Kontsumo kooperatibak Erkiden integratuak, baina nola?

bitakora — 2015-07-14
Irakurri Offline:

Gaur Erkideren [1] Ez-Ohiko Batzarra egin da Gasteizen, azken Ohiko Batzar Nagusia egin eta 6 astera [2]. Atentzio deitzen du Erkide bezalako sare-erakunde batek horrelako epe motzean bi Batzar Nagusi deitzeak, jakinda bertan parte hartzea mugatua dela, kasu gehienetan informazio faltak eta denbora disponibilitateak eragindako oztopoen ondorioz.

Harrigarriagoa da hala ere Ez-ohiko Batzarra deitzeko arrazoia, Kontsumo kooperatibak Erkiden integratzeko proposamena. Gaur egun  Erkide “Euskadiko Lan Elkarte, Irakaskuntza eta Kreditu Kooperatiben Federazioa” da, eta proposamenaren arabera Kontsumo Kooperatibak, gaur egun arte Erkide federaziotik kanpo izan direnak bertan integratuko lirateke, horretarako zenbait erabaki hartuz: 1) Kontsumo Kooperatiben integrazioaren onespena 2) Federazioaren izendapenaren aldaketa 3) Estatutu Sozialetako artikuluetan aldaketak 4)Kontseilari berriaren onarpena 5) Ahalmenen eskuordetzea.

Egiteko moduak eta azkartasunak sortutako sorpresaz aparte, a priori positiboa izan daiteke momentu honetan boladan dauden eta hazkundea izaten ari duten Kontsumo Kooperatibak beste kooperatibek osatzen duten Federazioan integratzea, izan ere Kontsumo Kooperatibak izan dira esperientzia kooperatibo askotan, Kataluniakoa, Herriberrikoa, Ingalaterrakoa, kooperatiba mugimenduen oinarri. Kontsumo kooperatibak izan dira kasu askotan langileen oinarrizko antolaketarako tresna garrantzitsu, eta ez da kasualitatea, historian kooperatibismoaren sorburu moduan identifikatzen den Rochdale Society of Equitable Pioneers [3] kontsumo kooperatiba bat izatea.

Sorpresa kezkagarria ordea 4. puntuan dator, kontseilari berriaren proposamenean. Erkideren Kontseilu Errektorean kide bat izango dute Kontsumo kooperatibek, eta lehen ordezkari hori Eroski S.Coop. izango da, gaur egun dagoen kontsumo kooperatiba handienetako bat, tamainagatik ere Erkideren estatutuetan bozka kopurua asignatzeko bazkide kopuruaren araberako goiko tartea aldatu behar izan delarik.

Eta asaldura zergatik? Gaur egun Eroski S.Coop juridikoki kontsumo kooperatiba izanagatik ere ez delako sortzen ari diren kontsumo kooperatiba molde berrien eredu, ezta ere garai batean agian izan zen langileen antolakuntza eta auto-hornikuntzarako tresna. Kontsumo Kooperatiben integrazioa burutzerakoan Erkidek bilatu duena masa kuantitatiboan irabaztea izan da? Ez litzateke hobe izango, kooperatibismoa tresna eraldatzaile eraginkor izateko beste mota bateko kontsumo kooperatibei presentzia ematea ordezkaritza bidez? Kooperatibismoa eraldaketa ekonomiko eta sozialerako tresna dela uste dugunok egin beharreko galderak.

[1] http://www.erkide.coop/

[2] http://www.erkide.coop/batzarra/index.php?id=eu

[3] https://en.wikipedia.org/wiki/Rochdale_Society_of_Equitable_Pioneers

[Irudia] https://en.wikipedia.org/wiki/Rochdale_Society_of_Equitable_Pioneers#/media/File:ToadLane2009.jpg

 

Irakurri Offline: