XXXAsko dago ikertzeko euskal gizarte zientzietan Interneten inguruan, balioa eman behar diogun “X” erraldoi bat da. Amsterdamen egindako kurtso batean argi ikusi genuen Xabier Landabidea eta biok gure ezjakintasun egoera. Kuraia jarraituz, “iluntasunari barre” eginez, gure ezjakinen posizio pribilegiatuaz gozatu genuen kurtsoaren dinamika eta metodologiagatik eramaten utziz. Piraten mapetan, “X”-ak altxorra dagoen tokia markatzen du eta gu, bi pirata izan ginen armarri gisa hiru ixa dituen hirian.
Irudikatu dezagun egoera: teatro haundi bat, Interneten inguruko kezkak ditugun 200 parte hartzaile baino gehiago eta 15 minututan teoria konplexuak azaltzeko gai diren hizlari bikainak. Horrela eman genuen lehen eguneko goiza. Richard Rogers entzuten distraituta egon behar dugula azaltzen zigun bitartean, beste ezagutza batzuk bilatzeko eta beste pertsona batzuekin hitz egiteko aukera ematen dizkiguten IKT-ekin, zelan egongo ginen bera zentzumen guztiekin entzuten egongo? Lilie Chouliaraki-ri esker kapitalismoaren moral faltsua Internet bidez nola hedatu den ulertuz, errefuxiatuen kasua azaltzen zigun bitartean.
Internet, ikerketa-espazio bat izatetik, ikerketa-tresna bat izatera igaro dela ikusi genuen. Interneteko online sare sozialak ikertzen dira oraindik ere baina azken urteetan ikerketa multiplataformek indarra hartzen daude: aldi berean ikerketa-objektu bat ikerketa-espazio ezberdinetan aztertzea, adibidez, euskal identitatearen eraikuntza Facebook, Twitter eta Instagramen inguruko ikerketa bat. Ikerketa multiplataforma hauek, besteak beste, informatikariek garatu dituzten tresna bikainei esker da posible, bestela, hain zabalak eta konplexuak diren espazioak ezingo lirateke modu egoki batean aztertu. Orain, Internet gizartean geroz eta gehiago egonkortzen den heinean eta Daniel Millerrek orain dela urte batzuk izendatutako gizarte sozio-tekniko edo sozio-teknologikoen nozioak garrantzia hartzen duela, badirudi Internet bera gizartea ulertzeko tresna eta bidea dela. Internet aurretik gizarte batek zituen arazoak edo kezkak hobeto ezagutzeko beharrezko ikerketa-tresna gisa ulertu genuen Internet bera.
Beste hainbat hizlari bikain etorri ziren goizean zehar, baina arratsaldean formatu teoriko hori gainditzen zuen proposamen bat egin ziguten. Aurretiaz beste unibertsitate, erakunde eta enpresekin adostuta, ikerketa ezberdinen berri eman ziguten hauetan sar gintezen. Interneten dagoen kontrol soziala, diskutrso eta praktika feministak Interneten edota errefuxiatuen inguruko iruditegia aztertzeko gonbitea egin ziguten. Feria horretan Xabi eta biok pozaren pozaz geunden: bi ume bezala jolasten eta ez bi akademiko bezala jokatzen. Bera, hiriak eta hauetan ematen diren joera sozialak Twitter bidez aztertzeko ikerketan sartu zen; ni, ibilbide kulturalak egitearen arrazoia aztertzen zuen ikerketa batean sartu nintzen; gu, Lille Unibertsitateko Gériico ikerketa-taldeko bi ikerketetan sartu ginen eta gizarte sozio-teknologikoetan Internet ikerketa-tresna gisa ulertu genuen.
Lehenengo egun teorikoa eta gero, etorriko ziren lau egunak erabat praktikoak izan ziren. Ikerketa horietan murgilduta egon ginen, kasu zehatz baterako, tresna jakin bat nola erabili ikasiz. Ezagutza ezberdinetako pertsonak bildu ginen taldeetan: kazetaritza Masterreko ikasleak, Informatikan Tesia egiten ari ziren ikertzaileak, Doktoretza osteko ekonomia ikertzaileak eta ikus-entzunezko komunikazioko irakasleak. Euskal Herrian ezagun dugun harreman normatibotik ihes eginda, zuzenean hasi ginen lanean beste abiapuntu batetatik.
Abiapuntua ez zen “IKT-ra hurbilpena: oinarrizko tresnak” edo “Youtuben eman beharreko lehen pausuak” ez eta “Gazteek Facebooken dituzten praktika onak eta txarrak” non berez ontzat ematen den irakasleak dena dakiela eta ikasleek ezer ez dakitela: hauek, agintzen zaizkien erabileratik ihes egitean Internet apurtuko balute bezala. Ez. Kurtso honetan denok ontzat ematen genuen ezer ez dakigula. Eta horrekin gozatu genuen ere, gure posizio pribilegiatu horretaz aprobetxatu ginen. Diziplina aniztasun horretan, betiere proiektuaren eta taldearen hobe beharrez, bakoitzak ondo zekiena egiten zuen, eta ez zekiena galdetzen zuen. Proiektu bat interdiziplinarra eta talde bat multidiziplinarra izatea zer den ulertu genuen. Taldeko lanaren garrantzia, are gehiago, beharra ulertu genuen. Hoteleko egongelan zegoen “Too much Ego will kill your talent” kartelak pistaren gainean jarri gintuen eta taldeko dinamizatzaile batek errematatu zuen: “Erabaki garrantzitsuak hartzerakoan modu kolektiboan izan dadila, izan ere, nor naiz ni proiektu baten norabidea aldatzeko?”.
Astebetez (goizetan) lan gogorra egin eta gero, Xabik esan bezala, burua ideiaz beteta eta bihotza indarberrituta bueltatu ginen Amsterdametik. Orain, lana besterik ez zaigu geratzen, dena baitugu egiteko. Bide luze honen beste pausu egoki bat izan daiteke Amsterdamen ezagututakoak (maila teoriko, enpiriko zein metodologikoan) UEUko udako kurtso batean lantzea gai hauetan interesa duten euskal herritarrekin. Auskalo. XXX.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude