Etzi.pm: Zertan asmatu dugu 2015 urteari dagokionez?

portada — 2015-12-30
Irakurri Offline:

2015 urtearen hasieran urterako baliagarri izango zitzaigun autobetetzen den profezia bat idatzi genuen, ‘α zero: 2015ean datorrena’ txosten forma hartu zuena. Esan beharra dugu Talaios Kooperatibako kideok, autobetetzen den profezia hau txosten estrategiko bezala erabili dugula urtean zehar landu ditugun aholkularitza eta proiektu propioetan, eta uste dugu ez garela oso oker ibili. Eguneroko zurrunbilotik kanpo, hainbat gai estrategikoren inguruko epe ertaineko irakurketa eskura izan dugu, eta gaur egun horrelako tresna bat eskura izatea luxua da.

Publikatu genuen txostena aztertuz gauza batzuk pentsatu bezala gertatu dira. Subjektu politikoak sortu eta hedatzeko eredu berriek zeresan handia eman dute, eta bide hori egina ez duten egiturek eraldatzeko beharra ikusi dute aurten. Feminismoak agenda publikoan tokia hartu du diskurtso indartsuarekin, eremu askotan hegemonikoak diren jokamoldeak eztabaidara ekarriz, baita harremanen arloan ere. Eremu fisikoa sentsorizatzen eta saretzen hasi da, bai maila indibidualean baina baita eremu publikoan ere, oraindik ulertzen ez dugun eraldaketaren aurrean jarriz jendartearen eta  informazioaren antolaketa. Ekonomia kapitalistaren alternatibak agenda politikoan ezarri dira, eta oraindik txikitasunetik, baina esperientzien saretzearen bitartez Ekonomia Sozial Eraldatzaileak ikusgarritasuna lortu du. A bai ahaztu gabe, errusiarrak mendebaldearentzako gaizto unibertsal berriak izateko saialkera nabarmena izan da, naiz eta urtean zehar konpetentzia atera zaion.

Hala ere esan behar da beste gai batzuetan egindako aurreikuspenak ez direla bete, ez behintzat guk nahiko genukeen neurrian, oraindik aukeren esferan gelditu direlarik. Adibidez informazio masiboaren garaiotan garapenerako klabea diren p2p teknologia banatuak oraindik ez dira zabaldu behar bezala, eta interneten zentralizazioak aurrerapausoak egin ditu. Ekonomia partekatuan oinarritutako esperientziak, batez ere kooperatiboak, erritmo onean hazi dira, baina oraindik jendartean ezezagunak dira, eta erabiltzaile kooperatibizatuen eta kontsumitzaileen arteko arrakala handitu da, instituzio publikoek ere ez dute harreman publiko-kooperatiboen aldeko apusturik egin. Energia sorkuntza, almazenamendu eta banaketaren arloan ere burujabetzarako aukerak eskura izanik ere, estatu eta multinazionalen presioaren ondorioz ez da aurrerapen handirik egin. Eta hezkuntza eredu tradizionalen porrota nabarmena den arren, eredu berriek ez dute asko aurreratu. Bereziki kezkagarriak dira programazioak eta teknologia libreek eskoletan sartzeko dituzten oztopoak, ezezagutza, kontserbadurismoa eta lobby korporatiboak ezin gaindituz.

Urtearen balorazio positiboa egiten dugu hala ere Talaios Kooperatiban gabiltzanok, eta ikusten den bezala, pausoak txikiak izanda ere hainbat alternatiba eta jendarte paradigma aldatuko duten egitasmo aurrera doaz. Bete ez diren aurreikuspenetan ere kasu batzutan erregresio kezkagarria detektatu badugu ere, orokorrean aukera gehienek irekita jarraitzen dute, gure esku dago horietan bakoitzak ahal duen eremutik eragitea. Horretarako da baliagarria autobetetzen den profeziaren estrategia, estrategikoak diren eremuetan ekintza hutsuneak detektatu eta bestela ezinezkoak diruditen aldaketak bideragarri bihurtzen dituelako, eta etorkizun hobeak irudikatzea beharrezkoa da etorkizuna eraikitzeko.

Datozen egunetan 2016 urteko aurreikuspena argitaratuko dugu. Baliteke gai batzuetan aurrekoaren jarraipen izatea, baina beste batzuk berriak izango dira. Seguru dakiguna da datorren urterako bideorri estrategikoa izango dela guretzat, eta nahi dugu zuentzat ere horrela izatea.

Irudia: https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Nostradamus_prophecies.jpg#/media/File:Nostradamus_prophecies.jpg

Irakurri Offline: