EUScience fiction

bitakora — 2015-10-09
Irakurri Offline:

Euskal zinemagintzak egundaino utzitako uztan Zientzia fikzioak ez du beste herrialde batzuetan duen presentzia lortu. Horren arrazoiak aztertzen hasita hainbat gauza entzun eta irakurri ditut. Gehienak euskaldunon izaerari lotuak. Baina ni topiko batekin geratuko naiz “Errealitateak fikzioa gainditzen du” (hemen zientzia fikzioa ere aisaz).

 

Izan ere, egunero ikusi eta entzuten ditugunekin normala da gure sortzaileek humoretik zein istorio sakon errealistetatik jotzea. Hori behar baita herri honetan; eguneroko errealitateari aurre egiteko humorea eta ETBk bere lehen katean falta duen sakontasuna. Edukian, mezuan, izaeran.

 

Hemengo gidoilariek ez dituzte Stargate pelikula eta serieko ate galaktikoen ordezkoak imajinatzen, parlamentuko ate birakariekin aski delako ziur aski. Espazioko poliziarik ere ez dago gure filmetan, Europak 1000 biztanleko gomendatzen duen polizia tasa ia ia laukoizten dugulako akaso; edo ez dagoelako Arantza Quirogak aurkeztutako plana Madrilgo PPk baino azkarrago desagerraraziko duen laser izpirik. Eta abiadura aipatuta; AHT-a izango dugu ziur aski Star Trekeko espaziontziari gehien gerturatzen zaion diseinua, beno, Hiriko-ren kotxea ere ez zebilen urruti. Gure zulo beltzak administrazioan daude eta planeta beraien menpe hartu nahi duten alienak politikagintzan ikusten ditugu.

 

Baliteke, zorakeri hau bukatzean, gidoilariek egunerokotasunean emozio falta nabaritzea. Orduan iritsiko zaizkigu akaso “Ziber aizkolari baten kronikak”, “Izar, izarretako neska” edo Olentzerok “Olef Tzaro” alter egoa sortu eta oparien ordez espazioko munstroen artean “justizia” banatzen dueneko seriea. Bitartean, Loreak edo Amama bezalako maisulanekin gozatzen jarraituko dugu.

Irakurri Offline: