14an saldu. Izan ere, lurraldetasunaz haratago doan kontzeptu honek, multisistemaren kontzeptuak, espazio berean sistema desberdinen parte diren elementuak elkarrekin interaktuatzea baitakar. Azken kasu honek baina besteekin aldaratuz gero, ez du ariketa mental batetik haratagoko esfortzua eskatzen.

etzi4

Pertsona fisikoen eta enpresen gaineko zergak

Pertsona fisikoen kasuan, BEZ-ak ez bezala, tresna fiskal honek norbanakoen premiei aukera handiagoak eskaintzen dizkigu progresibotasunari esker. Enpresei dagokienez, batzuek dituzten abantaila fiskalekin bukatu eta zerga politika sendoago bat aplikatu beharko litzateke.

Eta hemen hasiko litzateke zirkua; ados dauden langileak, ados ez dauden enpresarientzat lanean vs ados ez dauden langileak, ados dauden enpresarientzat lanean. Hau da, inguruan ditugun enpresa txiki eta ertain ugari osorik pasatuko lirateke sistema honetara edo osorik ez bada langileriaren portzentai altu batekin. Kasu honetan oso erraza da akordioa, enpresetan urteak daramatzaten langileei ohiko sisteman kotizatzeko aukera eskaini beharko litzateke, hauek erretiratu ahala sistemaren parte direnak hartuz langileriaren %100era iritsi arte.

Eta beraien langile batzuk ohikoa ez den beste sistema baten kotizatzeaz ados ez dauden enpresarientzat lan egiten dutenak? Kasu honetan, aukera desberdinak daude. Lehena, aukerarik onena eta aldi berean zailean, sistema berriaren parte diren enpresetan ohiko sisteman kotizatu nahi dutenekin langileak aldatzea. Kromo trukea alegia. Bigarrena, kontrako enpresariek ukatu ezin duten neurria, hau da, sistema berrian kotizatu nahi duten langileek zaharrean derrigorrezko minioa kotizatzea (gainontzekoa kutxa berrira). Eta hirugarrena eta txarrena, langile horien kotizazioak galdutzat eman eta kostua asumitzea.

Eta funtzionarioak? Hor beste erronka bat. Sistema berriak ere beharko lituzke funtzionarioak, beraz batzuk erraz bilatuko lukete beraien lekua, baina ez denek. Beraz, argi dago funtzionarioekin ze formula erabili asmatzeko lanketa sakonago egin beharko litzatekeela.

Banku propioa:

Edozein sistema ekonomikok behar du bere banku propioa. Fiare bezalako ekimenak eredu hartu eta teknologia berriek zein nazioarteko finantza sistemak eskaintzen dituen erraminta erabilgarriak baliatuz, kutxa publiko baten funtzioak beteko lituzkeen finantza erakunde propioa sortzea ezinbestekoa litzateke. Sistema honen parte diren norbanako, elkarte eta enpresen beharrak asetzeko jaiotako erakundea, ez akziodunen etekinak lehenetsiko dituena.

etzi3

Pentsio sistema propioa:

Sistema garatuenek bezala, gure pentsio sistema propioa ere izan beharko genuke behin jubilatu ostean egunerokotasunari duintasunez aurre egiten lagunduko digun prestazioa jasotzeko. Puntu honetan baina, aurrekoetan ez bezala, egungo sistemari etekina atera behar diogu. Beste era batera esanda, ez ditzagun asumitu egungo sistemak jadanik asumituta dituen pentsiodunak (ez behintzat %100ean) eta osa ditzagun beraien pentsioak gureak ezartzen duen gutxiengora iritsi arte (altuago izango baita). Adibidez, egun Espainiar edo Frantziar estatuak 600 euroko pentsioa ematen dion jubilatuari, gure sistemak falta zaizkion, demagun 400 euroak, emango dizkio gure gutxiengoa 1000 euroko izanez gero. Honela, lehen urteetan aurreztuko genukeen diru kantitatea garrantzitsua izango litzateke.

Eta antzeko zerbait gertatzen da urte luzez lan egin ostean jubilaziorako urte gutxi batzuk falta zaizkien langileekin. Hemen kalkulu baten bitartez, ohiko sisteman kotizatzen “uztea” komeni den segmentua kalkulatuko litzateke. Hau da, 55, 56 edo 57 urtetik gorakoak, egungo sisteman mantendu, jubilazioko prestazioa jaso eta honek sor ditzakeen aurrezkiekin sistema indartsuago bat eraiki. Errentagarritasunaren grafikoen eta apalakamenduaren formularen esentziak dituen ariketa bat planteatzen du atal honek, baina tamalez unibertsitatean ez genuen honelako kasurik landu.

EPSVak, moneta sozialak, teknologia berriak, herrialde baten barne gatazkei erreparatu gabe dirua irabazteko prest dauden merkatuak edo kanpo agenteak… Aurreko kasuak lantzeko mila eta bat baliabide eskaintzen dizkigu XXI.mendeak. Batzuk egokiago, beste batzuk moldatuak izateko premiarekin. Gehienak begien bistan ditugu, esku-eskura; baina ez ahaztu imajinatu zein sortu ez ditugun tresna horiekin, etorriko dira eta.

Etorri bitartean argi dagoena da kutxa propioa ezinbestekoa dugula behar propioak asetzeko, ez hirugarren batzuen kapritxoak denok ordaintzeko. Gainera, ziur pertsonako batazbeste diru gutxiago ipinita askoz ere lan handiago egin daitekeela gizarte hobe bat eraikitzeko. Gakoa, dirua non ipini ondo aukeratzean datza. Sistema paraleloak ez luke erreparorik izango ikastetxeetan, ospitaleetan, errepideetan, kulturan, urbanismo jasangarrian, I+Gan, erakundeetan, polikiroldegietan, euskararen indartzean, zein beste mila alorretan egun bataz beste buruko ipintzen den diru kopurua baino gehiago ipintzeko orduan. Are gehiago, ziur egungo sistemak bideratzen duena baino diru kopuru handiagoa bideratuko lukeela. Baina sistema paralelo honek ez luke xentimorik jarriko ordezkatzen ez gaituen monarkia bat mantentzeko, ezta Europa osoan 1000 biztanleko polizia batazbesteko handiena mantentzeko ere, ez militarren tankeak erosteko, ez bankarien kapritxoak ordaintzeko, eta are gutxiago porlanaren jainkoei alferrikako aireportu, super-portu, tren laster eta antzekoekin eskaintzak egiteko.

Irakurri Offline: