Aste honetan Euskal Herriko unibertsitatearteko lehen Kongresu Kooperatiboa egiten ari dira Donostian, Deustoko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta. Kongresurako aukeratutako gaia “Eredu kooperatiboa egungo erronken aurrean” izan da eta horren inguruan burutu dira lehen eguneko ponentzia eta interbentzioak.

Bizi dugun krisiaren aurrean Euskal Herrian zabalpen handia duen eredu kooperatiboaren argi eta ilunak ikusi dira, kasu batzuetan ezbaian jarri da, eta orokorrean krisiaren aurrean erresilientzia kapazitatea erakutsi du, baina ereduak ahultze zantzu argiak ere baditu eta eredua birgaitzeko, edo eredu berriak zentrura ekartzeko beharra gero eta nabarmenagoa da.

Eremu akademikotik antolatutako kongresu honetan aurrera begirako proposamenak dauden ikusi eta bertaratutako pertsona eta eragileekin eztabaidatu eta saretzeko asmoz hurbildu naiz Talaios Kooperatiba eta Olatukoopen izenean.

Ekonomia Sozialaren Erronkak Txileko ikuspegitik:

Irekiera ohikoa den bezala autoritate eta unibertsitateetako arduradunek egin dute, ohizkoa den tramite moduan, eta ondoren hasi dira ponentziak. Lehen ponentziara iritsi naiz, Mario Radrigán Rubio @MarioRadrigan Txileko gobernuko Ekonomia Sozialeko arduradunak, besteak beste.

Radriganek Desberdintasun ekonomiko globalarekin hasi du bere interbentzioa, hau identifikatzen baitu globalki jendartean eta herrialdeen artean existitzen diren arazo larrienen iturburu bezala: Desberdintasun ekonomikoa handitzen ari da maila globalean. Ekonomia Sozialak ordea 100 urte baino gehiago darama aberastasunaren banaketa egiten, Ekonomia Soziala ez da desio bat, utopia bat, intentzio ona, ERREALITATEA da, aberastasuna sortzen du.

Radriganek esan duenez Txilen ondo ezagutzen dute eredu Neoliberala, urte askotan ereduaren erakusgarri nagusi izan baita, Darwin eta Smith konfrontatu ditu, esateko desberdintasunekin ez dagoela zoriontasunik, eta ideologikoki kolonizatutako hezkuntza jaso dugula esaten duena jendarteak konpetizioaren bitartez egiten duela aurrera, eta hori ez da egia, jendarteak bizirauteko kooperatu beharra du.

Hegoamerikara hurbiltzen hasi da ondoren, bertako estatu nazioek independentzia politikoa lortu eta 200 urtetara, XXI. mendean hasi dira burujabetza ekonomiko eta politikoa lortzeko aldaketa prozesuak lantzen. Esan duenez Ekonomia Sozialak toki bat aurkitu du hor. Gobernuak Ekonomia Sozial Solidarioa garatzeko erakundeak sortu dituzte Uruguay, Brasil, Txile, Mexiko, Kolonbia edo Kuban. Eraldaketa prozesu iraunkorrak ari dira izaten, politikoki transbertsal bihurtzen ari direnak, Ekonomia Sozial Solidarioa eredu ekonomiko berri baten erdigunean jarriz.

Txilen Ekonomia Soziala ikusezina izan da urtetan, berez zabalpen handia badu ere milioi bat baino gehiago asoziaturekin. Orain ordea Ekonomia Ministerioan departamentu propioa du, eta Bachelett berak onartu du Ekonomia Sozialaren garrantzia.

Gaur egun 2015-2018 ekintza plana martxan dute eta bertan zenbait erronkari erantzun nahi diote:

+ Aniztasuna onartuz Ekonomia sozial Solidarioaren rola argitzea beharrezkoa da

+ Ikusezintasuna gainditu. Han ere kooperatiba batek arazoak dituenean eredu osoa ezbaian jartzen da oraindik, eta hori ez da onargarria.

+ Interkooperazioa landu beharra, esperientziak saretuz.

+ Berrikuntza, ezagutzaren ekonomiara moldatzea.

+ Unibertsitatea eraldatu beharra, gaur egungoak ez du balio. Hezkuntza kooperatiboa oinarri izan behar da.

+ Internazionalizazioa, inbertsio kooperatiboei mugak kenduz.

+ Mugimendu sozialekin harreman berriak landu.

Nire komentarioa: Konklusio moduan aipatuko nuke, Txilen edo Euskal Herrian erronka asko berdinak direla, beste herrialde askotan ere izango diren bezala. Txilen erronkak ondo identifikatu dituzte, hemen? Hasi al gara? Internazional kooperatibo berri bat egiteko ordua da agian.

Ekonomia Soziala Krisi Sistemikoaren aurrean:

Ondoren Joseba Azkarraga EHUko irakaslea izan dugu hizlari. Ohikoa duen modu argigarrian gaur egun Ekonomia Sozialaren egoeraren diagnostiko bat egin beharraz jardun du hasieran, krisiaren irakurketa egiteko ikuspegia aldatu beharra ere azpimarratuz. Krisi sistemiko multifazetikoan murgilduta omen gaude eta dilema nagusi baten aurrean, hazkundea bai ala ez, eta honen aurrean Ekonomia Sozialeko eragileak non gaude? Hazkunde ekonomikoaren inguruko irakurketa konplexuagoa behar dugu.

Ekonomia Soziala modernitate klasikoari erantzuteko tresna oso eraginkorra izan dela esan du, Kapitala vs. Lana dilemari erantzun nahi izan dio, eta XX. Mendean tresna garrantzitsua izan da, baina akats oso larria izan du, sistema naturaletik erabat deskonektatuta ulertu du ekonomia, eredu ekonomiko tradizionalek bezala. Gaur egun ordea konflikto nagusia Kapitala vs. Bizitza da.

Ekonomia Sozialak eta Arrasateko Ereduak ez du ingurugiroari dagokionez ekonomia globalak baino ikuspegi hobea. Autokritika behar da beraz refundazio baterako. Produkzio baliabideen sozializazioak ez du berez krisi ekologiko globala enfrentatzen, ikuspegi berri bat behar da etorkizunerako. Aipatu du ere Kuba dela koadrante sozial eta ekologiko berri honetan hobekien kokatzen den herrialdea.

Ekonomia Sozialak Ekonomia Ekologikoaren ikuspegia barneratu beharko luke, sistema ekonomikoa ez baita sistema itzi bat. Hau barneratzeko kontzientzia eta kultura berri bat behar dira. Elkartasunaren zabalpena behar da, transnazionala, intergenerazionala, espezie artekoa. Arizmendiarrietak ere ez zuen hau kaptatu, nahiz eta zntzu batzuk ikusi zituen: Ardura anbientala, garapen ekonomikoa relatibizatuz, kontsumismoari kritika eginez.

Ekonomia Sozialak agenda berria behar du: Identitatea refundatu, mugimendu kooperatibistan Ekonomia Ekologikoa integratu, aliantza berriak Transition mugimenduarekin edo Ekonomia Sozial Solidarioarekin, Heskuntzan Ekonomia Ekologikoa txertatu, Ikerketa garatu aurreko arloetan.

Josebaren interbentzioaren  muina asteburuan Berrian publikatutako erreportai hoetan dago laburtuta «Berriz hazteari ekitea ‘Titanic’-en mus partida bat irabaztea bezala da» [1]

Nire komentarioa: Ekonomia Sozial Eraldatzaileak Ekonomia Ekologikoaren oinarria integratua du bere muinean. Zergatik ez du Josebak Ekonomia Sozial Eraldatzailea Ekonomia Sozial Berri honen muinean kokatzen iada esistitzen bada? Arrasate Ereduaren periferiatik datorrelako agian, txikia edo ikusezina delako ere seguruenik.

Europako kooperatibismoa eta EBko politika ekonomikoak:

Gemma Fajardo Garcia Balentziako Unibertsitateko irakasleak eta IUDESCOOP taldeko kideak eskeini digu hurrengo ponentzia. Bereziki arlo juridikotik planteatuyako aurkezpena izan da, horrelakoetan kontu juridikoetan asko ez dakigunentzat astuna suertatu daitekeena. Niri ordea 2 kontutan argigarria eginzait: Kooperatiba Europearraren motibazio eta gaur egungo egoera zein diren jakiteko, eta EB-ko Komisioak Kooperatibismoa nola ikusten duen.

Sozietate Kooperatiba Europearraren estatutua 2003an onartu zen, garai hartan beste hainbat izaera juridikori izaera europearra eman zitzaienez, Kooperatibei ere aukera berdina emanez. Hala ere ordutik forma juridiko honek ez du garapen handirik izan, eta oso kooperatiba gutxi sortu dira, Euskal Herrian ezagutzen dugu bat. Limitante asko izan daitezke, baina kapital sozial minimoak, 30.000€ zailtzen du lan asoziatuko kooperatiba batek forma hau hartzea. Orokorrean kooperatibak eta Ekonomia Soziala EB-ko lege armonizaziotik kanpo geratu dira, baina Kooperatiba Europearra existitzeak ahalbidetu du sententzia judizialez Kooperatibek dituzten onura fiskalak ontzat ematea EB-k.

Bestetik nola ikusten dituen Kooperatibak EB-ko Komisioak. Ez omen da ondo probestu krisiaren aurrean kooperatiben potentziala, eta horregatik Europa 2020 estrategian paper garrantzitsua izan dezake. Baina hemen Komisioak Enpresa Sozialaz hitz egiten du ez Ekonomia Sozialaz bere osotasunean, baina zer da Enpresa Soziala?

3 bide interesgarri daude juridikoki lantzeko Kooperatibismoaren inguruan EB-n: Kooperatibak Enpresa Sozial bezala onartzea, enpresen transmisioa langileei (krisi edo jubilazio kasuetan), eta politika industrialetan kooperatibak kapitulu berezitu bezala txertatzean.

Nire komentarioa: Enpresa Sozial kontzeptua ari dira bultzatzen EBtik, baina ez dakigu zehazki zer den. Nik uste Kapitala vs Lana dialektika horretan kapitalari, akzionistek kontrolatutako enpresei toki bat egin nahi die sozialki ezberdinak edo etikoak diren enpresen artean. Oso peligrosoa. Konzeptuen gerra egin behar dela erakusten duen beste adibide bat.

Gizarte Eraldaketa eta parte hartzea Mondragonen:

Arratsaldean ere izan dira beste beste bi mahainguru, baina ezin izan dut bertaratu. Gorka Julio lankidea izan da eta apuntetxo batzuk pasa dizkit. Mahainguru formatuan izan da, eta bertan parte hartu dute Saioa Arando (MIK), Aitzol Loyola (LANKI) eta Raul Garcia Ulma Taldeko Lehendakariak.

Mahainguruak bi ardatz izan ditu, Eraldaketa eta Parte Hartzea. Lehen zatian Aitzol Loyolak aipatu du ezin dela ulertu Mondragon eredua ez bada eraldaketa sozialeko proiektu bezala, enpresa eredu berri bat sortzeko beharrean oinarritua eta helburu argiekin: Lan duina, oparotasuna bizitza duina, garapen ekonomikoa. Gainera esfortzu hori ekonomiaren traktotre diren sektoreetara bideratu zen, ezin du izan kooperatibismo txiki bat, eta horregatik ere efizientziak garrantzia handia du. Enpresak sortu, enpresen jabe egin eta beste alternatiba bat eraiki. Garaiko antolaketa ereduak jasotzen ditu proiektuak, planteamendu fordistak. Garapen integral bat, jendartean dauden beharrei erantzuteko proposamen bat egin beharra. Arizmendiarrietaren kezka, langileria aberats bat sortzearen arriskua. Komunitatearen ahalduntzea, herritarren iniziatiba aktibatu, ongizate kolektiboari begira. Inoren zai egon gabe. Eraldaketaren ideia lausotu egin dela aitortu dute.

  • Kooperatiben kezka bezala kokatzen da Europan eta orohar globalizazioan aurrean zer eta nola egin, lehena azpiratuz.
  • Administrazio publikoak ere betetzen ditu zenbaiten beharrak. Zentzu horretan kooperatibismoak berregokitze bat egin behar du jada lehen beharrezko zerbitzuak zirenak ez dituelako eman beharreik.
  • Aldaketa kulturalak: indibidualizazioa, autogestionarioaren jaitsiera. Jendartea eraldatzeko tresna bezala kooperatibak ulertzeko era ere galdu da.

Krisi ekonomikotik ateratzetik haratako, sortuko den jendarte berria nolakoa izango den eta horretan zer esanik dugun ere erabaki behar dute.

Ondoren Raul Garciak ULMAren ikuspegitik, egunerokoan aurretik esandakoak nola aplikatzen dituzten azaldu du.

Bigarren blokean Parte Hartzea izan da eztabaidaren oinarri, parte hartze integralaren ideiatik hasita, baina parte hartzea modu utilitaristan oinarrituta, enpresa ereduaren mesedetan, eta ez langilearen garapenaren mesedetan. Parte Hartzeak dituen erronkez eta hutsuneez hitz egin da, eta hortxe uste dut dagoela Mondragon Ereduaren gaur egungo erronka/arazo handienetako bat, langileen parte hartze integrala benetan integral egiten, dituzten arazo askori aurre egiteko tresna bezala, ez soilik pertsonen kudeaketarako tresna bezala.

Galdera eta erantzunak izan dira, bereziki ereduaren gaurkotasuneko estrategien inguruan, baina erantzun argirik ez, eta etorkizuna afrontatzeko ikuspegian ere hutsuneak ikusten dira. Orain arteko eredutik edo eredu enpresarialean sakonduz ikuspegi berri bat landu daiteke? Nire dudak ditut.

Arratsaldeko azken mahainguruan politika publikoetatik kooperatibismoaren sustapena nola egiten den azaltzeko saioa egin da, ez gara bertan izan, baina gai honetan zuzenean parte hartzen dugu eta badakigu oso establezitutako tresnekin egiten dela sustapen hau, gaur egungo beharrei erabat erreparatu gabe, eta jendartean eragiteko gaitasunaren inguruko kritikarik gabe. Informazio praktikoaz aratago ez dugu berritasunak entzuteko esperantza handirik izan eta ez gara bertan geratu.

Bigarren eguna, Saratxaga eredua, mahainguruak eta elkarretaratzeak:

Bigarren egunean 2 mahainguru gehiago izan dira, Kooperatibismoan Berrikuntzak eta Interkooperatibismo internazionalak jokatu dezaketen papera aztertzeko. Bertan bi alde nabarmenduko nituzke, mahainguruetan garrantzia izan dutenak, Saratxagaren NER eredua, eta Euskal Herritik kanpo etorritakoek erakutsitako eredu eta ikuspegi ezberdinak.

Esan beharra dago goizean Kongresura hurbildu direla Ordaindu plataformako pertsona asko, Mondragonek preferenteekin izan duten jokamoldea salatzera, eta konponbidea eskatzera. Kongresuaren kanpoan zarata atera dute elkarretaratzean, eta bertaratutakoei informazioa banatu digute.

Saratxagari dagokionez, mahainguru eta galdera erantzunen tarteetan presentzia handia izan du, izan ere bere estilo zuzenak jendea txunditzen du, eta lortzen du atentzioa erakartzea, modu positiboan, baina baita negatiboan. Izan ere Saratxagaren diskurtsoak, berrikuntza eta eta ikuspegi falta duten eremu enpresarialetan, izan hauek kooperatibo edo ez soluzio posible bat ematen ditu, baina nire ustetan, foro kooperatibo baterako bere diskurtsoa nahiko huts geratzen da, foro kooperatibo bat, Ekonomia Sozialean sakobtzen dakiena, Saratxagaren diskurtsotik askoz haratago joateko kapaz izan behar baita. Ekonomia Sozial Eraldatzaileaz gero eta gehiago hitz egin, NER ereduak gero eta zentzu gutxiago dauka, kuestio klabeei uko egiten dielako, enpresaren jabetza ereduari, eta enpresan eta jendartean existitzen diren botere erreal erlazioei. Bestalde onartu behar dut, Saratxagak duen pontifikatzeko estiloak aspertzen nauela, eta askotan oso faltoia eta paternalista iruditzen zait, ez da mahainguru baterako hizlari ona, eztabaidara aportatu baino bere liburuaz hitz egiten baitu.

Parte positiboa, interkooperatibismo internazionalarena izan da, Txile, Uruguai, Frantzia eta Iparraldeko Ekonomia Sozialaz hitz egin da, eta ondorio argi bat atera da, Internazional Kooperatibista berri bat behar dugu, helburu argi eta agenda propioarekin. Hori nik ateratzen dudan konklusioa noski, hemendik ere parte hartu beharko dugu.

Horrela bukatu da Kongresua, etorkizunari eta saretzeari begira baina ideia eta agenda propio argirik gabe. Bestalde kritika nagusi bat egitekotan, Ekonomia Sozial Eraldatzailea edo Solidarioa erabat ikusezinak izan direla, eta adibide praktikoen falta, Mondragon eredutik kanpo. Ikuspegia oso akademiko/instituzionala izan delako? Ez dakit. Horri buruz ere jardun dugu, eta hala ere oso positiboa da horrelako kongresu bat egin izana. Hurrengoetan ere lagundu eta parte hartzeko prest.

[1] http://www.berria.eus/paperekoa/1798/017/001/2015-10-18/berriz_hazteari_ekitea_titanic_en_mus_partida_bat_irabaztea_bezala_da.htm

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude