Achtung lärm! (Zarata 2020)

jendartea — 2016-09-27
Irakurri Offline:

Kutsaduraz hitz egitean azkar asko etortzen zaizkigu burura itsasoaren erdian noraerzean dabiltzan plastikozko uharteak, arrain hilez jositako ibaiak edo kea askatzen duten tximinia industrialak. Baita amiantoa, nuklearrak, erraustegietatik ihesi doazen mikropartikulak eta abar luze bat ere. Bada ordea, paradojikoa badirudi ere, gure jendartean isilean pasatzen den kutsadura mota bat; akustikoa.

Gaupasaren, poteoaren, ordu txikitako kontzertuen, obretako makinaria astunaren zein desordutako garbiketa brigaden garaiotan zarata gure paisaiaren osagarri da eta badirudi urte luzez gure artean izango dela elementu gogaikarri bezain kaltegarri hau. Urte luzez gurekin izango dugula baieztatzea ez da inongo nostradamokeria, ezta gutxiago ere. Izan ere, igandean ospatu ziren hauteskundeen atarian entzun zein irakurritako proposamenen artean inork ere ez zuen arreta puntu horretan jarri; ez eskuinak (bere negozio ikuspegiarekin) ezta ezkerrak ere (inguruarekiko suposatzen zaion sentsibilitatearekin). Honek, ondorengo lau urteen buruan (hastear den legealdi berriaren hondarrerako) gai honen inguruko erregulazio berri eta serio bat landu eta aurrera ateratzea zaila edo ezinezko egiten du. Akaso zarata isiltasun bihurtzeak ez duelako botorik emanen, kendu ordea asko. Herritar guztien osasuna eta atsedena bermatzeko, zarata atera nahi dutenak mugatu behar baitira horretarako. Eta noski, zarataren herrian gehiengoa da bigarren multzoan ere sartzen dena. Ez ordea berau pairatzen duena.

Izan ere, poteoko kaletik urruti bizi garenak gehiago gara poteoko kalean bizi direnak baino. Batzuok gure barruko arra lau garagardorekin baretzean gustora asko hartzen dugu etxerako bidea. Bertara iritsi eta ziplo lo egingo duenaren ziurtasunaz goaz etxera. Berdin gaueko hamabitan zein goizaldeko seiretan. Poteoko kalean bizi direnak ordea hantxe daude, osteguneko pintxo potea, ostiraleko liberazioa eta larunbateko eztandaren erdian. Ihes egin ezinda. Urtean 3 eguneko 52 asteburu, eta propina bezala aste barruan jauzi daitezkeen data berezi guztiak; ihauteri, herriko jai, San Juan su zein gabon zaharrak. Biharamun goizeko seiretan lanera joan beharra izan ala ez. Larunbat goizeko zazpietan mendira joateko asmoa izan ala ez. Edo soilik gaueko hamaiketatik goizeko hamarrak arte lo egiteko gogoa izan ala ez. Beraiek ez dute eskubide hori, gainontzekook lapurtu baikenien aspaldi. Aspaldi lapurtu genien baita kirioen erreguladorea eta horregatik oheratzen dira asko, ansiolitiko edo lotarako pilulak irentsita (zorte handia dutenek belarrietarako tapoiekin aski dute). Eta bitartean besteok lo. Edo film bat lasai ikusten (gauez film bat lasai ikustea ere igande gauetik asteazkenera mugatua dute beraiek) gure auzoen lasaitasunak eskaintzen digun isiltasunean. Eta ez dadila inor etorri botiloia egitera gure etxe pareko parkera, ze horiek bai hausten dutela bakea. Norbere bakea. Ze preziatua bihurtzen den bakea ekuazioan “norbere” sartzen dugunean. Eta berau haustean zeinen azkar aldarrikatzen dugun (ustez) norbere etxean guztiok izan behar genukeen deskantsatzeko eskubidea.

Eta hara non hasten den, parranda ostean goizeko zazpiretarako, brigada martxan; kale garbiketan. Eta noski, nondik hasten dira? Bai irakurle, bertatik. Parrandagatik zikinen geratu diren kaleetatik. Hau da, goizaldeko bostak edo seiak arte parrandako zarata jasan ostean brigada bere tanke, “Ghostbusters” filmeko motxila eta bizar luzedun erratzak kale beretik dantzatzen hasten dute jarduna (apurtutako kristalen hotsek koroak egiten dituzten artean). Beti berdinek galtzen duten Poker partida bat balitz «All in» bat litzateke hau. Eta gu bitartean lo, edo mendira joateko fresko fesko esnatuta bokata prestatzen. Ze gu, urteak dituen gainontzeko 364 gauetan bezala, bart ere lo eginak gara. Ziplo gainera.

Beraz bada garaia kontuari serio kolpe egiteko eta egiteko asko dagoen arren, epemuga bezala 2020a ezartzeko. Obretako makinarien gehiengo dezibelioak mugatuz, taberna guztiei dagokien araudia betetzeko exijituz eta tabernaren atarian biltzen den (garen) jendea kontzientziatuz, kontzertuak iluntzeetan ipiniz, brigadak kale garbiketara beste ordutegi batzutan bidaliz zein garraio publiko isilak ipiniz.

Ni, pertsonalki, parranda gune baten taberna baten gainean bizitzearren nire atseden eskubidea zazpi urte luzez zanpatua izan zela oroitzen saiatzen naiz goizaldeko ordu txikiak arte ibiltzen naizen aldiro, nahiz eta batzutan zeharo ahaztu (larunbat gauean parrandan eztarria apurtu arte kantuan ibili ostean ari naiz lerrook idazten; nire ustezko pribilegio hori, inoren eskubideen urraketa larri bihurtu ostean). Barka eragozpenak.

Irakurri Offline: