Euskal horteradaren historia (Durangoko azoka noizbait aurkituko dudan liburu normalaren gaineko oharra)

jendartea — 2015-12-10
Irakurri Offline:

Nik banuen Esne Beltzaren eta Bizardunen arteko aferaz zer edo zer idazteko asmoa, baina Gorka Bereziartuak gaia nik baino luzeago, sakonago eta, oro har, hobeki landu duenez, ohar bat bertzerik ez dut eginen.

Hasmentatik atentzioa eman zidan Bizardunek kritika identitatearen eremura eraman izanak –“hau euskal musika bada, gu ez gara euskaldunak”–, eta ez estetikaren eremura; eta niri ere Sueños de color kanta txarra iduritzen zaidala aitortuta ere –are gehiago, kanta horrek eragiten didan erreakzioa deskribatzeko txarra adjektiboa franko motz gelditzen dela eta solas koloretsuago eta adierazkorragoak baliatzen ahalko nituzkeela aitortuta ere–, afera ez zen, nire uste apalean, hain harrigarria: musika arineko talde bat musika arina egiten. Tira, horri normaltasuna deitzen omen zaio. Egia da, halere –eta puntu horretan bat egiten dut Bizardunekin–, normaltasun horrek Espainiako normaltasun patxangeroaren antz handia duela. Baina inork ez zuen erran normaltasuna gustatuko zitzaigunik.

Bizardunei egurra eman zaie lehen komunikatua erdaraz egin zutelako. Orain, bigarren komunikatua irakurrita, paralelismoek egin didate grazia; zeren, Jon Garmendiak Esne Beltzak lan handia egin eta egiten duela eta horregatik kritikak moderatu egin beharko genituzkeela aldarrikatu duen bezalaxe, Bizardunek ere aldarrikatu baitute lan handia egin dutela beren burua euskalduntzeko, baina zona mistoan erdaraz bizi behar duten euskaldunak direla –ongi da Gipuzkoa sakonean bizi garen euskaldunzahar peto-peto guzioi hori gogoraraztea–; hau da, euskaraz badakitela, baina komunikatu bat a toda pastilla idazteko, bada, pues eso, erdaraz azkarrago ateratzen zaiela. Eta hori ere –euskaraz badakit baina erdaraz hobeki moldatzen naiz– normaltasuna da. Egia da, halere –eta puntu horretan bat egiten dut Bizardunei egurra eman dietenekin–, normaltasun horrek Espainiako normaltasun linguistikoaren antz handia duela. Baina inork ez zuen erran normaltasuna gustatuko zitzaigunik.

Niri, erran bezala, paralelismoak egin dit grazia: la intención es lo que cuenta –zeren agudo ari naiz idazten, eta errazago ateratzen zait erdaraz, mi arma, ole–; alegia, euskal kulturaren alde eginahal izugarriak egiten ari gara eta, emaitzak –musikalak edota linguistikoak– erdipurdikoak izanda ere, errespetua merezi dugu, gutarrak gara eta. Berriz diot, funtsa identitatea balitz bezala.

Aurten ez dugu ikusiko, baina noizbait Durangoko azokan Euskal horteradaren historia aztertuko duen liburu bat harrapatzea espero dut. Jatorrismoari eskainitako kapituluaren ondotik, gutarrismoa eta horren aldaerak eta korronteak jorratuko dituen atala etorriko da. Baina oraindik hain normalak –edo hain anormalak, ez dakit– ez gara.

Irakurri Offline: