Nora Barroso

Konpartitzea dut afizio; hitzen, zenbakien, soinuen eta dantzen artean nabil saltoka. Etzi gaur da.

 

Hegaldia - Arkaitz Barriola "Biomimetika" testuan oinarrituta
Hegaldia – Arkaitz Barriola “Biomimetika” testuan oinarrituta

Biomimetika hitzak bizitza imitatzeari egiten dio erreferentzia: konponbideen bilaketan naturan arrakasta izan duten ereduen erabilpena. Oinarrian daude naturaren egituren, aukeren eta mekanismoen behaketa eta ezagutza. Halaber, biomimetika kontzeptuaren baitan hainbat ezaugarri hartzen dira kontutan: naturaren funtzionamendua bere baitan dauden energiei esker ematen da (eguzkia, mareak, haizea…), behar duen energia besterik ez du erabiltzen, ingurura egokitzen da, guztia birziklatzen du, kooperazioa saritzen du, gehiegikeriak frenatzen ditu, barruko ezagutzan oinarritzen da… [Ingeniería bioinspirada. Eddie Nahúm A.M. etabar]

 

Biomimetikaren ikuspuntutik lan egin eta emaitzak lortzeko ezinbestekoa da diziplina ezberdinen arteko elkarlana. Halaber, hasieran aipatutako parametroetan aritzeko horiekiko sentsibilitatea eduki beharko lukete ikerlariek eta, behin testuinguru horretan kokaturik, elkarlanak izango luke giltza: ezinbestekoa adin tarte desberdinetako pentsalarien zein ekintzaileen ekarpenak (haurrak zein helduak) bai eta ekologoen, biologoen, ingeniarien, zientzialarien eta teknologoen jakintza komuna. Bakoitzak bere modura baina prisma beretik begiratu beharko genioke inguratzen gaituen munduari eta, hala, estetika eta erosotasun zehatzetatik at indibiduoaren oinarrizko osasuna zein osasun kolektiboa eta bere ingurua kontutan hartzen dituen emaitzak landu.

 

Oso interesgarriak dira Janine M. Benyus-en BIOMIMICRY liburuan agertzen diren azalpenak eta lan egiteko moduak. Bertatik hartua da ondorengo esaldia

“…. natura azpian hartzeko ohitua duen gizarte batean, begirunez beteriko imitazioa hurbilpen berri eta iraultzailea da. Iraultza industrialak ez bezala, iraultza biomimetikoak garai berezi batean txertatzen gaitu, zeinean, naturatik ahalik eta etekin handiena ateratzetik naturarengatik ikastera pasatzen garen…”

Natura sortzaile nagusiena da eta berak dagoeneko konpondu ditu guk ebatzi nahi ditugun arazoak. Animaliek, landareek eta mikrobio txikienek ere bere baitan erantzun guztiak dituzte, haien bilakaerek ingurua kontutan hartuta erantzunak aurkitu baitituzte. Gu aldiz, horren parte izaki, geroz eta urrutiago kokatzeko joera daukagu, guztiaren parte izatetik sortzaile bakarraren hegemonia inposatu nahian.

Historian zehar kontzeptu hau beti egon da gurean presente, garapen teknologikoan, sozialean zein kulturalean. Egun korronte honek garapenaren giltzetako bat dauka eta espero dut bere oinarrizko filosofia mantenduz indar handiagoa hartzea.

Naturari bizkarra emateak eta ekosistemaren mesederako baino talde pribilegiatuarentzat lan egiteak harrapakin kontrolaezinean bilakatu gaitu; gure artean modu basatienean elkarri jaten ari gara (gure buruak barne).  Naturak bide bat erakusten digu, zergatik ez pausatu eta hura entzuten gure barnetik irtenbideak bilatu? Naturaren apartekotasunaren imitazioak espezie bezala bizirauteko aukera ematen digu eta etorkizun hori jasangarria da; berak eusten du ingurua eta inguruak eusten du bere forma guztiak, oreka.

Barruan eta naturarekin konektatua dugun sortzailea askatzeko proposamena luzatu nahi dizuet, etzi beste ingurua eta erlazionatzeko eredu bat eraiki dezagun! [twitter style=”horizontal”  text=”#Biomimetika – Naturarekin konektaturik dagoen sormena.  Testua: Nora Barroso @axala_n. Irudia: Arkaitz Barriola.  @etzipm 2dez” float=”left” use_post_url=”true”]

 

Irudia: Hegaldia – Arkaitz Barriola “Biomimetika” testuan oinarrituta

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude