Fantasmak

jendartea — 2015-07-21
Irakurri Offline:

Elkartu eta bortz minutura – tira, beharbada hamar izan ziren-, laguna hasi da mahai inguruan bildutakoak zirikatzen gaia atera dadin edo atera dezagun. Eta gaia jakina atera egin da. Nire lagunak soziologia irakasten du eta Diario de Navarra-n idazten du nohizean behinka, eta, haren hondar artikulua irakurtzean, mezu bat igorri nion haserre, hain zitzaidan onartezina iruditu testu hartan adierazitakoa. Ez nekien handi egun gutxira elkarrekin egoteko eta eztabaidatzeko aukera izango genuela, baina hala suertatu ziren gauzak. Beraz, bere artikulua eta nire mezua eta aldaketa politikoa aitzakia hartuta, gaia – betiko gaia: nazionalismoa, eta erabakitzeko eskubidea, eta independentziaren zilegitasuna – ateratzeko eginahal guztiak egin zituen nire lagunak, eta, erran bezala, gaia atera egin zen.

Une batean, lagunak leporatu zidan gaurko mundu globalizatuan lekurik ez duen proiektu zaharkitua dela hizkuntza bakar batean edo herri bakar batean oinarrituta estatu bat osatu nahi izata. Hizkuntza batean? Herri batean? Zer nahi duzue erratea, niri nekagarria egiten zait arerioaren imajinazioan baizik existitzen ez diren argudioei erantzun behar izatea. Arrazaren kontuarekin ere gertatu da, eta gertatzen da oraindik ere: nonbait norbaitek erabakitzen du euskal nazionalismoa tematuta dagoela euskal abizenekin, eta, ondotik, nazionalismo horri aurpegiratzen zaio arerioak ezarritako alegiazko helburu hori ez betetetzea. Behin, naffarroako Parlamentuan Barkatxo Ruiz, Maiorga Ramirez eta Juan Carlos Longas mintzatu ondotik, Amaya Zarranz PPko parlamentariak zera txiokatu zuen, ironikoki edo: “Ruiz, Ramirez, Longas, hirurak arras deitura euskaldunak”. Nor dabil abizenekin obsesionatua? Arerioak bere fantasmak egozten dizkigu, baina nire ustez, akatsa da fantasma horiek onartzea.

Subalternitateak – Jule Goikoetxeak berriki proposaturiko tesi polemikoari buelta emate aldera – ez gaitu euskaldun egiten; euskalduntasunak egiten gaitu subalterno, edo hala izan da historikoki. Subalterno nahi izan gaituzte, eta nahi gaituzte oraindik ere – horregatik, alkate batek euskaraz agurtzen badu, txistuka hasten da jendea-. Egia da, Goikoetxeak dioen bezala, alemanez egiteak ez gaituela aleman bilakatzen (halere, zilegi litzateke galdegitea non eskainiko zaizkion orrialde gehiago Herta Müllerri, Alemaniako literatura liburuetan edo errunaniakoetan); bilakatzekotan, berezko hizkuntza bertze bat duen baina alemana ikasi duen atzerritar bilakatuko gintuzke hizkuntza hori ikasteak. Nire ustez, baina, adibidea tranpatia da, alemana ez baita desagertzeko arriskuan dagoen mintzaira minorizatua. Euskara bai, ordea. Hain zuzen ere horregatik Euskal Herrian fikzio politiko eta kultura bat asmatu dugu: euskaraz dakiena – euskara ama-hizkuntza izan ala heldutan ikasitako hizkuntza – euskalduna da. Fikzio horrek, emankorra izateaz gain, badu egiazkoa – nolabait errateko – oinarri bat, euskara erabiltzen dugun guztiok berdintzen gaituen oinarri bat: gaur egun Euskal Herrian, – euskaldunzahar ala euskaldunberri izan – erabaki egiten dugu euskalduna izatea, euskalduntasuna ez da inolaz ere bide naturala. Eta, aspaldi honetan, erabaki horrekin batera badoa, nire iduriko, subalternoa izatetik gelditzeko eta, hegemonikoa ez bada, nagusia izateko nahia.

Nire iritziz, aikatsa da subalternitatea gure esentziatzat jotzea, nagusiak emandako lekua onartzea baita hori. Estatua osatzekotan, ez duguk soilik euskaldun garenok osatuko, bistan da; eta sortuko den estatuan hizkuntzek eta hizkunek elkarren ondoan eta elkarrekin lehian jarraituko dute: erran bezala, arearioaren fantasmak baita herri bakarra edo hizkuntza bakarreko ideia hori. Baina euskaraz eroso bizi ahal izatea – bigaren mailako herritarra izan gabe – da estatu bat eskatzeko nire arrazoietako bat – bakarra ez bada ere -. Eskakizun hori hala edo nola txertatu beharko litzateke euskal estatuaren proiektu politikoan, eta, alde horretatik, huts larria iduritzen zait, ustezko erradilkaltasunaren itxuran, euskalduntasunaren definizioa urtzea. Gure herritarrak izendatzeko kontzeptu politiko bat behar badugu, ez dut ikusten zergatik erabili behar den nahitaez “euskaldun”. Zergatik ez “baskoa”?

Eta orain banoa bazkaltzera. Sublaternitateak begano egin nauenetik, egunero sekulako txuleta jaten baitut.

Irakurri Offline: