Gaur egun Euskal Herriko egitura ekonomikoa krisi sakonean murgildua dago, eta askok koiunturazkoa dela eta urte batzuetan sufritu ondoren lehengora bueltatuko garela esaten diguten arren, baditugu nahiko zantzu pentsatzeko krisia estrukturala dela, krisi finantzarioa baino, eredu ekonomiko eta sozialaren krisi sakona, beste hainbat faktore kontuan izanda gainera, krisi energetikoa, krisi klimatikoa etab. okerrera joan daitekeena.

Egoera honen erdian, mugimendu sozialek bultzatuta, alternatiba moduan hainbat ekimen sortzen eta indartzen ari dira Estatu mailan eta Euskal Herrian. Eredu finantzario alternatiboa proposatzen duten proiektuak dira, oinarri eta tresna ezberdinak martxan jartzen ari direlarik, moneta sozialak, banka etikoa, finantziazio sareak etab. Hala ere hauek guztiak alternatiba partzial bezala ulertu behar ditugu, sistemaren baitan beste eredu, irizpide eta helburu sozialekin finantza zerbitzuak eskaintzerik badagoela demostratzen duten ereduak. Ez dira alternatiba unibertsalak, baina beste ereduak posible direla erakusten dute, eta txikitasunean garrantzia handia dute. Kasu gehienetan ere txikitik eta mugimendu herritarretatik hasita eredu sozioekonomiko osoaren eraldaketa helburuen artean dute, beti ere alternatiben sareak osatuz.

Hauen artean ditugu Euskal Herrian garrantzia izan dezaketen Fiare Banca Etica [1] eta [2] Koop57, biak gaur egungo krisiaren aurretik sortuak. Biak momentu honetan zerbitzua eman dezaketen izaera sozial sendoko erakundeak dira, eta zerbait aipatu behar bada, eta benetan kontuan izan, bien osagarritasuna da. Bai izaeran, bai oinarri soziala osatzerakoan, eta baita zerbitzuak eskaintzerakoan osagarriak izanik, ez dugu bata edo bestearen arteko aukeraketa bat egin beharrik, bien osagarritasuna ondo aztertu eta tresna diren aldetik bakoitza zertarako erabili daitekeen ondo aztertzea da klabea.

Eta zergatik burujabetzarako tresna? Fiare Banca Etica eta Koop57 ez dira alternatiba unibertsalak, baina alternatiba erreala dira, Euskal Herrian aktibitate handia dutenak edo izango dutenak, eta tresna izaeratik abiatuta eraldaketa ekonomikorako formulak erakusten dituztenak. Aurrera begira tresna hauek baloratu, nola erabili eta izan beharreko harremanak aztertzerakoan kontuan izan beharreko zenbait ondorio zerrendatuko ditut:

+ Ez Fiare eta ez Koop57 ez dira Banka Publikoa, eta ezin zaie eskatu hau ordezkatzea, baina burujabetzaren bidean banka Banka Publikoaren inguruan egiten den lanketarekin batera gaurtik hasita burujabetzaren artikulaziorako tresna bezala erabili daitezke Fiare eta Koop57, etorkizunean Banka Publiko sendo baten osagarri bezala ere funtzionatu dezaketelarik.

+ Tokiko sistema finantzarioa eraldatu dezakete, txikitik hasita, eta eskualdeko perspektiban eredu ekonomiko sozial eta eraldatzailearen eragile nagusietakoa bihurtuz. Ondoren eskualdeetatik eskala handituz, Euskal Herria bezalako eremu txikian, eredu ekonomikoaren eraldaketarako erreferentzia argia izan daitezke epe ertainean.

+ Bi tresnak osagarriak dira, Fiare norbanako erakunde eta enpresentzat tresna operatibo bezala bereziki, eta Koop57 ekonomia eraldatzailearentzako finantziazio eta artikulazio tresna erreferente gisa, baita eskualdeko garapen ekonomiko sozialarentzako tresna garrantzitsu moduan. Gainera hainbat finantziazio operazio konplexuetan batera lan egin dezakete.

+ Herritarren parte-hartzea sustatzen dute, arlo ekonomikoan, eta herritarrak tokiko garapen ekonomiko eraldatzailearen parte aktibo bihurtuz. Ekonomian kultura demokratikoa eta parte-hartzea sustatzen dute, eta eragile nagusi moduan landu behar dira. Tresna hauen aniztasuna eta herritar kontrola bermatzeko beharrezkoa da inbertsio bat egitea jendeak aktiboki egituretan parte hartu dezan.

+ Izaera pribatuko erakundeak izanik ere, asmo publiko eta soziala dute, komunitarioak dira, horregatik garrantzitsua da tokiko erakundeekin harreman zuzena izatea, tresna bezala baina baita maila instituzionalean, bakoitzarekin eta tokian toki egokien ikusten diren formulak erabiliz. Instituzioek sendotasuna eta legitimitatea eskaintzen diete tresna finantzario hauei, eta tresna hauek erabiltzeak koherentzia ematen die instituzioen jardun eraldatzaileari, asmo hori duten instituzioen baitan beti ere.

+ Eraldaketa ekonomikorako eta Euskal Herriaren burujabetzarako tresna izateko gaitasuna dute, nahiz eta beste herrialdeetan ere aktibitatea izan. Herritar, tokiko erakunde eta ekonomia sozialeko enpresen saretze eta tresna izango diren neurrian, hauek sendotzea eta parte hartze sozial eta herritarraren bitartez bertan eragiteko eta bultzada handia emateko gaitasuna eta aukera dago.

Burujabetza ekonomikoa, burujabetza politikorako behar beharrezko elementua da, ikuspegi estrategikotik, baina baita ere sortu nahi dugun Euskal Herriarentzako eredu ekonomiko propioa eraikitzeko. Horregatik gaurtik hasita erabili ditzagun eta sakondu dezagun eskura dauzkagun tresnetan. Lan asko daukagu bidean, baina gaurtik hasita eraldaketa sozial eta ekonomikoa garatzea gure esku dago.

Estekak:

+ Fiareri buruz:
[1] http://www.fiarebancaetica.coop/
http://gipuzkoa.hitza.info/2014/02/14/egungo-ekonomia-ereduan-eraldaketa-bilatzen-du-fiarek-2/
+Coop 57-ri buruz:
[2] http://www.coop57.coop/
http://www.berria.info/albisteak/87384/liher_gonzalez_ekonomia_herritarrek_kontrola_dezatela_nahi_dugu.htm

Irudia: “Braun Genova UBHD” by Georg Braun; Frans Hogenberg – Georg Braun; Frans Hogenberg: Civitates Orbis Terrarum, Band 1, 1572 (Ausgabe Beschreibung vnd Contrafactur der vornembster Stät der Welt, Köln 1582; [VD16-B7188)Universitätsbibliothek Heidelberg http://diglit.ub.uni-heidelberg.de/diglit/braun1582bd1. Licensed under Public Domain via Commons – https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Braun_Genova_UBHD.jpg#/media/File:Braun_Genova_UBHD.jpg

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude