2013ko ekainaren 20an aurkeztu zuten Ondarroan “OND2020“ plan estrategikoa.

Zaila da 111 lagunek parte hartutako hausnarketa prozesuak utzitako guztia artikulu “motz” bakarrean biltzea eta horretarako, egunean bertan, Hitzako lagunek eginiko kronikaz baliatuko naiz irakurlea kontestuan ipintzeko. (Artikulua osorik)

Arrantza: “Arrantza sektorearen aldeko apustua egiten jarraitu nahi da, “arrantza sektore erakargarri eta errentagarri baten alde lan eginaz, arrainari balioa erantsiz, herriko arrantzale izaera turismoagaz lotuz eta aktibitatea barriak eta barritzaileak sustatuz arrantza sektoretik haratago”

Turismoa: “etorkizuneko” jarduera kontsideratu da, aktibitate ekonomikoaren iturri. Horretarako, herria turismora zabaldu behar da, baliabideak balioan jarriz eta herriko dinamismoa indartuz.

Merkataritza: “Herri dinamismoaren adierazle garbia.”“… Elementu ezberdintzaileen ingurua berrindartu beharra” “arin eta katitateagaz”

Gainera hiru mahai sektorial edo foro ezarri ziren martxan: “Arrantza foroa”(bi hilabetean behin), “Merkataritza-turismo foroa”(hiru hilabetean behin) eta “Jarduera barrien foroa” (lau hilabetean behin)

Gaur, orokortasun eta indefinizio gehiegi zituen plan hura aurkeztu zenetik bi urte eta erdi betetzear gaudenean, langabezia tasarenak ezik, Ondarroako gainontzeko adierazle ekonomiko guztiek beherantz egin dute. Arrantzarekin zerikusia dutenak, merkataritzarekin zein zerbitzuekin. Bi hamarkadatan biztanleriaren herena galdu dugu eta gure herriaren estrategia XX.mendeko indarguneetatik eraikitzen jarraitzen badugu laster iritsiko da erdira. Izan ere, gero eta gehiago dira herritik kanpora aukerak bilatzea planteatzen dutenak.
Portuak daraman martxak argi erakusten du arrantzak gero eta gutxiagori emango diela gurean jaten (bide batez esan Lonja berriaren proiektua beste akats handi bat da egungo planteamentuarekin). Plan estrategikoa martxan jarri zenetik portuan behar den zamalari kopuruak eta txalupetan dauden arrantzale kopuruak plana martxan ipini aurreko martxa bera jarraitzen dute; biak beherantza. Eta arrainaren bitartekari diren hainbat enpresa EREak aplikatzen hasi dira orain arte ez bezala.

Ondarruk bere ADNan darama erresistentzia baina ez dugu landu erresilientzia. Gure izaera gogor eusten asmatu dugu, baina izatea lantzen ez dugu asmatu. Zer izango gara Etzi? Ez dakit zer izango garen, baina ziur XX.mende hasierako herri arrantzale definiziotik aski urrunduko garela. Edo aldatu edo hil. Gainera, bakar bakarrik gelditu gara. Azken hau, ahalik eta azkarren azalduko dut.

Inguruan dauden mugimendu metatzaileetatik kanpo geratu da Ondarru eta ez gara konturatu, hori da txarrena. Eskualdeko plan estrategikoak apenas eragiten du herrian bertan. Turismorik ez dugu apenas (Arrigorri Ostatua martxan jarri denetik apur bat bai zorionez) eta gure industriaren egoera oso larria da. Berriatua, Etxebarri, Markina – Xemein eta Gizaburuaga dira Industriaren ehuneko nagusia metatzen dutenak. Aulesti, Mendexa zein Amorotok ere aukera gehiago dituzte industriari dagokionez egoera hobean daude Ondarru baino. Eta turismoari dagokionez, Lekeitio da eskualdeko herri turistikoa. Hau gutxi ez eta eskualdetik haratago begiratzen hasten bagara are kezkagarriago da egoera. Bilbo eta bere hondartzak urrun geratzen zaizkigu estrategia amankomun bat eraikitzeko. Are urrunago Ondarruren sentsibilitate politikoak diputazioaren oso begiko ez izatea suposatzen duela jakinda. Urdaibaiko lagunak ondo daude Biosferan gordeta eta aski herri dira estrategia amankomun “logiko” bat garatzeko. ekialderuntz begiratzen badugu Flyscharen Geoparkearekin aurkitzen gara. Mutrikun hasi eta Zumaiararte. Tartean Deba turistikoa dugu. Zumaia ostean Getaria dator eta hortxe hasten da hain justu Eurohiria. Getariatik Baionararte doa Eurohiria eta garatuko dituzten milaka proiektuak zein horretarako Europak emango dituen laguntzak ere urrun geratzen zaizkigu.

Ekonomikoki “Hondar aro” batean sartzear dago herria eta ezinbesteko dugu Erresilientzia plan bat martxan jartzea. Eta ez 111ren artean, baizik eta gutxienez 1111ren artean. Hemen ideia batzuk beste 1110ak jaso bitartean:

Arrantza: Udalak ez du eskumenik Europa, Madril zein Gasteiztik datozen aginduei aurre egiteko, eta nekez eragin dezake itsaso ustiatzen dutenen politiketan. Arrainaren manipulazioan eta kontserbetan espezializaturiko enpresei dagokienez, beti dago enplegu politika edo bestelakoetan laguntzerik. Enpresa hauek ezinbestekoa dute kalitatearen eta produktuen berrikuntzaren aldeko apustua indartzea, globalizazioak aspaldi bihurtu baitzuen ezinezko prezioarekin leihatzea.

Barne eta kanpoko itsas haztegien aukera ere hor dago baina honek ez dakit ze bideragarritasun izango lukeen.

Hala ere, kontrolatzen zailena dena kontrolatu nahian ibili baino hobe dugu ezinbesteko izango dena asimilatu eta arrantza ezak ekarriko dituen aldaketa guztiei aurre hartzen saiatu.

Merkataritza: Lokalen pribatuen alokairuak jaitsi eta Udalak laguntza plana egokitu beharko luke. Ekonomikoaz gain oztopo burokratikoak ezabatzea garrantzitsua da.

Turismoa: “Etorkizuna” indefinitu izatetik egutegian data bat izan behar duen gaia da. Eta gurea bezalako herri batek ematen dizkigun aukera guztiak baliatu behar ditugu.

Museo – interpretazio guneak: Ez dugu Herriko Historiari eskainitako eraikinik, ezta ere Itsas museorik edo interpretazio zentrorik. Ondo legoke, gune didaktiko fisiko gehiago izatea.

Hotel – ostatuak: Portuko aktibitatea jaitsi ahala eraikin asko ari dira hutsik geratzen. Hauen berrerabilpenean asmatzea gakoa izango da portuaren guneari izaera berri bat ematen joateko. Portu Agintaritzak ere asko aldatu beharko luke bere kudeaketa eredua eta Udalari eskumen batzuk eman portuaren etorkizunean erabakitzeko orduan.

Hotel eta ostatu berriak aipatzean ez dezala inork Marbella eta Mediterraneoko eredu suntsitzailean pentsa. Turismo jasangarri eta kulturala hartzeko azpiegitura apalak aski dira.
Esate baterako, portuan hutsik geratzen doazen eraikinak erreabilitatuz ostatu gune bat sortuz (Egun dauden baliabideen aprobetxamendua gakoa da udalaren gaitasun ekonomikoa kontutan hartzen badugu).

“Beste jarduerak”: aurreko puntuan etorkizunarekin gertatu bezala, kakotxo artean dauden bi hitz indefinituen ordez jarduera indentifikatuak behar ditugu. Gai honetan gakoa izango da baita ere porrotari diogun beldurra gainditzea.

Jakintza herrian geratzeko apustua: gazteentzako lan-bizi plan integrala. Krisia krisi eta langabezi tasa zeruetan izan arren oraindik 500 euro bueltan dabiltza bataz beste herriko etxeen alokairuak. Ia ia hiriburuen pare. Kontzientziazio orokorrean eragiteko kanpainak martxan ipini beharko lirateke eta udaletik “win-win” dinamikak azaldu eta bultzatu.

Teknologia berrietan, komunikazioan, ikus entzunezkoetan zein etorkizunean pisua izango duten hainbat alorretara bideratutako enpresa berrientzako lokal batzuk inkubadora bezala edukitzea oso beharrezkoa da eta baita berauentzat aholkularitza zerbitzu bat eskura ipintzea ere.

Herri berdea: “kotxekrazia”-rekin bukatu eta kaleen peatonalizaziorako plan integral berri bat definitu, zaborren kudeaketa arduratsu baterako plana, kutsadura akustikoa borrokatzeko plana, eta gure herria XXI mendera gehiago gerturatuko dituzten beste hainbat neurri.

Tokiko moneta: herriak tokiko moneta propioa izateko dimentsioa duen aztertu eta egokitasunaren arabera martxan ipini. Hemen, ordea, gutxienez Lea-Artibai eskualde mailako proiektu baten aldeko apustua egitea estrategia zentzudunagoa litzateke. Hor ziur ez ginatekeela bakarrik egongo.

Aliantzak: Beste estrategia desberdin batzuk finkatuta izan arren, inguruko herriekin interes estrategiko berriak identifikatu eta aliantzak lortu behar dira.

Kultura plana: Kulturarik gabeko herria, herri hila da; baina zorionez, gure herriaren benetako indargunea hau da, inongo globalizazio eta deslokalizaziok kenduko ez diguna; eta bertatik eraiki behar dugu hein handi baten Ondarru erresilientea. Ziur asmatuko dugula.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude