Laban posibleak (Orbana)

portada — 2015-03-16
Irakurri Offline:

Ezkerreko Burusoil Bizarroen Batza deitu diogun ilebako idazleen sortarekin jarraituz aurreko sarreran China Miéville-en The City and The City ekarri genuen gurera. Gaur haren beste lan bat ekarri dugu, weird fiction-aren adibide bikain, estraino eta zirikatzailea.

Orbana du izena China Miéville-en Bas Lag trilogiaren bigarren eleberriak (The Scar).

Perdido Kaleko Geltokiaren (Perdido Street Station) exotismo alienigena urbanoaren eta Burdinezko Kontseiluaren (Iron Council) nolabait erabat lortu gabeko anbizioaren artean kokatzen da diegetikoki, mundu eta Historia beraren baitan, nahiz eta beste pertsonaia batzuetan kokatuta egon.

Ziurrenez hiru lanetatik borobilena da Orbana. Irakurri ahala harridura eta miresmena sortzen dituena, eta irakurri ondoren irakurlearengan etengabeko itzulerak sustatzen dituen idazlana. Perdido Kaleko Geltokiko pertsonaiak ere irakurlearekin gelditzen dira, bihotzean tokitxo bat eginda, eta Burdinezko Kontseiluak sortutako sentimenduak (amorrua, itxaropena, galera…) ere ezin dira guztiz kendu, baina Orbanak ideiaz kutsatzen du ezinbestean. Odolarekin nahastutako birus bat bailitzan, eraldaketa organikoak eragiteko gaitasuna du.

Ideia-birus kutsakor askoak ugari dira liburuan zehar. Moskito-gizon/emakumeen irla, hiri mugikorra, Maitaleak, konspirazio arkanoenaren atzean dagoen realpolitik ekonomikoa… Ideiaz jositako lana da, eta ideiek josten dute narrazioa bera. Bikain. Ezinezkotasuna seriotasunez aletuz, fikzio zientziaren tradiziorik onenean. Dentsotasuna, abiadura eta estrainotasuna konbinatuz irakurlea etenik gabe kolpatzeko inposiblearen agerpen sinesgarriekin.

Baina bada ideia bat agian bereziki interesgarria dena gurean.  Uther Doul pertsonaia karismatiko bezain misteriotsuak darabilen ezpata posiblearen ideia. Eta areago, pertsonaiak ezpata honen erabilerari buruz proposatzen digun hausnarketa. Ezpata bat baino, bi ezpata baitira. Edo hobe esanda: bi eratara erabili daitekeen ezpata.

Lehen ezpata ezpata bat da. Abileziak, indarrak, abiadurak, erreflexuek gidatua. Kolpeen zorroztasun eta zehaztasunean oinarrtzen dena. Non gogoa han besoa.

When I attack with a dumb weapon, I´m an executioner. My blade lands in the space I decide, and not to either side. That´s how I learned to fight; it would be a stupid waste of power to use the Possible Sword so. So when I finally found it, after a very long time of searching, I had to learn swordmanship again. A very different art: skill without precision.

Bigarrena baina, ezpata posiblea da. Abilezia bai, baina zehazgabetasuna behar duena. Aintzinako Mamu-buruaren Inperioak utzitako teknologia erabiliz probabilitateak erabiltzaileen esanetara makurtzeko gaitasuna duena. Ehunka kolpe ezbedin posible izatera iris daitezkeen mugimenduetan oinarritutako guda-dantza. Anbiguotasunaren borroka, aurkariaren erreakzioaren arabera posibilitateak kalkulatu eta azken gorpuztea mugimenduaren amaieran soilik ematen duena.

Fighting with a Possible Sword, you must never constrain possibbilities. I must be an opportunist, not a planner – fighting from the heart, not the mind. Moving suddenly, surprising myself as well as the opponent. Sudden, labile and formless. So that each strike could be a thousand others, and each of those nigh-swords is strong. That´s how to fight with a Possible Sword. (…) So I am two swordsmen.

Uther Doul

 

Baina bada agian hirugarren ezpata bat. Nobelan azaltzen ez dena. Lehen bi mugimenduetatik haratagoko mugimendua: ezpata zorrotik ez-ateratzearena. Ezekintza. Ezpata zorrotik atera gabe borrokatzea. Ekin gabe ekitea.

Eleberrian Uther Doulek maisuki darabiltza hiru ezpatak. Inoiz hala aitortzen ez digun arren.

Eta gurera ekarrita, galdetu nahi nuke ez ote garen lehen ezpataren erabileran trebatu, zaildu, zentratu. Zehaztasuna, zorroztasuna bilatuz, entrenatuz gure diziplina eta tradizioetan, arerioari azkar erantzuteko kolpez kolpe. Bigarren ezpataren teknologia aspaldi dugu gurean: probabilitatea, indeterminazioa, zehazgabetasunak dakarren aukeren multiplikatzea, eszenatokiak biderkatzeko gaitasuna, historikoki eta sozialki kokatutako gatazken garapen beti singularren aurrean erantzunak moldatu, aldatu eta birdefinitzeko aukera. Gutxiago baliatzen duguna agian.

Eta hirugarren ezpata hau, ezpata ez den ezpata, apenas asmatzen dugu erabiltzen. Ezekintza eraldatzailea baino pasibitatean jardunez, edo aktibismo itsuz ekinez gure kolpeen aurrean barre besterik egiten ez digun errealitaterik latzenaren aurrean.

Kate guztiak ez badira berdinak. Zergatik ez saiatu ezpata posibleak? Ez al ditugu behar ezpata, laban, mailu, guraize posible guztiak?

Joseba Sarrionandiaren Esklabu erremintaria poemak, hala zioen:

Sartaldeko oihanetan gatibaturik
Erromara ekarri zinduten, esklabua,
erremintari ofizioa eman zizuten
eta kateak egiten dituzu.
Labetik ateratzen duzun burdin goria
nahieran molda zenezake,
ezpatak egin ditzakezu
zure herritarrek kateak hauts deitzaten,
baina zuk, esklabu horrek,
kateak egiten dituzu, kate gehiago.

Gure herri gorputzak daramatzan orban posibleak ere laban posiblez eginak izan dira.

Lotzen gaituzten soka posibleek laban posibleak eskatzen dizkigute agian. Askatuko bagara.

So… we are three swordsmen…

the-scar

 

 

Irakurri Offline: