Udalgintza berri baten beharra

bitakora — 2015-11-17
Irakurri Offline:

Azken urteotan, 2011tik 2015erako zikloan, bi kolpetan ikusi da gaur egun arteko sistema instituzionalaren funtzionaltasuna gero eta gehiago dudan jartzen dela, arlo askotan, baita tokiko mailan, udaletan. Jendarteak, gardentasuna, parte hartzea, baliabide publikoen erabilera edo kontrol herritarra eta demokratizazioa bezalako kontzeptuak gero eta gehiago erabiltzen ditu. Hori horrela izanda, garrantzitsua da kontzeptu berri horiek atzean duten benetako beharra identifikatu, eta egiten diren plangintza eta proposamen berriak paradigma berri honetan txertatzea.

Paradigma aldaketak zuzenean eragiten die instituzio publikoei, eta bereziki herritarrengandik hurbilen dauden instituzioei. Horrela Joan Subirats irakasleak egiten duen diagnostikoa ekarriko dugu hona [1]:

Gaur egungo jendarteak baditu arazoak egungo administrazioek, beste garai baterako eraiki eta pentsatuak, konpondu ezin dituztenak. Zurruntasun instituzionalak, burokraziak, departamentu estankoak… instituzioen Akilesen orpoa dira, eta arazoak ematen dizkiete haiengana konponbide bila jotzen duten herritarrei. Honen aurrean instituzio eta herritarrekin sare moduan lan egiteko beharra dago.

Baina nola egin lan sarean gaur egungo instituzioekin? Ezin da, udalgintza berri bat behar da, demokratizazio etengabean lan egingo duena, sarean.

Paradigma berrian, eta instituzionalitate berri baten beharra detektatuta, udal mailako instituzioen papera garrantzitsuagoa bihurtzen da, izan ere, herritarrengandik gero eta urrunago dauden instituzioen aurrean, udalgintza berria da beste maila instituzionalen aurrean eragile eraldatzaile bihurtzen dena, eragile demokratizatzailea. Gainera paper berri hau esparru guztietara zabaltzen da, ez orain arte udal konpetentziek hesitutako esparruetara, herritarrei modu globalean eragiten dieten arlo guztietara baizik.

Horrela instituzioek eta herritarrek osatutako sareek, ekonomiaren demokratizazioan adibidez sekulako papera (eta lana) dute. Azkenaldian zabaltzen ari den moduan, eta Catalunya, Italia, Frantzia edo Quebec-en egiten den bezala, udalgintza berriak badu zeregina [2]. Euskal Herrian ere badira eragile eta proposamen bide hau hasteko [3].

Udalgintza berriaren bidea hasi nahi luketen herriak egon badaude, eta eraldatzeko erabakia hartzen dutenak ez dira bakarrik egongo bide horretan. Bartzelona, Cadiz, A Coruña, Compostela, Zaragoza, Madrid, Badalona, Iruñea, Hernani edo Errenteria hasi dira ere bide honetan, eta udalgintza herritarrentzako eraldaketarako tresna bezala ulertzen duten beste hainbat udal gehituko dira, gainera [4].

Gaur egun onartzen hasi da hiriak direla estatuak baino eraldaketarako espazio preferentziala, eta hori frogatu da mundu mailan gertatu diren azken urteetako mugimendu nagusietan. Mugimendutik eraldaketara bidea egiteko, ordea, mugimendu sozialen eta udal egituren koordinazioa behar da; hala, batzuk Ciudades del Común edo guk Udalgintza Sozial Eraldatzailea deituko duguna eraikitzeko. Eta zer da Udalgintza Sozial Eraldatzailea, zein bereizgarri ditu?

  • Komunetik, herrigintzatik datozen praktikak aitortzen eta babesten ditu.
  • Biltegi eta plataforma digital/presentzial parte hartzaileak eraikitzen ditu.
  • Marko juridiko malguak sortzen ditu herritar, herrigintza eta kooperatibismoarentzat.
  • Publiko-komunitario-kooperatibo paradigma onartzen du, gaurko publikoa-pribatua paradigmaren aurrean.
  • Errekurtso ekonomikoak eskaintzen dizkio eremu komunari, kooperatibo-komunitarioari.
  • Eredu ekonomiko sozial eraldatzailea sustatzen du.
  • Intermunizipalismoa garatzen du, Udalgintza Sare Eraldatzailea.

Azken finean, oinarrizko printzipioekin sare indartsua sor daiteke, elkar onartzen/aitortzen duten udalen elkartasun sarea.

Hitzetatik ekintzetara bidea egin behar da, ordea, eta horretarako bideratutako tokiko estrategiak landu beharko dira. Horretarako baditugu eskala handiagoko ereduak ere, udal mailara ekarri daitezkeenak, FlokSociety da bat [5].

Oso modu xumean hasi daiteke bidea, pixkanaka zabaldu eta eraginkorragoa bihurtuz; udalgintza berria eta herritarren arteko sare bizia sortuko duena, denon artean denontzako herri hobeak egiteko.

[1] http://www.eldiario.es/norte/euskadi/gran-problema-Espana-educacion-cero_0_446905621.html

[2] http://www.economiasolidaria.cat/?p=746

[3] http://olatukoop.net/ekonomia-sozial-eraldatzailea-herrietan-bultzatzeko-proposamena/

[4] https://www.diagonalperiodico.net/global/27761-por-red-global-ciudades-rebeldes-del-bien-comun.html

[5] http://floksociety.org/

Irudia: https://en.wikipedia.org/wiki/Paris_Commune#/media/File:Colonne_vendome.jpg

Irakurri Offline: