Matrioxka burmuinak, Dyson esferak, IKEA kosmosa

jendartea — 2016-03-17
Irakurri Offline:

[Eremuz Kanpo irratsioko 4×13 ataletik,  mʌˈtrʲoʂkə saiotik egokitutako sarrera]

Gure mundua (irla handi bat da eta) matrioskaz beterik dago, bai atzera eta baita aurrera ere. Bai behera eta bai gora. Bai iraganera, eta baita etorkizunera.

Fikzio Zientzian adibidez, badira lotuta agertzen zaizkigun ideia bi: Singularitatearena da bat, eta Matrioska Burmuinena bestea. Singularitatearena behin eta berriz ikusi dugu zineman, eskastasun maila goren edo apalagoetan. Dosi pharmakologiko ezberdinetan: Lucy-ren hilgarritasun extremotik Trascendence-en txartasun maila eramangarrietaraino. Baita gure prentsan ere, Go jokoan irabazi gaituztela eta.

Kontua da -zientziak hala omen dio, Erleek termodinamikoki hegaz ezin dutela omen dioen iturri berek aipatuta- une batean sortuko dela inteligentzia bat, adimen bat, dela artifiziala, dela organikoa, horren adimentsua ezen bere buruarengan aldaketa berriak sortu ahal izango dituen, inteligentzia maila berriak erdietsiz, infinitoraino.

Gertakari honek, noski, Jesus edo Buda intelektual honen jaiotzak sortuko lukeen nola esan… hostiak, ezinezkoa egingo luke singularitatearen aurretik aurrikustea zer gerta daitekeen singularitatearen ostean.

Ideia sinple hau Zientzia Fikziozko mila filmetan ikus dezakegu noski. Terminator saileko Skynet, Ted Chiangen “Ulertu” ipuin labur zoragarrian eta “Algernonentzat Loreak” nobelatxo itxurako arma termonuklear horretan modu trakets samarrean oinarritutako “Mugarik Gabe” edo Limitless filma eta orain telesaila… Baita soinu bandan dugun Mass Effect bideojoko trilogia loriatsu eta loretuan bertan ere.

Enfin, horixe: Inteligentzia berrien sorrerak nerbioso samar jartzen gaituela. Arrazoi osoz, agian.

Edozelan ere, Matrioska panpinen ideia Singularitatearen ideiarekin lotu izan da behin baino gehiago Robert Bradbury eta Charlie Stross bezalako pertsonaien unibertsoetan.

Ideia sentzilo samarra da: antola ditzagun konputazio gaitasuna duten materia-esferak gure izarraren inguruan, eta zabal ditzagun Dyson-esfera eguzki sistema osoan zehar. Barrutik kanpora. Txikitik handira. Hurbiletik urrunera. Energia eta beroa xurgatuz eta disipatuz, bilduz eta eralgiz etengabe.

Bihur dezagun materia bera kontziente. Konputronio.

Megaeraikuntzak telebista saioan bezala, baina eskala kosmiko batean.

Desmantelatu dezagun natura bera, hackeatu dezagun unibertsoaren materialtasuna, eraginkorrago bihurtzeko. Azeleratu dezagun mundua. Igo ditzagun gure kontzientziak bio-denbora baino arinago eta urrunago doan denbora-eremu digital berrietara.

Antola ditzagun gauzak modu eraginkorragoan. Bihur gaitezen gu ere matrioska. Ikea dezagun mundua.

Irakurri Offline: