II. FOSS Drama: Arduino CC vs ORG

portada — 2015-04-22
Irakurri Offline:

Hilabetez dramoi eder baten bila ibili ostean Tirreniar itsasoaren [1] uretan topatu dut oraingoan kontatuko dizuedan kondairaren protagonista mitologikoa. Zuekin:

Arduinosaurus Kafkianensis piztia nardagarria*!

* ARDUINO CC vs ORG afera bezala ezaguna, baita ere

Wikipediak zera dio Arduinoari [2] buruz:

Arduino kode irekiko plataforma elektroniko bat da, software eta hardware erabilterrazean oinarritua. Proiektu interaktiboak egiteko asmoa duen edonori zuzendua dago.

Arduino sortu zuen taldea (Wikipediatik, CC BY-SA)
Arduino sortu zuen taldea: (atzean) Dave Mellis eta Tom Igoe; (aurrean) Gianluca Martino, David Cuartielles eta Massimo Banzi (Wikipediatik, CC BY-SA)

2005. urtean aurkeztu zuen Arduino proiektua lagun talde batek. Proiektua, garapena, komunitatea… irekia izan da eta izaten ari da, teknologia libreen filosofiarekin bat. Dena den, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzearren Arduino marka komertziala erregistratzea erabaki zuten, eta hala egin ere… Ameriketako Estatu Batuetan. Baina, hemen dator gibelaldeko labainkada, lagun hauetako batek aldi berean Italian erregistratu zuen marka. Kasualitatez, Arduino plakak ekoizten dituen eta jabe den faktoria dagoen herrialdea da.

fry_susmagarria

Urteetan zehar eta teknologia librearen flower-power-a dela medio gatazkarik gabe aritu izan dira: Arduino plaka ofizialak Italiakoak dira, lagun hauetako baten faktorian ekoiztuak eta bere enpresaren bitartez salduak. Aldi berean enpresa honek royalty-ak ordaintzen dizkio Arduino talde/komunitateari (.cc) [3].

Arduino taldeak (.cc) plaken ekoizpena beste faktoria eta herrialdeetara zabaltzeko (barne) mugimendua egiterakoan (Arduino proiektua ekonomikoki bermatu eta auspotzeko maker/elektronika enpresa ezberdinekin hitzarmenak egin nahi izan zituztenean ) ametsa ameskaizto zela ohartu ziren: patente/marka gatazka internazionala zuten eskutartean.

Bestalde, hau gutxi balitz eta dirudienez, mozkina murriztuko zitzaiola ikusita, Italian marka erregistratua zuen eta plaka ekoizle faktoriaren jabe den lagunak royalty-ak ordaintzeari utzi zion duela urte eta erdi. Detaile honek ihes egin zion Arduino taldeari (.cc), flower-power lanbro artean murgilduta.

Eta azkenekoz, kondaira hau idazterako egunean behintzat, kontraerasoa prestatu zuen, gainera, duela hilabete batzuk (2014 amaieraldean). Zirt-zart batean arduino.org [4] webgunea martxan jarri eta zilegizko Arduino orijinalak bereak zirela aldarrikatu zuen, prentsa-ferekatze kanpaina abiatu zuelarik. Prentsa kanpaina honek Italian oihartzun handia izan du, eta nahaste-borrastea oraindik gehiago kakaztu du.

Baina badirudi Arduino taldea (.cc) jakinaren gainean zegoela eta auzia prestatzen ari zirela abokatu eta guzti. Dena den, lagun honen azken labankada honek prozesua bizkortu eta publizitatzera behartu ditu, eta hau izan da azken asteotan Internet barrunbeetatik entzun ahal izan degun orrua eta piztiaren arrastoaren atzetik jarri nauena.

Adi, beraz, hurrengo asteotan mugimendu handia izango baitugu Tirreno itsasoan. Dagoeneko enpresa ugari ari dira beren posizioa “adierazten”, zeharka, oraindik auzitan sartzeko aukera dute eta, badaepada ere. Enpresa, kolektibo, webgune… ezberdinek babes kanpainak sustatu dituzte, erositako Arduinoei argazkia ateratzearena adibidez [5], zeinetan copyright-a Arduino.cc taldearena dela frogatzen den.

Honaino ba Arduinosaurus Kafkianensis piztia mitologiko nardagarriaren kondaira. Ea hurrengoan zer arrantzatzen dedan!

PS: Arduinoren etorkizuna bermatua dago, teknologia mundua aldatu baitu dagoeneko eta gauza izugarriak egin eta partekatzera bultzatu bait ditu ehundaka milaka benetako lagun. Enpresak, kolektiboak, banakakoak… babes izugarria izango du Arduino.cc-k prozesu narrrats guzti honetan zehar eta azkenean dena argituko da, teknologia eta ezaguntza librearen onurarako, ez dut zalantza izpirik!

Bibliografia:

[1] https://eu.wikipedia.org/wiki/Tirreniar_itsasoa
[2] https://eu.wikipedia.org/wiki/Arduino
[3] http://www.arduino.cc/
[4] http://arduino.org
[5] https://blog.adafruit.com/2015/04/19/please-post-old-arduino-packaging-that-says-manufactured-under-license-from-arduino-teamarduinocc/
Info +
[6] http://blog.arduino.cc/2015/04/20/want-to-help-arduino-cc/
[7] http://hackaday.com/2015/04/19/your-arduino-packaging-could-sway-a-court-case/
[8] https://www.reddit.com/r/arduino/comments/339aro/adafruit_post_your_old_arduino_packaging_to/cqiuzyc

Irakurri Offline: