Asteazkena da dagoeneko,lau egun pasa dira Alternatiben Herria egin zenetik, eta orain balorazioen garaia da. Suposatzen dut horretan ariko direla bertan parte hartu zuten 167 eragileak.

Bai 167 eragile, kolore, izaera eta lan egiteko modu askotakoak, lehenago denok batera horrelako ekimen batean parte hartu gabekoak. Hortxe kokatuko nuke lehen ondorio positiboa. Hainbeste esparruetan eredu alternatibo edo eraldatzaileak martxan jartzen edo sustatzen ari diren eragileen koordinaziorako aukerarik ez dut inoiz inolako ekimenean ikusi. Egunean zehar izan zen gauza gehiegi zeudela esan zuenik, ezinezkoa zela interesezko ekimen edo gune guztietatik pasa. Hori ere positiboa, izan ere garrantzitsua da, aniztasuna eta oparotasuna ikustaraztea, hori baita errealitatea, nahiz eta errealitate ikusezina izan [1]. Bilbon, eta bilbon izateak suposatzen duen erronka eta garrantziarekin, eragile anitzek alternatibak izan badirela erakutsi genuen. Dena ikusi edo ezagutzeko aukera izan ez zuenak, orain egunerokoan badu denbora, interes pixka batekin, Bilbon egun batean erakutsi zirenak ezagutzen joateko. Interneten ere aurkituko dute egunak utzitakoari buruzko informazioa [2].

Gu Talaios Kooperatibatik lehen aldiz joan ginen horrelako batera postu propioarekin, eta ez pentsa, nahiko lan eman zigun enara eta mahaitxo batean Talaiosen eginten duguna nola azaldu pentsatzen, eskerrak Yeray lankidearen laguntza ere izan genuen 🙂 Alternatiben egunaren aurretik, ia urte bat lehenagotik, komunikazioa, diseinua eta webgunearekin lagundu eta lan egin dugu, Nagore Vega Sorginetxe kooperatibako kidearekin, eta Alejo @garunaborbor diseinatzailearekin bereziki, berea da Alternatiben Herriko iruditegia. Olatukoopeko kide garenez ere, Olatukoopen mahaitxoarekin lagundu genuen, bi mahaitxo eta ehundaka gauza ikusteko egun berean beraz. Olatukoopek Ekonomia Sozial Eraldatzailearen Saretze lanetan, hasieratik parte hartu du hainbat modutan egunaren antolaketan, eta egunean bertan bertako kide asko izan genituen Bilbon [3] Besteak beste ere egun honek balio izan zuen Alternatibentzat eta Ekonomia Sozial Eraldatzailearen saretzearentzat estrategikoa den Batura #ESEmapa-ren auzolaguntzaren lazamendua egiteko [4]

Duela bi urte Baionan egin zen Alternatiban izan nintzen, eta ordutik Ziburu, Antiguo, Garazi eta Bilbon egin diren Alternatiben herri eta herrixka guztietan izan naiz. Egia da denak izan direla oso ezberdinak, bai dimentsioagatik, Bilbo eta Baionakoak handienak, baina baita izaeragatik ere, izan ere bakoitza antolatu duten eragileen araberako Alternatiben Herria izan da, eragileen izaerak eta helburuek moldaturikoa, eta hori horrela izatea bikaina da! Baionakoa “akademikoagoa” izan zen, hitzaldiek izan baitzuten zentralitatea, eta gaietan Garazi eta Ziburun bezala Klima aldalketaren aurkako borrokak eta Elikadura Burujabetzak izan dute zentralitatea. Bilbo eta Antiguokoan berriz, kalea eta merkatu soziala izan dira zentralagoak, eta gaia Sozialagoak, esparru ezberdinetan zabalduak, hori nire perzepzioa. Esan behar dut hala ere denetan ikasi dudala, Baiona eta Bilboko oparotasunean, eta Antiguo, Ziburu eta Garaziko goxotasunean.

Argi dago herri eta herrixka hauek marka uzten dutela bertan modu batera edo bestera, lanean edo ikusle bezala, parte hartzen dugunon artean. Eta egia da ekimen hauen ondorenean beti ateratzen garela indartuak egunerokoan alternatiba hauetan sinetsi eta lan egiten dugunok aurrera jarraitzeko. Baina nola pasa eguneko ekimenetatik egunerokoan sistema kapitalista hiltzailean borroka egitera? Zein etorkizun irudikatu dezakegu? Ba etorkizunik izango bada, orain alternatiba den Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta Alternatiben Herrian ikusitako beste hainbat ekimeneni zentralitatea emanez izango da. Zentralitatea Eredu berri bezala Ekonomia eta Jendarte berri baten ernamuina izan daiteke, baina benetan horrela dela sinetsi eta ereduen periferiatik edo sektorializaziotik erdigunera ekartzen badugu, ereduaren izaera unibertsala onartuz. Bestalde eredua ekintzekin, ehundaka ekintza eta proiektu txikiekin eta hauen saretzearekin eraikitzen dela ulertu beharko dugu, txikitasunetik handitasunera bidea eginez, baina egunerokoak proiektu, ekimen, kooperatiba txikiei balio eraldatzailea onartuz. Eta azkenik guzti hau posible egiteko, Feminismoak ederki proposatu duen bezala, bizitzak, guztionak, kolektiboan baina baita norbanakoen praktikan, ereduaren erdigunean jarri behar ditugu, eta egunerokoan neurtu, eta gaizki egiten bada eraldatu, eraldaketa etengabean.

Eta zein izango da ekimen, proiektu, ikuspegi eta pertsona anitzek osatutako mugimendu berri hau, kultura politiko berri bat eskatzen duena, aurrera eramango duen sujetua? Bertan, norbanako, eragile sozial, mugimendu politiko, sindikatu eta kooperatibek parte hartzen dugu. Nola eraikiko dugu Euskal Herriko eraldaketa burujabea martxan jarriko duen sujetu anitza? Alternatiben Herria antolatzeko denok sinatu genuen manifestua izan daiteke oinarri minimoa [5]

Irudia: Beñat Irasuegi Ibarra – Talaios Kooperatiba CC-BY

[1] http://www.argia.eus/albistea/kultura-politiko-berri-baten-erakusleiho-arrakastatsua

[2] http://alternatibenherria.eus/2015/10/25/zer-izan-zen-atzoko-alternatibenherria/

[3] http://olatukoop.net/olatukoop-alternatiben-herrian/

[4] http://karena.eu/proiektua/batura-ekonomia-sozial-eraldatzailearen-ehko-mapa

[5] http://alternatibenherria.eus/manifestua-atxikimenduak/

 

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude