Okerrak birtualki zuzen

jendartea — 2016-02-17
Irakurri Offline:

Irrati-esatari batzuek badaukate diademadun aurikular handi horiek janzteko era berezi bat. Belarri bakarra estaltzen dute kaskoekin, bigarren entzungailua kokotera bideratuta. Horrela, beste belarria estudioko hitz lotsati eta zarata txiki ez mikrofonatuak entzuteko libre uzten dute. Errealitate itxi bakarrean ez erortzeko konpromiso ederra iruditzen zait esatari hauen okurrentzia.

Pantailak muturrera geroz eta gehiago gerturatzen ditugun garai hauetan, nahiko nituzke begientzat, estrabismoan erori gabe, horrelako jokorik baimenduko luketen betaurrekoak. Errealitate osagarriak begien parean. Google Glass sonatuak datozkit burura; begi hutsez ikusi daitezkeenez aparte, datu eta irudi gehigarriak proiektatzen dituzte betaurrekook kristaletan, nolabait, errealitatea informazio gehiagorekin hedatuz. Antza baina, Googleren hordagoa handiegia izan da. Momentu oro jantzita eramateko bateria txikiegia dute. Egunerokoei erantzuna emateko aplikazio gutxiegi edo berdeegiak. Eta, errematatzeko, erabiltze arruntarentzat garestiegiak dira.

Errealitatea konplexuegia denean, sinplifikatzera jo ohi dugu eta horrela egin dute betaurreko digital edo adimentsu hauekin ere. 1995a Nintendo Virtual Boy betaurrekoen urtea izan behar zela ziotenen antzera, 2016a Oculus Rift betaurrekoena izango dela dirudi iturri askoren arabera. Errealitatearekin uztartzeko betaurreko digitalik ez bada, betaurreko berri hauen neurrira egindako errealitate birtualak sortzeko aukera izango da. Oculus Rift hauekin hiru dimentsiotako eszena digitalak ikusi ditzakegu eta berauetan osoki murgildu. Bideojokoak, 360 gradutako pelikulak… aldamenean dugun gainontzekoa ahaztuta. Betaurrekoak baino gehiago, antifazak.

Erosotasun eremutik mugitzeke eta gainontzeko errealitateak ezkutatuta neurrira eraikitako bat kontsumitzeko prest; zer pentsa ematen du, ala? Elebakartasun bisuala, konfort eremuetan anestesiatutako gizartea… distopia black-mirrortu bat baino gehiagorako eman lezake errealitate birtualaren gaiak.

Agian, 2016a izango da Oculus Rift betaurrekoen urtea (edo Play Station VR, Samsung Gear VR, etab. parekoena), baina benetako iraultza mugikortasuna eta informaziorako lotura uztartzetik etorriko da. Errealitateak zabaldu eta batzetik. Zuzen dabil aurikularren diadema okertzen duten irrati-esatarien sena. Baldin eta soilik merezi duen hitz lotsati eta zarata txiki ez mikrofonaturik sortzen jarraitzeko kapazak bagara.

Goienako Puntua astekarian ere argitaratutako idatzia.

Irakurri Offline: