XXX

ekonomia — 2016-01-26
Irakurri Offline:

Asko dago ikertzeko Interneten inguruan euskal gizarte zientzietan, balioa eman behar diogun “X” erraldoi bat da. Amsterdamen egindako kurtso batean argi ikusi genuen Xabier Landabidea eta biok gure ezjakintasun egoera. Kuraia jarraituz, “iluntasunari barre” eginez, gure ezjakinen posizio pribilegiatuaz gozatu genuen kurtsoaren dinamika eta metodologiagatik eramaten utziz. Piraten mapetan, “X”-ak altxorra dagoen tokia markatzen du eta gu, bi pirata izan ginen armarri gisa hiru ixa dituen hirian.

Irudikatu dezagun egoera: teatro handi bat, Interneten inguruko kezkak ditugun 200 parte hartzaile baino gehiago eta 15 minututan teoria konplexuak azaltzeko gai diren hizlari bikainak. Horrela eman genuen lehen eguneko goiza. Richard Rogers entzuten distraituta egon behar dugula azaltzen zigun bitartean, beste ezagutza batzuk bilatzeko eta beste pertsona batzuekin hitz egiteko aukera ematen dizkiguten IKT-ekin, zelan egongo ginen bera zentzumen guztiekin entzuten egongo? Lilie Chouliaraki-ri esker kapitalismoaren moral faltsua Internet bidez nola hedatu den ulertuz, errefuxiatuen kasua azaltzen zigun bitartean.

INTERNET ESPAZIO GISA EZ, HONEN ONDORIOAK

Beste hainbat hizlari bikain etorri ziren goizean zehar, baina arratsaldean formatu teoriko hori gainditzen zuen proposamen bat egin ziguten. Aurretiaz beste unibertsitate, erakunde eta enpresekin adostuta, ikerketa ezberdinen berri eman ziguten hauetan sar gintezen eta era praktiko batean teoriak aplikatzeko. Interneten dagoen kontrol soziala, feminismoa Interneten edota errefuxiatuen inguruko iruditegia aztertzeko gonbitea egin ziguten. Feria horretan Xabi eta biok pozaren pozaz geunden: bi ume bezala jolasten eta ez bi akademiko bezala jokatzen. Bera, hiriak eta hauetan ematen diren joera sozialak Twitter bidez aztertzeko ikerketan sartu; ni, ibilbide kulturalak egitearen arrazoia aztertzen zuen ikerketa batean sartu nintzen; gu, Lille Unibertsitateko Gériico ikerketa-taldeko bi ikerketetan sartu ginen.

Lehenengo egun teorikoa eta gero, etorriko ziren lau egunak erabat praktikoak izan ziren. Ikerketa horietan murgilduta egon ginen, kasu zehatz baterako, tresna jakin bat nola erabili ikasiz. Ezagutza ezberdinetako pertsonak bildu ginen taldeetan: kazetaritza Masterreko ikasleak, Informatikan Tesia egiten ari ziren ikertzaileak, Doktoretza osteko ekonomia ikertzaileak eta ikus-entzunezko komunikazioko irakasleak. Euskal Herrian ezagun dugun harreman normatibotik ihes eginda, zuzenean hasi ginen lanean beste abiapuntu batetatik.

Abiapuntua ez zen “IKT-ra hurbilpena: tresna basikoak” edo “Youtuben eman beharreko lehen pausuak” ez eta “Gazteek Facebooken dituzten praktika onak eta txarrak” non berez ontzat ematen den kurtsoko irakasleak dena dakiela eta ikasleek ezer ez dakitela: hauek, agintzen zaizkien erabileratik ihes egitean Internet apurtuko balute bezala. Ez. Kurtso honetan denok ontzat ematen genuen ezer ez dakigula. Eta horrekin gozatu genuen ere, gure posizio pribilegiatu horretaz aprobetxatu ginen. Diziplina aniztasun horretan, betiere proiekturen eta taldearen hobe beharrez, bakoitzak ondo zekiena egiten zuen, eta ez zekienaz galdetzen zuen.

Proiektu bat interdiziplinarra eta talde bat multidiziplinarra izatea zer den ulertu genuen. Taldeko lanaren garrantzia, are gehiago, beharra ulertu genuen. Hoteleko egongelan zegoen “Too much Ego will kill your talent” kartelak pistaren gainean jarri gintuen eta taldeko dinamizatzaile batek errematatu zuen: “Erabaki garrantzitsuak hartzerakoan izan dadila modu kolektiboan, izan ere, nor naiz ni proiektu baten norabidea aldatzeko?”.

Astebete goizez lan gogorra egin eta gero, Xabik esan bezala, burua ideiaz beteta eta bihotza indarberrituta bueltatu ginen Amsterdametik. Orain, lana besterik ez zaigu geratzen, dena baitugu egiteko: bide luze honen beste pausu egokia izan daiteke Amsterdamen ezagututakoak (maila teoriko, enpiriko zein metodologikoan) UEUko udako kurtso batean lantzea gai hauetan interesa duten euskal herritarrekin.

TWITTER GUTXI

Irakurri Offline: