Badira egun batzuk Hacking Team-ek jasandako ekintzak ziztu bizian zeharkatu zuela mundu osoa internet bidez konektatzen duen kable sare erraldoia. Segundo gutxitan hegaz egiten du informazioak munduaren punta batetik bestera, bidean izan ditzakeen kontrol eta peaje guztietan zintzo-zintzo datu guztiak gorde ondoren.

Horrelako eskandaluekin baino ez dugu lortzen informazioaren erabilpen interesatu hori konspirazioaren zoko ilunetik atera eta errealitatearen argi izpietara plazaratzea. Horrelako egun pozgarrietan baino ez dugu lortzen informazioaren erabilpenak dakarren botereaz hausnartzea.

Snowden, WikiLeaks zein antzeko eskandaluek miresmena sortzen digute. Munduaren alde ilun horretako praktika konspiratibo guzti horiek argitaratzeko ausardia eta inteligentzia duten ekintzek gure arreta bereganatzen dute. Baina miresmen horretatik haratago zalantza sortzen zait ea benetan irakaspenak klabe egokietan ateratzeko gai izaten garen edo ea beti azaleko miresmen eta salaketa antzuekin konformatzen garen.

Denoi balio digute horrelako egunek teoria konspiratiboak baieztatzeko eta hori ere noizbehinka eskertzen da: batetik,gobernu batzuek besteak kontrolatzen dituztela, polizia eta zerbitzu sekretuek herritarrak zelatatzen dituztela, enpresa multinazionalek gure kontsumo ohiturak jarraitzen dituztela; bestetik Hacking Team bezalako enpresen bezeroek informazio hori kontrol sozial eta etekin ekonomikoen helbururekin darabiltela.

Baina horrelako gertakarietatik irakaspen baliagarriak ateratzeko ezinbestekoa da gure buruei ariketa zein erronka egokiak planteatzea. Erantzun sinple eta ulerterrazen gainetik erantzun interesgarriak lortzeko ezinbestekoa dugu galdera egokiak planteatzea.

Galdetzen ote diogu gure buruari egungo jendartean eta une historikoan informazioak duen garrantziaz? Ez naiz ari mundua itzaletik kontrolatzen duten horientzat duen balioaz, hori beti presente dugu … guretzat duen balioaz baizik!

Hausnartzen ote dugu mundu berri bat eraiki nahi dugunontzat, herri burujabe bat eraiki nahi dugunontzat, informazioak duen garrantziaz? Eta ez naiz ari gure informazioa esku okerretatik babesteaz, hori presente dugu … guretzat interesgarri den informazioa nola biltzeaz baizik!

Imajinatzera iristen ote gara mundua itzaletik kontrolatzen duten horiek informazioa haien interesen arabera darabilten bezala guk gure interesen arabera nola erabil dezakegun? Eta zein mekanismo jarri beharko genituzkeen martxan hori egin ahal izateko?

Funtsean, galdetzen ote diegu gure buruei zergatik eta zertarako ote den informazioa hain baliagarria guretzat? Zertarako erabil ote dezakegun informazio hori? Zer egin beharko genukeen guzti hori martxan jartzeko?

Informazioarekin inteligentzia sortzen da, datu hutsen analisi eta lanketatik diagnostikoak, tendentziak, prospektibak, hipotesiak lortzen dira: kontsumoarenak , ekonomikoak, ideologikoak, laboralak , sozialak, … eta Hacking Team bezalako enpresen bezeroek ondotxo dakite hori. Horratx informazioaren balio ezkutua.

Estatuetako polizia eta zerbitzu sekretuek statu quo-arentzat arriskutsu izan daitezkeenen perfil pertsonal eta kolektiboak aztertzen dituzte, ondoren sailkatu eta gertatzen hari diren tendentziak aztertuz erabaki eta ekintza polizial ezberdinak non, nola eta zein norabidetan bideratu erabakitzen dute.

Enpresa multinazionalek jendearen kontsumo ohiturak aztertu, tendentziak aztertu eta prospektiban etorkizuneko aukerak aurreikusten dituzte, gure poltsikoetaraino zein produkturekin eta nola iritsi erabakitzeko.

Horretarako balio du informazioak, erabakiak bideratzen eta hartzen laguntzeko: datuak aztertu, hipotesiak egin eta egokien deritzogun norabidean erabakiak hartzeko. Erabakitzeko garaian burujabe izan nahi badugu beraz, ezinbesteko tresna izango da informazioa. Informazio gabe itsu-itsuan ariko ginateke estrategia ezberdinen inguruan erabakiak hartzen.

Kontuak horrela, ageriko dirudi edozein pertsona, mugimendu zein erakunderentzat oso preziatua dela informazioa eta honekin sor daitekeen inteligentzia. Ezin ukatuko diegu geure buru eta ametsei,beraz, informazioak eta honetatik sortutako inteligentziak norbere zein ingurukoen interesak babestu eta helburuak lortzeko daukan garrantzia estrategikoa.

Orduan, guk, behar ote dugu informazioa? Zein informazio behar dugu, zertarako eta zein erabaki hartzeko?

Etzi herri burujabe bat izan nahi badugu, ezinbestean, horretarako garrantzitsu diren gai ezberdinen inguruan (hizkuntza, ekonomia, jendartea, lurralde antolamendua, etab.) erabakiak hartu beharko ditugu, edozein enpresa multinazional, estatu, zein zerbitzu sekretuk bezala. Eta horretarako ezinbesteko izango zaigu ahalik eta informazio erabilgarriena izatea.

Badugu egun informazio hori biltzeko tresnarik? Norabide horretan lan egingo duen talde teknikorik ? Guzti hori martxan jarriko duen proiekturik?

Zeren edo noren zain gaude?

Etziko Euskal Herria eraikitzeko gaurko informazioak emango dizkigu giltza nagusiak, atera gaitezen kalera eta ekin diezaiogun erronkari!

Irudia: CC0 Public Domain

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude