Euskal Territorioa: Non eta nola aztertu?

jendartea — 2016-05-26
Irakurri Offline:

Beste blog batean hasi berri dudan doktorego-osteko ikerketan aztertu nahi dudan ikerketa-objektua azaldu izan dut. Tesian, ikerketan parte hartu zuten gazteei esker, Internet garaian aldi berean bi dimentsio ezberdinetan bizi garela ezagutu nuen: batetik, leku geografikoa dago (lurraldea, zazpi herrialdeak, Diaspora bera) eta, bestetik, Interneten espazioa dago (muga geografikorik ez duena, mugak lurraldeak ezartzen ez dituena; mugak komunitateetako kideen harreman sozialak eta partekatzen dituzten sinboloak direnak).

Aurreko artikulu batean landu bezala, gaur egun bi dimentsioak aldi berean bizi ditugu, aldi berean bi dimentsioetan gaude, aldi berean bi dimentsioak habitatzen ditugu: ez gara Internetera sartzen ezta ateratzen, Interneten konektatuta bizi gara leku-herri batean bizi garen bezala. Leku geografiko zein Interneteko espazioek sortzen duten konbergentzia ulertzeko ezinbestekoa da “territorio” kontzeptu antropologikoa, Joseba Sarrionandiak “Kartzelako poemak” liburuan gorpuztu zuen kontzeptua: “euskara da gure territorio libre bakarra”. Alegia, leku geografikoan kartzelan egon arren, euskararen dimentsio sinbolikoari esker libre izateko aukera dugu (bai, dugu: kartzela handi bat baita gizarte kapitalista, espainiar zein frantziar estatuak eta Internet bera).

Ikuspegia zeharo aldatu behar dugu Internetekin. Ezin dugu kontzeptu eta galdera zaharren bidez ulertu ezta mugatu, sortzen diren kontzeptu berrietan murgildu behar gara ezertxo ere ez dakigula aurretiaz onartuta. Espazio berri baten aurrean erantzun automatikoak sortu ditugu, galdera konplexuen aurrean erantzun errazak eman ditugu: erantzun guztiak izatearen plantak egiten ditugu, galdera bera ondo ulertu gabe; galdera guztiak baieztapen batekin erantzuten ditugu “ez dakit” geroz eta esaldi beharrezkoagoa eta politagoa bilakatzen ari delarik. Azkenean, “tximinoa gero eta gorago, ipurdia gero eta ageriago”.

Albert Einsteinek esan omen zuen mundua 24 ordutan bukatuko balitz, galdera zein zen ulertzen lehenengo 23 orduak emango zituela. Teoria badakigu, baina praktikara eramatea zaila suertatzen zaigu. Zaigu, bai. Urtarrila bukaeran, aipatu planteamendu teorikoa aurkeztu nion atzerrian zuzendari dudan Daniel Millerri. Ideia asko gustatu zitzaion, izan ere, gutxitan aztertu izan da Internet espazio baten moduan eta ez tresna bat bezala. Ikerketa-kasua, ordea, ez zitzaion bat ere gustatu, teoria jakin banekien arren praktikara eramatea zaila suertatzen zitzaidan: Londresen zeuden euskal herritarrak aztertzeko asmoa desegokia iruditu zitzaion hain kasu isolatua izanik euskal gizartea ulertzeko gai izango ez nintzelako.

Ikerketa-kasu egokia sortzeko asmoz, liburuak eta liburuak eman zizkidan irakurtzeko: bere ikerketa taldeak munduan zehar egindako etnografien inguruan, IKTen inguruan, Diasporaren inguruan, Transnazionalismoaren inguruan… British Libraryko langileen laguna egin nintzen egun gutxitan. Galdera ez zen erraza: euskal gizartea ordezka dezakeen zeintzuk talde daude zazpi herrialdetan, Diasporan eta Interneten? (Ez da galdera erretorikoa: erantzuna baduzu eta lagundu nahi baduzu plazer bat izango da zure iritzia ezagutzea) Prozedura ez zen erraza, lan asko egin ostean emaitza datorrelaren uste kristaua ez baita beti egia: orduak eta orduak idazten, irakurtzen eta pentsatzen eman arren, hitz egokiak ez dute zertan agertu behar. Honekin frustrazioa dator (ideia ez da agertzen eta ezin da ezer egin hau agertzeko. Itxaron). Frustrazioaren ostean duda esistentzialak datoz (zer demontre ari naiz ni egiten etxetik hain urrun dimentsioak gora eta lekuak behera?).

Azkenik ideia bat izan nuen: Gure Esku Dago aztertzea. Baldintza guztiak betetzen zituen eta, gainera, maila pertsonal batean mugimendu eta kide horiekin lan egiteko gogoa ere banuen. Proposamen bat idatzi nuen hilabetero ikerketa-taldeko kideok burutzen dugun afarian aurkezteko asmoz. Poz-pozik azaldu nien ideia. Ixildu eta zuzendariaren galdera etorri zen segituan: “teoria hain ona izanik, nola da posible zure metodologia hain kaka izatea?”. Bai, kaka esan zuen, “crap”. Ezin ahaztu. Eta momentu horretan, Albert Einstenen gomendioa ezagutu arren, zuzenean broma tono batekin zera erantzun nion: “Soziologoa naizelako eta ez antropologoa?”. Tentsio une bat eman lezake, baina hori izatetik oso urrun zegoen. Guztiz kontrakoa izan zen: konfidantza pertsonalak eztabaida akademiko zintzoa bezain gordina ahalbidetu zuen, hori baita afariaren helburua.

Metodologia kaka bat zen etnografia baten bidez nazio-identitatea aztertu nahi dudan honetan, nazio-identitatea ardatz duen talde bat ikertzea proposatu nuelako. Beste era batera esanda, nazio-identitatearen inguruko bizipenak aurkituko nituen bereziki, baina, non geratzen dira genero-identitatea, klase-identitatea edota adin-identitatea? Euskal gizartea euskal identitatea baino askoz ere gehiago da; euskaldunak baino, identitate anitz dituen euskal herritarrak gara. Ondo baino hobeto landu dute gai hau Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek, baina haien lana ezagutu arren eta nik neuk Tesian euskal identitatea nork-nori-non (identitate aniztasuna, erreflexibitatea, erlazionaltasuna eta testuingurua kontutan hartzeko egindako proposamena) arabera eraikitzen dela ondorioztatu arren, praktikan ezin gauzatu nenbilen.

“Astero ostera hastera”. Berriro ere hasieran. Berriro ere British Libraryn. Pieza guztiak izan arren, puzzlea ez zen argitzen; egin nahi nuen hori ezin nuen irudikatu. Distantzia hartuta irudia hobeto ikusten da eta, horregatik, ez pentsatzea erabaki nuen, nire lana ez pentsatzera bideratzea erabaki nuen. Ez pentsa, oso zaila da: saiatu une batez ezertan ez pentsatzen, pentsatzen ez zaudela pentsatu arte. Hiri oso bat ezagutzeko nuenez Londresetik paseo luzeak ematen hasi nintzen, norantza gabe: dena ezagutzeko dagoenean, edonora joateko aukera dago-eta.

Ibiltzen nengoela, Daniel Millerrek esandakoari beste zentzu bat hartu nion: nazio-identitatea aztertzeko nazio-identitatea ardatza izan behar ez bada, IKT aztertzeko IKT ez dira ardatza izan behar. Ikerketa-kasua Interneten zegoen talde bat izan beharrean, leku bat izan zitekeela pentsatu nuen: etnografia klasikoetan bezala non herri bateko kideen praktika sozialak -bere osotasunean- diren ardatza. Praktikak interesatu beharrean lekua-espazioa-territorioa interesatu arren, hurbilpen hori baliagarria zitzaidan: herri esanguratsuak identifikatu behar nituen bertan etnografia bat egiteko eta Internet euskal herritarrok nola habitatzen dugun ezagutzeko. Baina, zein da herri hori?

Zerrenda luzea atera zitzaidan, eta komunean denek gauza bera zuten: mugaldeko herriak zirela. Historian zehar lehen aldiz zazpi herrialdeetako herritarrok espazio bera partekatzeko aukera dugu. Benedict Andersonek egunkaria nazio bereko herritarrak batzeko tresna dela esan zuen; orain, distantzia geografikoak gaindituz zein muga administratiboak gaindituz, Internet nazio bereko herritarrak bizi duten espazioa oten den galdetzeko moduan gaude. Erantzuna ez da ikerketa huts batekin lortuko eta erantzuna ez da soilik herri bat aztertzen lortuko. Hori dela eta, ikerketa askoren lehenengoa den honetan ahalik eta herri gehien aztertzea pentsatu dut: “etnografia multi-lokalizatua” deritzoten hori egitea, hain zuzen ere.

Eta holaxe. Hemen nabil, lehen pausua ematen, Hendaian bizitzen, etnografia bat egiten. Soziologo bat hurbilpen metodologiko antropologiko batekin. Plangintza eta kronogramen mundutik datorren pertsona bat, eramaten uzten saiatzen. Ikasten, ibiltzen eta bidean galtzen; baina batez ere, entzuten eta galdera egokiak formulatzen saiatzen Internet garaiko euskal territorioa marraztu ahal izateko.

Irakurri Offline: