Irrati-mendian gora

jendartea — 2015-08-12
Irakurri Offline:

Frequency (Gregory Hoblit, 2000) pelikulako protagonista ez zen FM-a entzuten ari, baina bada irrati arruntaren bidez ere denboran bidaiatzeko aukerarik. Baita, lokartu gabe eta frekuentzia egokia aurkituz gero, izarrak entzun edo izarrei hitz egiterik.

Badut ohitura herriko irrati-antena errepikatzaile nagusia dagoen mendira igotzekoa. Irratia entzuten egiten dut txangoa. Handik gertu dagoen merenderoko ugazabari entzuna diot Herri Irratiko uhinak akoplatzen zirela garai batean bordako aparailu elektrikoetan, etxetresnetan. Ongi pentsatuta, Mariano Ferrer-en ahotsa ezin aproposagoa izango litzake etorkizuneko aplikazio domotikoetarako (domotikak etorkizunik balu).

Azkenengo aldian, baina, honezkero mendi-bueltarako prestatuta, energiaz hustuta aurkitu nituen sakeleko telefonoaren eta iPod-aren bateriak. Liturgiak bete ezinaren aurrean bizkorrago funtzionatzen omen du garunak eta hark erakutsi zidan aspaldi zabaldu gabeko kaxoi baterako bidea. Bertan zegoen duela ia hogei bat urte amak erosi zidan irrati txikia. Zaharra izanagatik ere tunner digitala dauka irratiak. Philips AE 6745 AM/FM Stereo Receiver. Sarri lokartzen nintzen umetan irrati hori almohada azpian nuela.

Irrati-mendian gora, peregrinazioan, irrati txikiak hirugarren hamarkada bete duen herriko irrati librea sintoniza dezake edo Radio3, baita euskal irrati nazionala edo bestelako emisora politiko-komertzialak (barkatu erredundantzia). Radio Maria entzungo da garbien seguruenik. Datu bat: Norbegian FM-a itzaltzea erabaki zuten Apirilean. Beste datu bat: Raspberry Pi bat erabilita oso erraza da pare bat metroko irismena duen FM emisio bat montatzea, antena aproposarekin zabalago. Datu hauekin zaila da nire irrati txikiaren erabilgarritasunaren etorkizunaz apostu ziurrik egitea.

Irrati-mendiko gailurretik irrati-uharteak imagina ditzake batek, irrati-irlen sarea. Merke muntatu daiteke internek bidezko zuzeneko irrati emisio bat gaur egun. Ez alperrik zuzenean entzun dezakezu munduko edozein puntutik Saint-Pierre eta Mikeluneko irratia edo beste edonongoa. Hala ere, entzulearen iraultza podcast-ek dakarte. Podcast-ak ari omen dira Estatu-batuetako irrati nazionala salbatzen, gauza berbera pasa ahalko litzaioke euskal irrati nazionalari RSS-ak apur bat atonduko balituzte. Arrosa sareak Irailean aterako du bere webgune berria, podcast-ez betea.

Irrati-mendiko gailurrean amaitu daiteke erromesaldia, edo nor bere hitza zabaltzen hasi. Ondo zekiten Herri Irratian; ondo dakite COPE-n eta Radio Marian. Irrati digitala, FM emisio banatua, internet bidezko zuzeneko emisioa, podcast-ak… batek daki irrati-irlen sareen etorkizunaz. Meanwhile in the Future podcast-ean emango dute pistaren bat agian. Edo agian zu zara irratiaren etorkizunaren parte?

Dena delako mendi edo internet-uharteak bide, irratiak ez dira lokartuko, iratzargailuek ezin dutelako lorik egin.

Irakurri Offline: