"Nondik gatoz? Nora goaz?" Nukleo irradiatzailea

jendartea — 2016-03-16
Irakurri Offline:

Kapitalismoaren ( eta teknologiaren ) garapenak gizarte permakonektatua bultzatu du. Kontsumoarekin erlazionatzen dugu batez ere [1]: hiperkomunikazioa, multimedia, publizitatea, bideojokoak… baina merkatuaren logikak, bidaiaren errentagarritasuna bermatzearren, untziaren bodegak beteta itzuli behar direla agintzen du. Zein da, ba, permakonexio honen itzulerako kargamentua? Zer ekoizten du kontsumitzaileak? Datuak, eta… ai ene, 24 orduz aritzen gara datuak sortu, untziratu eta bidaltzen.

Merkatuak gordekako itzulera hau estaldu egiten du, nahiz eta, egun, gero eta informazio gehiago azaleratzen den [2]. Baina informazio berri guzti honek aldaketarik ekarri al du kontsumo ereduan? Edo zer edozertan behintzat?

Hurrengo artikuluetan datu bilketa honen mitoak praktikoki desmitifikatuko ditugu. Hollywood-en klitxeak baztertzea garrantzitsua da teknologia baliabide hauen benetako botereaz ohartu eta behar bezalako estrategiak garatzeko. Mitoari maskara kendu eta benetako aurpegia ikusiko diogu. Has gaitezen pixkana.

Nukleo irradiatzailea

Azken urteotan izan den aldaketa giza-teknologiko nabarmenena smartphone-aren etorrera izan da. Tramankulu honek ordurate espazio mugatu batean egiten zen interakzio telematikoa espazio hartatik askatu eta etereoa bilakatu du. Nonahikotasun honen prezioa norbanakoa nukleo irradiatzaile bihurtzea izan da. Permakonexioak haririk gabeko tekonologiak behar ditu, haririk gabeko teknologiak irratia, eta irratiak irradiatu egin behar du. Ez naiz radioazioari buruz ari, irradiazioari, emisioari baizik. Sakelean irrati bat daramagu, beti piztuta, beti emititzen, eta… ai ene, zenbat kanaletan emititzen dugun: GSM, WiFi, Bluetooth, NFC…

WiFiarekin hasiko gara, errezena eta dibertigarriena delako. Ordenagailu (eramangarria eta txikitoa bada hobe) bat eta usb-wifi [3] gailu bat behar ditugu. Ubuntu erabili dut , baina GNU/Linux-en beste zaporeren bat edo agian beste sistema eragileren bat erabili dezakezu, pausuak behar bezala moldatuta.

Gure inguruan dabiltzan WiFi paketeak harrapatzea da gure intentzioa. WiFi gailuek funtzio ezberdinetarako pakete hauek emititu eta jasotzen dituzte: informazioa elkartrukatzeko, sareak iragartzeko, sareetara konektatzeko, sareen informazioa eskatzeko… Pakete hauetako batzuk pribatuak dira eta wifi sarearen segurtasunaren arabera daude zifratuta, konexioaren bi partehartzaileek bakarrik irakurri ditzakete. Beste batzuk berriz publikoak dira: sarearen informazioa duten paketeak, sarearen informazioa eskatzen duten paketeak…

Zergatik dira hain baliogarriak pakete (publikoak, gure kasuan) hauek? Besteak beste, sare bakoitzera konektatzen den gailu (sare interfazea) bakoitzak matrikula duelako: MAC helbidea [4]. Gure sakelekoaren WiFia piztuta dagoenean matrikula hau (eta beste) emititzen du, inguruko sareei (eta guri) iragarriz. Adi, informazio guzti hau publikoa da eta WiFiak funtzionatzeko beharrezkoa. Gure ingurutik igarotzen ari diren paketeak ari gara jasotzen, besterik ez.

Pakete hauek biltzeko ng-airodump [5] erabiliko dugu. Ubuntun instalatzeko beharrezko hainbat software instalatu behar dugu lehenik eta ondoren aircrack-ng konpilatu, erraza da [6]. Ireki terminal berri bat eta:

sudo apt-get install libnl-3-dev libssl-dev libnl-genl-3-dev build-essential rfkill ethtool
wget http://download.aircrack-ng.org/aircrack-ng-1.2-rc4.tar.gz
tar -zxvf aircrack-ng-1.2-rc4.tar.gz
cd aircrack-ng-1.2-rc4
make
sudo make install

aircrack-ng suite-a (hainbat sare programaz osatutako bilduma) instalatuta usb-wifi gailua entuzten jarriko dugu. Ordenagailuaren WiFi txartelarekin egin daiteke, baina entzuten dagoen bitartean ezingo duzu besterik egin.

Txertatu gailua, itxaron une bat eta bere izena topatu:

ifconfig

Zerrenda bat azalduko da (ikusi HWaddr balioak, horiek bait dira zure sare interfazeen MACtrikulak!), wlan dutenak interesatzen zaizkigu, nire kasuan wlan0 eta wlan1 wlan0 ordenagailuarena da, wlan1 txertatu dudan gailua, beraz azken hau jarriko dut entzuten:

sudo ifconfig wlan1 down
sudo iwconfig wlan1 mode monitor

Azken pausua airodump-ng martxan jartzea da:

sudo airodump-ng wlan1

Arrantza saioaren pantaila azalduko zaigu:

airodump

MACtrikulak estaldu ditut bizilagunen pribatasuna bermatzeko. Goikaldean azaltzen direnak infrastrucure motakoak dira, hau da, WifiSareak sortzen dituzten router-ak. BSSID da MACtrikula eta, ikus dezakezuen bezala, sarearen izena ESSID zutabean dator. Beste zutabeek informazio gehiago eskeintzen dute: arrantzatutako paketeak, seinalean potentzia… Interesgarria!

Azpikaldeko lerroak berriz, STATION dutenak, bezeroen WiFi gailuak dira: ordenagailuak, mugikorrak, telebistak… Lehen zutabeak, BSSID, konektatutako sarearen MACtrikula helbidea ematen digu, gailu ezberdinak zein sareetara konektatuta dauden esanaz. STATION da gailuaren MACtrikula, zure sakelekoaren WiFi hobespenetan topatuko duzu zurea, eta ikusiko duzu nola hor zauden, zure sarera konektatuta! Azkeneko zutabeak, PROBE izenekoak, gailua konektatzen saiatu den sareen izena azaltzen digu.

Ikusten duzuen bezala:

  • Nor nora konektatua dagoen jakin dezakegu
  • Gailu berri bat azaltzen edo desagertzen den unea inguruko beste informazioarekin batu dezakegu: non gelditu da igogailua? Zein ate ireki da? Nor ari da lehipetik pasatzen?

Hauxe bera mugimenduan egiteari wardriving [7] deitzen zaio. Geokokapen informazioarekin nahastuz gero, hiriaren sare mapa osatu daiteke bai kotxez, bizikletaz, oinez…

Lehen atal honetan nukleo irradiatzailera gerturatzen hasi gara. Hurrengo artikuluetan ezagutza eta teknologia hauek pixkana landuko ditugu, gizartearen erronka nagusienetako baten inguruan eztabaida sortu, ezagutza zabaldu eta mitoak eraisteko. Ongietorriak beraz Panoptikon-era azpi-zaintza gizartera [8] eta, mesedez, aukeratu zure pilula.

Ahaztu baino lehen, artikuluaren goiburuari erantzunez, autobus espezifiko batzuetan ospitalera joan-etorria egin dugu (bizilagunen batek behintzat), norbaiti bixita egitera, akaso. Espero dezagun, bada, lehen bait lehen sendatzea!

Erreferentziak:

  • [1] Bai, batzuek ekoizten dute benetako/kalitateko edukia, baina konektatuen ehuneko oso urria dela esango nuke.
  • [2] Snowden kasua, adibidez.
  • [3] Atheros txipa badu hobe. Edozein dendatan topatu daitezke 10 € inguruan. Nik Tp-Link TL-WN722N erabili dut.
  • [4] https://eu.wikipedia.org/wiki/MAC_helbide
  • [5] http://aircrack-ng.org/doku.php?id=airodump-ng
  • [6] http://aircrack-ng.org/doku.php?id=install_aircrack
  • [7] https://eu.wikipedia.org/wiki/Wardriving
  • [8] https://en.wikipedia.org/wiki/Sousveillance
Irakurri Offline: