Segurtasun alerta

jendartea — 2016-02-29
Irakurri Offline:

Estatu gehienetako segurtasun indarrak, beren teknologia arloko segurtasuna indartzen saiatzen ari dira. Estrategia ezberdinekin, arlo hori indartuko duten segurtasun aditu, ingeniari eta hackerrak bilatzeari ekin diote. Ez da zerbait berria, batzuek formazioari ematen diote garrantzia, beste batzuek kooptazio teknikak baliatzen dituzte eta beste batzuek interes taldeengana jotzen dute jendea erakartzeko. Horietan garrantzitsuenetako bat Israel da, bere CyberSpark ekimenarekin eta enpresa proiektu berriak erakartzeko daukan estrategiarekin.

Urteetan hacker talde ezberdinek, teknologia ikertzeko taldeek eta hacktibistek beren bidea segurtasun indarretatik kanpo egin dute, kontra izan ez den kasuetan; ezaguna izan da hacker bilkuratan polizia harrapaketa jokoa. Ezagutza eta ikasteko gogoak, azken berrikuntzak eta erronkak beti egin ditu bi mundu hauek gertuko eta aldi berean kontrako.

Gurean ikerketa talde eta hacktibista taldeak beti izan dira oso irekiak, edonork ezagutu zezakeen bertan gertatzen ari zena eta bakoitzaren ezagutzaren arabera parte hartu, baina ikuspuntua aipatu dudan azken hau izan dute gehienetan. Azken aldian aldiz, zenbait argitalpenetan, ekitaldietan eta sortu berri diren taldeetan, Euskal Herriko kultura hacktibistaren aurkako bidea hartzen ari dira.

Segurtasun teknologietan interesa duten talde hauetako batzuetan, teknologiaren ezagutza eta ikerketaz gain, segurtasun indarrei eta enpresa pribatuen interesei lotutako agenda ere lantzen hasi dira. Oraindik goiz bada ere, foro hauek, era lausoan bada ere, kooptaziorako bidea irekitzen dute: adi!

Irakurri Offline: