Zenbait genero literario –doktoretza tesiak, adibidez– luzeak eta astunak izaten diren bezalaxe, bertze batzuk motzak eta zuzenak behar dira izan nahitaez. Komunetako ateetako pintaketak, adibidez. Doktoretza tesia egiten ari nintzela, maiz goiz osoa pasatzen nuen Iruñeko liburutegi nagusian (artean Alde Zaharrean baitzegoen), eta behin baino gehiagotan –nire hertzeen historia nahasiari erreferentzia egitea zilegi bazait– naturaren deia sumatu izan nuen egunkari zaharrak irakurri bitartean. Komunean digestioari bere akabera prosaikoa eman bidenabarkoan, atean izkiriaturiko pentsamendu poetikoetan –Twitter aitzineko Twitter primitibo hartan– bilatzen zuten denbora-pasa nire begiek.

Gogokoen nuen atean –oker ez banabil, hiru baitziren liburutegiko komunak– egiazko elkarrizketak baziren: bat Juan Cruz Alliren balizko nafartasunaren gainekoa; eta bertze bat, beti irri eginarazten zidana: “Irlanda izan zitekeen, Eskozia ere bai, baina orain Nafarroa da gure ama, Nafarroa!!!” idatzia zuen norbaitek –euskaraz–; eta arrapostua –erdaraz–, hauxe: “vete a delirar a tu casa” – “zoaz etxera txorakeriak erratera”. Eztabaidak aski toki gehiago merezi izanen zuen komun hartarik kanpo.

Komuneko pintaketak bezala, lelo politikoak ere motzak izaten dira, eta, arrakastatsuak izatekotan, sinpleak izan behar dute, eta anitzetan eztabaida luzeagoa mereziko luketen ideiak laburbiltzen saiatzen dira. Berriki, Eneko Fernandezek hauxe txiokatu zuen lelo feminista bati buruz: “’Beldurra aldez aldatuko da’ leloa, ‘Beldurra desagertuko da, berdintasuna’ leloaz ordezkatuko balitz”. Ados nago, ez hainbertze proposaturiko leloarekin –lehendabizikoa baino hobea iduritzen zaidan arren–, baina bai lehendabiziko hori sobera egokia ez den ideiarekin.

Arras ongi iduritzen zait, halere, izua sentiaraztea izua eragiten dutenei (hiltzaileei, bortxatzaileei, tratu txarren emaileei), eta ikusten dut lelo horren bidez ozenki erran nahi dela emaztekiak subjektu aktiboa izanen direla beren buruaren defentsan. Epe luzean, ordea, leloa motz gelditzen da –nire ustez, betiere–, genero indarkeria ez baita soilik kriminal gaizto batzuen kontua, baita gizartean txertatuak eta hedatuak dauden, eta emaztekien kontrako bortizkeria babesten, justifikatzen edo gutxiesten duten zenbait balioren kontua ere.

Twitterren, Amaia Izkok aipatu zuen fase kontua dela: bertze deus egin baino lehen, komenigarria dela beldur pixka bat bertze aldera pasaraztea. Baliteke. Eta baliteke lelo batean, txio batean bezala, aferaren konplexutasun osoa ezin bildu izatea. Aukeran, halere, Eneko Fernandezek proposatutakoa nahiago dut, hain indartsua eta hain zirikatzailea ez bada ere.

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude