Kopia: zentzua biguntzen

jendartea — 2015-03-09
Irakurri Offline:

Erraza da softwarea kopiatzea, norbere atzamarren joku labur zentzugabe bat.
Berehalakoa, kostu gabea.
Ctrl+C eta Ctrl+V.
Kitto.

Softwarearen kasuan ez bezala, informazioa kopiatzea ez da nahikoa hardwarea kopiatzeko. Lehenengo pauso bat baino ez da informazioarena gauzak biderkatzeko orduan, berau erreplikatzeko instrukzio edo prozedurak biltzearena. Hardwarea kopiatzeak informazio horren sintesia behar du materialean: dela eskuz prozedura norberak jarraituta materiala moldatuz, dela prozedura horrek jarraitzen dituzten makinen bitartez automatizazioarekin.

Izan ere, berehala kopiatu ezin daitekeen hori bezala definitu dezakegu hardwarea. Baina, denbora eta bitartekoen inbertsio horrek ez dauka zertan txarra izan. Dena-delako gauza fisiko bat kopiatzeko bide guztiek ekarri izan dute aldi berean nolabaiteko zentzu bat eraikitzea.

Norbere trebetasunen garapenaren bitartez bizilagunen behar zehatzen asetzeko bidea artisau klasikoaren kasuan (adib., arotza). Edo kopia industriala hartzen badugu, kopiatze sistema martxan jarri, mantendu eta hobetzera daraman enpresa edo gizataldearen antolaketa, atxikitako ezaugarri sozial eta, batez ere, ekonomikoekin.

Teknologia berriak hardwarea biguntzera datoz, hardwarea kopiatzeko sintesi pausua gainditzera. Hauen artean 3D inprimagailuena da adibiderik garbiena: kamera bitartez gauza bat eskaneatu dezakegu eta informazio hori material konkretu batzuetan sintetizatu. Guztia denbora eta bitarteko inbertsioaren kostua izugarri jaitsi duten teknologien bitartez eta inbidualki egingarriak. Edo Txinatarren ekonomiaren pixu handi bat kostu-baxuko kopiatze prozesutan oinarritzen dela gauza jakina da. Hardware biguna deitu diezaiokegu bizkor zabaltzen ari diren sintesi kostu txikia daukaten gauza hauei guztiei.

Etorkizuneko mundu bigundu edo sasi-birtual horretan zentzua eraikitzea izango da erronka. Nekez egingo da hori kopiari mugak ezarririk. Gizakiak onartzen ez duen mundua aldatzea du xede, hortaz, aldaketa horiek geroz eta errazago egin eta kopiatu/zabaldu ahala, zentzu bat aurkitu beharko dio hardware bigunaren prozesuei edo kopiatu ezin daitezkeenen inguruan eraiki beharko du bizitzaren zentzua: norbere pentsamenduaren originaltasunean, sormenean edo denboraren mugatasunean.

Irakurri Offline: