Tomorrowlandi buruz hitzegin behar dugu

jendartea — 2015-07-14
Irakurri Offline:

Hasi baino lehen, esan behar dut Kingsman bezala, itzel gozatu dudala film txatxu-konbentzional hau. Iratxe Fresnedak inoiz gomendatu bezala ezer irakurri gabe eta begi-belarri berriz, aretorako sarrera ordaindu gabe (Hollywoodeko superprodukzioekin garatu dudan ohitura osasungarria dela uste dut) ikusi nuen, eta izugarri gozatu ere.

Beraz nire iritzia(k) oraindik kondizionatuta egon daitezke, azukre gehiegi jan eta auzoko barraketan gora-beheraka ibili den umearen iritzia bezala.

tomorrowland data

Orduan zergatik hitzegin behar dugu azken Disney filmari buruz? Prezisoki horrexegatik, erabat Disneya delako. Guztiz Disney. Ezindisneyagoa.

Berez, Disneyworld eta Disneyland-eko instalazio bat da. Ez dakit, ez naiz egon. Baina gogoratzen dut filman agertzen den beste “mundu” Disneyiar bat: It´s a small world (edo Lisak Simpsonsdarretan Duff lantegian txalupapeko likidoa edaten dueneko hura). Bai, erreferentzia lisergiko guzti horiek ditut buruan, Tomorrowlandi buruz ari naizela. Esan dizuet, ez izan fido.

Baina finean, eta serio jarrita, uste dut Disneyren Tomorrowland Euskal Herriko, Europako eta Munduko egoera politiko eta krisi sistemikoari buruz ari dela. Eta modu dialektikoan gainera. Ezbaiki, EAJko “bultzagille” batek liokeen bezala (hau ere Plus Ultra bat, ziurrenez). Protagonistak ere hala uler litezke: EZA (George Clooney), BAIA (Britt Robertson) eta IZAKI SINTETIKOA (Raffey Cassidy).Baina hegeliar jarri aurretik, esan genezake Frank Walkerrek utopiko zahar eta zailduarena egiten duela (“erreta” dagoen iraultzailea, esperantzarik ez dagoela enpirikoki ezezik teorikoki ere frogatu duena), Casey Newton gaztea da gazte eta ez dago konforme, eta Atenea berriz, ba horixe, gizakiok sortutako jainkosa arketipikoa da.

tomorrowland hirurak

Nespresso saltzailea, Greziar jainkosa eta gure Hanna Montana Zizekiarra

Denak dira noski ezin azkar eta argiagoak, eta boltsikoko bonba termonuklearrak ez dabiltzanak etorkizuneko kung-fu ostikadak eman edo droneak manejatzen ditu aitaren Enpresa Batzordeak egin beharko lituzkeen lanak egiteko. Baina Disney faktoriak mezu argia botatzen du behin eta berriro, eta uste dut horretan dagoela filmaren klabea: esperantza etorkizunean dago, eta etorkizuna esperantzatik bakarrik eraiki daiteke. Matematikoki, esan nahi dut.

Frankek esperantza bazuen, baina galdu egin zuen. Gehiegi ikusi du, gehiegi galdu du. Badaki “gauza hauek” nola amaitzen diren. Ateneak ez du benetako esperantzarik, Alderdiaren Programarekiko  atxikimendu organikoa baino. Bere baloreak Alderdiarenak dira, eta bizitza eman eta kenduko du honen parametroetan. Zubi lana egingo du iraganaren eta etorkizunaren artean (zaharra da bera ere, baina berriaren alde ekingo du etengabe), baina Casey-rengan dago aukera bakarra, klasean eskua jaistera erresignatzen ez den nerabe Club Disneytar ilehoriarengan.

“Jakin nahi ote zenuke noiz hilko zaren?” galdetzen dio une batean Frankek Casey-ri. “Bai noski” honen erantzuna, “baina badaezpada ez nizuke sinestuko”.

Grezia Eurotaldearen bota astunpera bota omen duten honetan, non ez dagoen irteerarik, non ez dagoen (beste) biderik, non independentzia ez den posible, filmak arrazoia du: gauza bat da jakitea zaharragoek, helduagoek, ibiliagoek arrazoia dutela (hala baitute), eta beste bat hori sinestea da.

Fedea gauza asko baitira. Eta egiten duguna egiteko arrazoiek egiten dugun hori birdefinitu dezakete.

Energia asko inbertitzen da|dute|dugu egin daitekeena eta egin ezin daitekeena definitzen. Filmak agertzen duen bezala, hori bezain zaila eta erraza da (bi ordu arazoraino heltzeko, hamar minutu arazoa “konpontzeko”).

Oso Hegeliarra dena. Oso Disney. Oso ona.

Egia hutsa da. Baina ez nazazue sinestu (badaezpada).

 

 

Irakurri Offline: