Talaios kooperatibako kidea eta Koop57ko kooperatibista. Garatzailea, Irakaslea, hacktibista eta hedabide ezberdinetako kolaboratzailea.

Sare sozialen egitura zentralizatuen arrakastarekin, Internetek eskaintzen zuen askatasun eta burujabetza galera suposatu digu. Bitartekaritza modu zentralizatuak gainera datuen kontrola, zentsura posiblea, aberastaunaren apropiazioa…  Komunikazioan konturatu gabe, gure komunikazioaren bitartekaritza Facebook eta Google bezalako enpresei oparitu diegu, gure datuekin, gure harremanekin, gure bizitzarekin dirua ateratzeko. Alternatiba, beti egon ohi da, etengabe alternatibarik ez dagoela esaten diguten arren.

Horri buruz eztabaidatzeko, Free Software Foundation-ek lagundutako GNU social-en bueltan dabilen komunitatea GNUSocial Camp-ean bildu da Xixonen. Bertan Mikael Nordfeldth garatzaile nagusia, Hannes Mannerheim qvitter-eko sortzailea, Pablo Bernardo Firefox OS garatzailea eta Manuel Ortega WP-GNU Social pluginaren garatzailea eta antolatzailetako bat izan ziren bertan.

Mikaelek OStatus protokoloaren berri eman zuen eta sareen arteko harremana nola ezarri daitekeen azaldu. GNUSocialen inplementazioa eta Diasporaren arteko aldeak ere azaldu zizkigun. Horrekin batera teknologia hauek, WordPress bezalako teknologiekin uztartzeko aukera ere eztabaidatu genuen.

IMG_20151007_195451

Pablok ondoren, javascript-en egindako GNUSocial bezero baten kontzeptu bat aurkeztu zuen, mugikorretarako javascript garapena egiteko kontutan hartu beharrekoak azaldu ondoren. Erabilitako aurkezpena eta fitxategiak bere github biltegian aurki ditzakezue.

Manuel Ortegak, WP-GNU social pluginaren garatzaileak, aurkezle lanak egiteaz gain, GNU Social-ek elkarrekintzarako ematen dituen aukerei buruz hitz egin zuen. Bereziki hiri, herri eta komunitateetan tresnak elkarrekintzarako eta hauen egituraketarako duen balioaz. Pluginari buruz hitz egin ez bazuen ere, oso tresna interesgarria da WordPress-eko komentario sistema GNU Social nodo batekin lotzeak, elkarrizketak sortzeko aukera handiak eskaintzen dituelako.

IMG_20151008_111453

Bukatzeko, Hannes-ek qvitter eta quitter.se sortzearen arrazoiak azaltzeaz gain, GNU Social backend moduan baliatzeko aukerei buruz hitz egin zuen. Horretarako pluginak eta themeak bertan nola sortu daitezkeen azaldu zizkigun. Quitterren bidez Twitterren interfazea kopiatu izanak, mugimendu estrategiko moduan planteatu zuen. Hortik tiraka, GNU Social gauza gehiagotarako erabiltzen hasteko intentzioarekin. Aurkezpen moduan, GNU Social instantzia bat erabili zuen; hortxe daude bere aurkezpena eta pantailak eskuragarri.

Amaieran, instalazio hobekuntzak egin eta plugin garapenak egiten hasteaz gain,  Peersound bezalako beste proiektu batzuk ere ezagutzeko aukera izan zen bertan. Hori bai, proiektu eta tresna guztiek, estrategia banatuak eta burujabetza izan zituzten oinarri oinarrian. Google, Facebook, Apple, Monsanto edo Volkswagen enpresek eskaintzen duten etorkizunarekin bateragarria ez den etorkizun berri baten printzak eskainiz. Hiri, herri, auzo eta gure bizitzekin harreman zuzenagoa duen etorkizun bat alegia.

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude