Ikerlaria edo. ZiFizalea eta optimista diagnostikatua. Izango garelako gara.

Urteberriko auto-promesak ezezik (kirola egingo dut,alemaniera ikastera noa, azkenean irakurriko dut Kapitala…) auto-profeziak ere geureganatzearen aldeko pentsamendu korronte bat suma daiteke orbita hauetan. Thomas Müntzerren omnia sunt communia haren bira apropiazionista edo de Certeaurriar bat: dena denona da, bai, baina batez ere ez diezaiogun ezer utzi erreakzioaren indarrei. Josta gaitezen besteen ehiza-eremuetan arraioa, ehizatu dezagun besteen joko-eremuetan: ezkortasuna ere baikortasunaren alde, eta hori dena.

???????????????????????????????Thomas Müntzer, Erromako kaleetan. San Lorenzoko via dei Sabellin.

Urte berriko promesak, profeziak, pronostikoak eta diagnostikoak, fedea eta fede falta, hipotesi berretsiak eta baztertuak, dena, omnia, guretzat. Denontzat, sunt communia. //Txakurkumeok!!! gaineratuko lukete lehen Luther Blisset gerora Wu Ming aurrerago nork jakindarrek.//

Baina egin dezagun hari bat, mataza honetatik. Alderantzizkatu dezagun unibertsoaren lege orohartzaile omen den printzipio entropikoa, eta kaosetik sor dezagun orden apur bat.Charlie Strossen Accelerando eleberria irakurtzen harrapatu nau bidalketa honek. Stross ezagutzen ez duzuenontzat ZiFi umoretsu eta entropikoa egin zalea da, burokrazia, Cthulhuren mitoak, teknomagia eta matematika nahastearen zale. Idatzi, MTVko bideoklipen erritmora idazten du: azkar irakurtzeko moduan, begiak testuaren ertzetara bultzatuz, hatzamarrak ionki-bulkadez hurrengo orrira, e-rakurgailuaren botoira eramanez aurkitzen delarik irakurlea The Atrocity Archives lovecraftiarretan, Iron Sunrise futuristan edo Accelerando… nola esan… entro-antropologikoki baikorrean.

Spoiler handiegirik egin gabe, liburuko esaldi batekin laburtu dezakegu asuntoa: “they were confusing collapse with acceleration”.

memoire_img_0

Eta onar dezagun. Gure profezia eta diagnostikoetan, gure asmo eta pronostikoetan arinago imajinatu dezakegu munduaren eta euskararen amaiera ordenu sozial zehatz honen amaiera ordenatua baino. Accelerando horren aurkako ariketa literarioa ere bada.

Strossek ez du fideltasun Badiouarrik. Ez da Galfarsorotarra. Leonétarra ere ez, ziurrenez (mundua, jakina denez harri eta kakalardo, Stones eta Beatles-en artean banatzen baita). Ez da eseri Otordu bat egiteko Unai, Iñaki eta Julerekin mahai bueltan. Ez ditu parametro komunistak. Baina mundu-ordenu honen amaiera ordenatu, garaiago bat interesatzen zaio. Ez du komunismoa instauratu nahi. Ez du kapitalismoa abolitu nahi. Ideia sistema hauen obsoleszentzia azeleratzea interesatzen zaio.

Eta hartara jartzen ditu nobelako protagonistak. Diru asko izatea esklabutza dela ulertzen duen lehen protagonista aurrerazaletik hasi eta bere burua katu imajinatzea erabakitzen duen Inteligentzia Artifizialeraino. Hau ere, pasatuko da.

accelerando

Eta iruditzen zait baikortasun metodologikoaz ari garela, inteligentziaren ezkortasunaz ari garela, entropiaz eta paradigma aldaketez ari garela, 2016ak ekar lezakeenaren inguruko pronostiko eta diagnostikoetaz ari garela, komeni litzatekeela antzerako ariketa bat egitea eta Euskal Herria azeleratzea. Aktiboki. Akzio bidez azeleratzea. Akzeleratzea edo acceleratzea: kolapsoa bera obsoleto bihurtuz. Hegaka hasi den txoriarentzat hankapeko amildegia obsoletoa gelditu den bezala.

Etorkizuna magnitude berrietan imajinatzeko, non orden zaharraren formak ez diren orden berri eta konplexuagoen erregai baino izango. Inpultso berriak hartzeko heldulekuak.

Baikortasuna amore ematearen justu kontrakoa baita.

 

 

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude