M15ak zuztarretik aldatu zuen Hego EHko panorama politikoa. Beste gertakizun eta fenome sozialek ere aldatu izan dute panorama azken hiru hamarkadetan gurean, baina, M15ak sortzen du ezinegon bat hemengo politika aztertzean: hemen gertatu da baina ez da hemengotzat hartzen. Harkaitz Canoren Twist nobelako salmodia hartuta esan genezake badirela M15ari buruz «pentsatu eta esaten ez diren gauza» batzuk. Edo esan bai baina idazten ez direnak, edo gutxitan eta bazterretan. Nahiz eta solasaldian nahiko onartuak diren kontuak izan.

Horren adierazgarri, 5 urte betetzen diren honetan landutako bi testu soilik argitaratu direla Hegoaldean: bata Argian Gorka Bereziartuak eta bestea Alberto Pradillak Garan. Bioi gehitzeko honako oharrok.

M15

  • M15a ez zen ezerezetik jaio Hegoaldean

2011ko M15aren osteko egunetan Hegoaldean entzun ziren kaleko eta irratietako tertulietan ideia bat zabaldu zen: M15a Madrilen ongi, baina gurean ez du zentzurik. Alegia, espazio hori, jada mobilizazio sozial altua duen jendarte batean gertatzen zenez ez zen beharrezkoa, edo areago, ez zuen zentzurik. Horri lotuta, kasu askotan, haurrekin bezala jokatu zen: utziezu ez dakite zer egiten ari diren esan izan zen. Egon zen jendea, adibidez, esan zuena Hegoaldeko M15 M22ko hauteskundeak izan zirela. Bistan da ezetz: M15 destituzio mugimendu bat izan zen eta M22koak hauteskunde batzuk izan ziren, funtsezkoak aspaldiko ilegalizazio fase bat in extremis gainditu zelako, baina hauteskundean funtsean. M15aren funtsa ez zen –bere ondorengoetako bat Podemos eta herritar hautagaitzak diren arren–, hauteskundeetara aurkeztea, funtsa erakundeak berak zuztarretik demokratizatzea zelako.

Baina, nondik dator M15a? Bada, bai Hegoaldean, Madrilen eta Katalunian, jada mobilizatutako jendeak muntatu zuen funtsean. 2011an plazara joan den jendea egon da Irakeko gerraren aurkako zikloan, PPren hezkuntza erreformen aurka institutu edota unibertsitatean, sindikalistak daude, ezkerreko alderdietako jendea, gazte asanbladetakoa, krisi ekonomikoa ere sumatzen hasi da Hegoaldeko hedabide nagusienek «hemen hobeto gaude» mantra errepikatzen duten arren.

  • M15a ez da ahulagoa Hegoaldean

Kanpaldiek eta osteko dinamikek izan zuten zabalera eta parte-hartzea kontuan hartuta Iruñea eta Gasteizko M15ak ez ziren Espainiako Erreinuko beste M15 batzuk baino marjinalagoak izan. Alegia, noski M15 indartsuenak Madrilen, Bartzelonan, Valentzian eta Zaragozan izan zirela, baina Iruñea eta Gasteizkoa Santander eta Logroñokoarekin alderatu behar dira. Eta bai: Hegoaldean eta M15ak iraun zuen 6 hilabeteetan jende mordoa mobilizatu zen asanbladetan, batzordeetan, manifestazio bakanetan. Eta horrek eragin zuen gero egon ziren greba orokorretako giroetan, gazte asanbladen hedatzeetan –bai Gasteizen eta baita Iruñean ere–, sindikatu batzuen parte hartzeen igoeran, Bilduren igoeran Araban eta Gasteizen Podemos agertu arte.

  • M15ik gabe aldaketarik ez Nafarroan

M15ak sortu duen eragin sakonenetako bat Nafarroa Garaian nabarmendu da: M15ik gabe ez da diskurtsiboki eta aritmetikoki posible egungo Nafarroako Gobernua, Iruñeko eta Iruñerriko ia udal guztiak, Nafarroa erdialdekoak eta abar luze bat. PSNk bi aukera izan zituen NaBairekin gobernu alternatiboak eratzeko baina ez zuen nahi izan, militante mordoa kanporatu ditu azken hamarkadan. Horrek PSN krisi sakon batean murgilduta ere Nafarroan Podemosik eta GeBairik gabe PSNeko bozkatzaile asko etxean uzten zituen. Ziklo armatuaren osteko EHBilduk emaitza hobetu bakarrak Nafarroan jaso zituen joan den maiatzean.

Are gehiago, Nafarroa da, gaur egun, PSOErik gabe eta PSOEren posizioak baino askatzaileagoekin aldaketak artikulatzeko gai den Erreinuko leku bakarrenetakoa. Alegia, hori ez da posible ezta instituzio aldaketa sakonak egon diren Valentzian, Madrilen, Bartzelonako Udalean edota Gipuzkoan ere: han PSOEren tokiko federazioak beharrezkoak dira, neurri handiago edo txikiago batean, edozein politika aurrerakoi garatzeko.

M15a da aldaketa horretarako aldagai bakarra? Noski ezetz. 2011an ETAk ziklo armatua bukatu izana, ezker abertzalean Anoetatik tokian tokiko estrategiak hobetsi zituen. Kontuz! bezalako kontsumitzaile elkarteek ustelkeria kasuak salatu eta mobilizazio maila altu bat mantendu zuten. Aldaketaren aldeko asanblada bezalako eragile horizontalek –oso M15aren estetikakoak– ahalbidetu dute, duela urte batetik hona dauden erakunde berrietakoek konfiantza espazioak izatea eta aldaketaren beharraren presio soziala sentitzea. El banquete eta El corralito foral bezalako bestsellerrak etxe guztietara heldu ziren. Murrizketen aurkako mobilizazio bateratu mordoa egin zituzten mugimendu sozial askok: elkarrekin. Erregimena zer zen azaldu zuten eta bere eraisterako, destituzio faserako, lan egin.

  • Zer ekarri du M15ak?

M15ak ordezkaritza politikoaren krisia areagotu du: zentzurik filosofikoenean eta politikoenean. Horrek eragin du alderdi guztietan. Guztietan EAJn izan ezik. M15ak kolpatu du PP, PSOE, desagerrarazi du Unió eta marjinatu asko BNG. Sorrarazi du Podemos, indartu du eta eman dio gorputz CUPi hirietan, ikusgarritasuna eskaini dio Compromísi.

Baina M15aren osteko krisi politikoan indartu direnak ere ez dira izugarri indartsuak. Podemosek, adibidez, zentralismo demokratiko izugarria dauka, tokian tokiko hamaika aliantza konplikatu egitera behartuta dago, daukan botere instituzionala mugimendu sozialetatik edota IUtik datozenekin partekatu behar izaten du –Bartzelona, Zaragoza, Madril–. M15aren lemetako bat «ez gaituzte ordezkatzen» zen, eta zentzu sakonean jendeak mesfidantza handitu du ordezkarien eta elite ekonomikoen aurrean. Jendartean zeuden sektore apolitiko asko politikarenganako interesera gerturatu ditu. Frantzia, Alemania eta Europako beste herrialde askotan ez bezala M15a izan da gurean xenofobiaren aurkako txerto eraginkorrena: «bankari eta politiko ustelen kontra» egon zen hasieratik, eta horri esker, gorrotoaren norabide horri esker ez da egin ahulenen kontra. Ez da jauzi txiroen arteko gerran.

M15ak areagotu zuen krisia ez da itxi, are gehiago, larritu egin da Nafarroan esaterako, baina baita Katalunian –paraleloak dira hango subirautza prozesua, bertako alderdien krisia eta eskuinaren gainbehera–, Valentzian eta hamaika tokitan. Eta bai, hor ere, salbuespenetako bat izan da EAE, Espainiako Erreinuaren krisia gero eta sakonagoa den honetan, ez da mesfidantza hori EAEra iritsi oraingoz.

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude