Gure amatxi –amaren aldetik– Caparrosokoa zen: Etxauriko Etxarrin sortua –sorlekuaz galdegiten zion orori erraten zion bezala–, baina haurtzaro osoa eta gaztaroaren zati handi bat Caparroson zituen emanak, 40ko hamarkadan aitatxirekin Iruñera aldatu zen artio. Gure amatxi erdaldun elebakarra zen, erdaldun peto-petoa, eta haren erdara ez dute erranen nirea baino aberatsagoa zenik, bai, ordea, nirea baino aise adierazkorragoa zela eta, nondik begiratzen zaion, nirea baino jatorragoa.
Gezurra litzateke –edo bederen kontua adierazteko manera hanpatuegia litzateke– erratea kezka zuela hizkuntza. Ez zuen, halere, sentiberatasun linguistikoa eskas; tarteka, gustuko zuen bere herrikoak ziren eta Iruñean inor gutik erabiltzen zituen esamoldeak nire aitzinean baliatzea: “¡a que te doy una güeva!”, egiten zidan mehatxu, eta, ondotik, “¿ya sabes lo que es una güeva?” Eta telebistako kazetari dotore ustekoek erabiltzen zuten hiztegi harendako misteriotsuaz ere galdegiten zidan: “¿qué es obsoleto?”.
Gure amatxi, erran dezadan bidenabarkoan, ez zen analfabetoa: bazekien irakurtzen –emeki-emeki betiere, eta ezpainak mugituz–, eta idazten ere bazekien; baina ni Alemanian nintzelarik –Erasmus bekarekin– igortzen zizkidan gutunak ez zizkion inori irakurtzera uzten, lotsa ematen ziolako. Hatxeak, uveak eta beak irizpide misteriotsuen arabera paratzen edo kentzen zituen; ez naiz oroitzen punturik edo komarik edo azenturik bazen eskutitz haietan –baina susmoa dut ezetz–; eta franko berezia zuen solasak osatzeko eta trenkatzeko manera. Jakina, ahozko erregistroa erabiltzen zuen gutunetan: zaun zen solas iten zuen bezala eskribitzen zuela. Gutunetako hizkuntza, nolanahi ere, espainola zen (akats batzuk –“me se pasa”, “si tendrías”– ez dakit akats ziren edo dialekto ezkontuak), espainol ulergarria ez ezik gozoa eta bere xaloan hunkigarria ere bazena.
Gure amatxik bazekien solasean eta gauza zen 300 hitzetik goitiko testu luzeak idazten, bazekien irakurtzen eta ahozko testuak ulertzen zituen. Ama-hizkuntza zuen espainola –ez zuen bertzerik ezagutzen–, eta hizkuntza horretan ez zuen zailtasunik –“erraten dute kanpotarrendako zaila dela espainola; hori hala da?”, komentatzen zuen, harritua–. Alta, gure amatxik ez zuen C1 maila, ez baitzukeen jakinen, adibidez, estilo dotoreko iritzi artikulu bat idazten, edo, konparaziorako, ironiaren esanahiak maiz ihes egiten ziolako. Ez zuen C1, nahiz eta interferentziarik ez zuen hizkuntza normalizatu batean bizi, nahiz eta diglosiarik sufritu ez duen hizkuntza batez mintzatu.

 

Alde horretatik, nire ustez ez da hain harrigarria euskaraz dakiten zenbaitek, edo euskara ama-hizkuntza duten hainbatek, edo emeki irakurrita Berriako artikuluak ulertuko lituzketen anitzek C1eko azterketa ez gainditzea.
Noski, bada zer hobetua, C1 edo EGA erdiesteko azterketetan –urtero, bai Nafarroako bai EAEko atariko probak lantzen ditut nire ikasleekin; eta bai, galdera batzuk, nire iduriko, lekuz kanpo daude–, baina susmoa dut hondar aldiko kritika anitzen helburu nagusia ez dela EGA etsamina hobetzea, eskatzen den maila jaustea baizik.
Gogoan dut zenbait toki euskaldunetarik –euskararako erreferentzialak behar luketen zenbait tokitarik– zer-nolako mezuak jasotzen ditugun etxean –C1eko titulua duen jendeak idatziriko mezuak, teorian–; bolada batean, boligrafo gorria eskuan irakurtzen nituen –bai, denbora-pasa bitxiak ditut–: datak eta orduak hiru maneratan deklinatuak –eta manera bakar bat ere ez zuzena–, erdararen kalko guziak –espero izatekoak zirenak gehi egin zitezkeenik ere imajinatzen ez genituen batzuk –, ergatiboren bat… Berdin dio: euskarazkoarekin batera, erdarazko informazioa ere igortzen baitute beti, xehe-xehea –bertzea baino xeheagoa maiz– eta akasgabea.
EGAk ez du neurtzen azterketa egitera doanak “solasean” ba ote dakien, edo testu sinple bat idazteko guti goiti-beheiti moldatzen ote den. Ikaslea maila jasoan testu egokiak, aberatsak eta zehatzak –idatziak zein ahozkoak– sortzeko gauza ote den neurtzen da. EGAren inguruko eztabaida –berriz diot zer hobetua izanen dela, dudarik gabe– zenbaitek mahai gainean nola paratu duten ikusita, hein batean, euskarari zer-nolako inportantzia eman nahi diogun dago jokoan. Helburua bada erdarazkoen osagarri edo lagungarri izanen diren testuak sortzea, orduan aski da euskaraz “hizketan” jakitea edo aztertzaileak baino “jatorragoa” izatea. Baina, nire irduriko, C1 ez da hori; eta, egia erran, ez dut uste maila jausteko maneran gaudenik.

Iruzkinak

Utzi erantzuna teketen(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude