Entzuten da askotan, kontsumo erabakiak erabaki politikoak direla, kontsumitzaileak boterea, edo arrazoia, bere esku duela etab. Bai baino ez.

Badira bi edo hiru urte “kontsumo kolaboratiboa” deituriko kontsumo partekatu ereduak ugaltzen hasi zirenetik, mundu mailan oso ezagun egin diren adibideetatik, Uber, Airbnb, Trip4real, edo hurbilago ere sortu diren generazio berriko kontsumo kooperatibetara, Goiener, Fiare eta antzekoetara. Denak partekatze ekonomiaren ideia berdinean kokatzen dira, baina inondik inora ez dira berdinak. Badugu lehen lan bat beraz: “coolkeria” nabarmenez modako kontzeptu ekonomiko berriak sortzeko ohikoa izaten da kontzeptu hauek edukiz hustu eta oso ezberdinak diren proiektu eta ekimenak bertan sartzea horrela esanahia sortzeko, eta horregatik beharrezkoa dugu aurrera begira esanahi hutseko kontzeptu honetan eredu ezberdinak identifikatzea. Nik bi eredu behintzat argi ikusten ditut: Baliabideeen oparotasuna zentralizatuz errentak lortu nahi dituztenak, eta baliabideen kolektibizazioa bilatzen dutenak oparotasuna sortzeko.

Lehen eredua oso ezaguna da, eta kapitalismoaren birformulazio moduan oso modu azkarrean ari da zabaltzen mundu osoan, lehen aipatutako Uber edo Airbnb adibideen moduan. Artikulu honetan ez dugu gehiago sakonduko eredu honetan, aztertuko dut beste batean, eta gehiago begiratuko dugu bigarren eredua, etorkizun justuagoak eraikitzeko interesgarriagoa dena.

Kontsumo eredu kolektiboek bere horretan ez dute ekonomia eta jendartea eraldatuko, hori argi dago, baina esperientzia hauek zerbait erakutsi badidate da ekintzaren bidean jartzeko jende askori lehen aukera ematen diela, batzutan nekazari bati modu justuagoan barazkiak erosi nahi dizkiolako, energia oligopoliarekin nazkaturik energia kontsumo kooperatiba batean izena eman duelako edo bere aurrezkiak modu garden eta etikoan erabiliko dituen kreditu erakunde bat erabiltzen hasi delako, asko dira lehen pausoa emateko bideak. Eta horrek, pauso hori emateak gaur egun izugarrizko garrantzia dauka.

Hala ere bide hori lantzerako orduan badugu erronka handi bat, fragmentazioa gainditzearena. Izan ere gaur egungo jendarteak indibidualizaziorako joera nabarmena du, bereziki kontsumo eredu masiboan oinarritutako sistema kapitalistak horretara bultzatzen duelako, bere neurrira egindako gizarteak indibidualki ahalik eta gehien kontsumituko duten pertsonak behar baiditu. Egoera horretan kontsumo ereduan aldatzeko erabakiak hartzeak izugarrizko garrantzia dauka, bai na eraldatzailea bihurtzen hasten da, kontsumo eredua aldatzeko egituraketa kolektiboak lantzen hasten direnean, indibidualizazioa gaindituz, eta eredu alternatiboen arteko erlazioak identifikatu eta saretzen hastean, proiektuen fragmentazioari uko eginez.

Gure inguruan azken 4-6 urteetan, azken krisi kapitalistarekin batera, asko garatu dira eredu ekonomiko berriak, garapena paradoxikoki kontsumo proiektuetan gertatu da modu nabarmenean, baita finatziarioan, eta orain erronka sektore guztietara eta ekoizpen eta banaketara zabaltzea da. Kasu gehienetan proiektu txikietatik abiatuta, askotan tokiko garapenera bideratuak dira ekimenak, eta horregatik ekimen hauek txertatu behar dute bere baitan saretze lana, ezin dute tokian tokiko esperientzia bezala gelditu, benetan eraldaketa bilatzen badute. Zabalpenerako ordea ezin proiektuen hazkunde organiko estrategietan oinarritu, beste bideak behar ditugu, saretze lanean oinarritutakoak, Ekonomia Sozial Eraldatzailea saretuko dutenak, tokiko merkatu sozial errealak sortuz, eta hauek ere saretuz elkar elikatuko duten ekoizpen-banaketa-kontsumo kate berriak sortuz, balio sozialetan oinarrituak. Hortxe dugu etorkizuna marrazteko bide intereresgarri bat.

Saretze bide hori hasi dugu gure inguruan adibidez REAS, Olatukoop edo Basherri taldeen sareak, baina badira proiektu zehatz eredugarriak: Fiare, Coop57, Goiener etab. Krisi garaietan askotan entzuten den galdera da “Zer Egin?” Baditugu aukerak lan egiteko, landu ditzagun, etorkizunak pentsatu eta egitea gure esku dago.

[Artikulu hau Basherri sarearen fanzinerako idatzi nuen beste honen moldaketa bat da, ikuspegi ezberdinetik abiatuta]

Irudia:«Anticonsumismo» EdgarFabianoLan propioa. CC0  Lizentziapean Wikimedia Commons.

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude