Batzuren ustez 2010 urtetik aurrera, zorraren krisiak Europan eragindako aldaketa politikoak historia liburuetan azalduko dituzte. Momentuz dakigun gauza bakarra, Grezian, austerizidioaren aurkako koalizio bat gobernuan sartu dela, baina, ezin izan dio “Shock doktrinari” aurre egin eta murrizketak, pribatizazioak eta neurri ekonomikoak bere horretan mantendu ditu. Europako beste herrialdeetan ikusteke dago noraino herritarren saminak nola eragiten duen botere politikan. Hala ere “aldaketak” beste osagai batzuk dakartza, momentuz, iceberg baten kasuan gertatzen den bezala bakarrik agerian dagoena ikusten uzten duena. Hots, identitatearen inguruko gatazkak.

Orain arte Greziari buruz hitzegin dut, batez ere izenburuetan ez dauden errealitateak ekartzeko asmoarekin.

Aurten, paralelismoak marraztea da nire helburua, hango errealitatea eta hemengoa hurbildu edo konparatzeko, ez bakarrik Grezian eta Euskal Herriaren artean, baita munduko beste hainbat tokikorekin ere.

EGUBERRIKO ISTILUAK KORSIKAN
Korsikarekin hasiko gara. Aurreko abenduaren 18an, Frantziar estatuko eskualde hauteskundeen ondorioz, Korsika osorako gobernua independentista da lehenengo aldiz historian. FNLC talde armatuak 3 urte lehenago bere jarduera armatuari bukaera eman zion. Komunikatuan independentziara bideratuko duen bide politiko berria iragarri zuten.

Gobernu independentistak kargu hartu eta 6 egun geroago, gabon gauean, Ajaccio hiriko suhiltzaile zerbitzuek zabor ontzi bat sutan zegoela eta dei bat jaso zuten. “Jardins de l’Empereur” auzora suhiltzailearen kamioia hurbildu zenean, harrikaz eta makilez jaso zituzten, laguntzera joan zen polizia autoak ere hamar lagunez osatutako taldearen eraso jaso zuen ere. Erasotzaileek “Korsikar madarikatuak” ohikatu zieten suhiltzaileei eta poliziei.

Ondorengo goizean, jendea prefeturaren eraikinaren aurrean elkarretaratu zen korsikar banderarekin. Suhiltzaile eta poliziei elkartasuna erakusteaz gain segurtasun gehiago eskatzen zuten. Hortik manifestazioan hurbildu ziren erasoa gertatu zen “Jardins de l’Empereur” auzora eta bertan zegoen kebab jatetxea eta mezkita erasotu zituzten.

Ez da lehen aldia horrelakorik gertatzen denik. 2005ean ere Bastiako futbol zaleek arabiar jatorrizko hainbat gazterekin istiluak izan zituzten. “Corsi Clandestini” izeneko talde armatu berria berri bat “arabiarren aurka” borrokatzeko asmoa zuela iragarri zuen.

Marie Peretti-Ndiaye soziologoak urteak daramazki Korsikako arrazakeria aztertzen. Bere esanetan, paradojikoki aurreko abenduaren 27an manifestazioan, independentistek sekuritate indar gehiago aldarrikatzen ari ziren.

Konspirazionismoan erori gabe deigarria da horrelako probokazio bat suertatzea, hain zuzen Korsikako asanblada eta gobernua independentisten eskuetan egon eta sei egunetara. Korsikako hauteskundeen emaitzak aipamen gutxi izan dute frantzia zein nazioarteko hedabideetan, arreta nagusia FNk PACA eta Nord Calais lortutako emaitzetara joan da. Hala ere gai honi buruz galdetu zieten Manuel Valls eta Jacques Phillipot-i. Biek bat egin zuten haien analisian, independentistek ezin dute korsikeraz mintzatu asanbladan. Manuel Vallsek independentisten jarduerari marra gorriak jarriko dizkiete gogorazi zuen ere.

Ajaccioko alkateak aspalditik drogen kontrako jardueraren lasaitzea salatzen ari zen eta horren ondorioz hainbat auzoetako sekuritatea andeatzen ari zela ere salatu zuen. Frantses estatua, goraldi gerrazale eta sekuritario baten erdian dagoela ezin dugu ukatu eta behar bada korsikako auzian bere aldeko mugimendu taktikoa sortzea lortu du eta horrekin batera txeke txuria lortu du Korsikara polizia gehiago bidaltzeko eta prefetaren garrantzia nabarmentzeko.

Ez da gezurra, Korsikan arrazakeri arazo bat badagoela, halaere, Marie Peretti-Ndiayek dioenaren arabera ezin da Korsikar nazionalismoa eta arrazakeriaren arteko harreman zuzenik trazatu. Ajaccio eskuineko hiri bat izan da beti, 2012ko lehendakaritzarako hauteskundeetan Sarkozy izan zen bozkatuena eta haren ondoren Marine Lepen. Aurreko hauteskundeetan Korsikako nazionalistek Lepeni kendu bazioten bigarren postua lehenengoa “Le Rassemblement”entzat gelditu zen. Beraz arrazakeriaren arazoa ezin da nazionalisten ardura izan, edo behintzat bere osotasunean. France 3 eta iTele mikroetan hitzegin zuten “Jardins de l’Empereur” auzoko bizilagunak. Haien hitzetan ez dute hain metropolitarra den “banlieue” fenomenoa haien irlan ikusi nahi. Kontinentean huts egindako eredutzat hartzen dute. Emakume batek arrazakeriaren kalifikatiboa arbuiatzen zuen hedabideetan, “hemen herri bat hitzegiten ari da eta hobe duzue ondo entzutea!”.

XXI mendearen hasierak Europar mendebaldean estaturik gabeko nazioen gatazkei lotutako borroka armatuaren estrategiaren sakoneko birmoldaketa ezagutu du: Irlandan, Euskal Herrian eta Korsikan batez ere. Gatazkak birformulatzen joaten dira gizartean, edo hobeto esanda, gatazka horiek formulatzeko modu berriak ager daitezke aldaketa horren ondotik.

KATALUNIAKO ALBIOL ETA EUSKAL HERRIKO MAROTO
Katalunian horrela gertatu zen PxC alderdiarekin, Josep Angladak “etxekoen” kontzeptua sortu du Katalunian azken 20 urteetako etorkinak gainontzeko hiritar katalanetatik bereizteko asmoarekin. Bere aldeko sustengua hazi zen baina hedabideen sustengurik gabe eta mobilizazio antifaxistaren ondorioz arnasik, gabe gelditu zen. Aitzitik Badalonako PPko alkateak, Xabier Garcia Albiolek hartu dio lekukoak. Euskal Herrian Javier Marotok ere bere “experimentua” egin du laguntza sozialen gaiarekin eta Gasteizen mezkitaren aurkako mobilizazioekiko atxikipena agertu du ere.

Ajaccio, Badalona eta Gasteizek badituzte hainbat ezaugarri amankomunean. Hiri ertainak dira, soziologia independentista duten eskualdeetan daude baina aldi berean badirudi hiru hiri horiek hegemonia independentista horietik at daudela. Ajaccio betidanik Frantziar zentro eskuineko RPR eta gero UMPren eskuetan egon da, Gasteiz da EAEn PPri alkatetza emateko aukera ematen dion hiri handiena eta Badalonan PSOEren urteetako hegemoniatik udala PPren eskuetan egon zen aurreko udal hauteskundeak izan arte. Hiru hiri horietan arrazakeria eta xenofobia izan daitezke krisiak eragindako hiritarrak, ezkerreko desilusionatuak, eskuineko nazionalista despistatuak eta unionistak batzeko idei transbersal bat, eta ederki baliatu dute nahiz eta aritmetikak haien aurka jokatu duen azken hauteskundeetan.

ETA IRUÑEAN?
Nahiz eta gaur egun hiru hiri horiek ez daude indar xenofobo baten eskuetan egoteko arriskuan, argi dago suertatutako fenomenoak arreta deitzen dutela eta etorkizunean, berriz kalean ikus ditzakegu adierazpen xenofoboak.
Bitartean Iruñea daukagu, Joseba Asiron eta beste hainbat zinegotzi bulegoko berogailutik aldendu ziren Idoia eta Patxiren etxe hustutzea geldiarazteko; udaleko hainbat eraikin etxebizitza sozialetara bideratzen dituzten bitartean. Iruñean, nahiz eta eskuinak betidanik poterea izan duen, momentuz, UPNk ez du hartu Maroto edota Albiolen bidea. Orain oposizioan dagoela, udalak etxebizitza sozialak eskaintzeko proposamenari “deia efektua” sortuko duela erantzun dio. Baina hori bakarrik, ez dirudi Nafarroakoeskuin erregionalistak bide xenofoboa hartuko duenik.

Nabaritu al duzu zure inguruan EHra azken urte hauetan etorritakoen gaineko zurrumurru edo iruzkin berezirik? Nola egin ezkerretik xenofobiari harresi bat eraikitzeko? Nola eraiki dialektika humanista bat, psikologismoan erori gabe? Beste hitzetan, ze nolako diskurtso eraiki behar dugu etorkinekiko mesfidantza adierazten duenarekin hitz egiteko betiko irain automatikoak (faxista, arrazista…) bota aurretik?

ERREFERENTZIAK:
Talamonik Korsikeraz hitzegin zuen bere lehenengo diskurtsoan.

Ospakizunak Korsikako independentisten garaipenaren harira

Manuel Vallsen Marra Gorriak

Jean Marie Phillipot, Fronte Nazionaleko eurodiputatua.

Manifestazioak Ajaccion

Manifestazioa Korsikan – Ez ditugu banlieues nahi

Emakume bat “Hemen herri batek hitzegiten dizue”

Korsikako musulmanak eta haien aldeko elkartasuna adierazi dutenen bizilagunen hitzak

Ez dago korsikar arrazakeria (eta hura aipatuz benetazko arazoak izkutatzen ditugu).

Iruzkinak

Ezin da iruzkinik egin.