Gardentasunetik datu irekietara, udalgintza berriaren bidean

jendartea — 2016-10-21
Irakurri Offline:

Azken egunotan Orereta/Errenteriako Gardentasun eta Datu Irekien Ataria ireki dugu. Hori da aste honek eman digun argazkia, baina argazkiak hori besterik ez dira, momentu batek ematen digun irudi estatikoak. Kasu honetan behintzat, egindakoaren balioa eta ahalmena argazkiak baino, egindako bideak eta norabideak erakusten digu.

2012an Orereta/Errenteriak Plan Estrategiko bat egiteari ekin zion, 2025 urtea zerumuga bezala jarriz. Ia 300 herritar, eragile, sindikatu eta alderdi politikoetako ordezkarien artean ariketa parte-hartzaile bat egin eta nolako herria nahi genuen irudikatu genuen. Kontuan izan behar dugu gure herria fordismoak eraikitako eredu sozioekonomikoaren paradigma izana zela: industria astuna, enpresa handiak, muntaketa kate luzeak, erreleboak… baina postmodernitateak industria deseraikitzeaz gain, gure identitatea bera eta komunitate zentzua ere deseraiki zigun. Bagenekien iraganean zer izan ginen, ez genekien oso ondo orain zer ginen, eta dudarik gabe ez genekien norantz jo. Subjektibitate kolektiborik gabe geratu ginen. Komunitate izaera galdua genuen.

Hor garatu zen Plan Estrategikoa. Udaletik bakarrik ezin zitzaion eutsi erronkari, gutxiago kolektiboa behar zuen proiektu batean. Komunaren ariketa bat egin genuen, non komuna gure herria bera zen. Udaletxetik herriari dei egin zitzaion, herritarrei eskatu zitzaien laguntza, eta herritarrek eraiki eta definitu zuten ariketa kolektiboaren emaitza.

Plan hori da zuzen-zuzenean ekarri gaituena Gardentasun eta Datu Irekien Atarira. Plan Estrategikoak zehaztu baitzuen bere 6. erronkan herri ireki eta konektatua behar zuela izan gureak. Horregatik nion hasieran garrantzitsua dela argazki estatiko bat begiratu beharrean ibilbide oso bat ikustea. Prozesu hark erakusten baitigu herritarrei parte hartzeko aukera ematen zaienean, horien erantzuna ekarpen eta proposamen formatuan etortzen dela.

Gaur, orduan bezala, udaletxetik Gardentasun eta Datu Irekien Ataria jarri dugu herritarren esku. Alde batetik, zinez uste dugulako administrazioak sortzen dituen datuak publikoki eta eskuragarri jartzea herritarrek duten eskubide bat dela, eta informazioa modu irekian ematea, beraz, ariketa demokratizatzailea; baina, bestetik, badakigulako datu horiek guztiak herritarren esku jarriz gero, beraiek datu horietatik abiatuta garapenak egin ahal izango dituztela, eta hori herri honen mesedetan izanen dela. Esparru publikoak komunitatean sinisten duenean beti delako horrela, Orereta/Errenteriak azken urteetan egin duen ekintza garrantzitsuenak, Plan Estrategikoak, horrela erakusten baitigu.

screencapture-gardentasuna-errenteria-eus-1477038569974

Hori kontuan hartuta, ikus daiteke, umiltasun handienarekin eta motel bada ere, instituzionalitate berri bat eraikitzeko nahiaren aurrean gaudela. Instituzio publikoak eta komunitatea harremanetan jartzeko beste modu baten aldeko apustuaren aurrean, alegia. Jakitun baikara publiko komunitarioak diren espazio eta hartu-emanak sortu ditugun aldiro, bertatik sortutako tresnak beti izan direla askoz ere eraldatzaileagoak, askoz ere demokratikoagoak. Erlazio berri horiek, gure gizartean hain tipikoa den eta gorroto dudan “herritar-bezero” figura gainditu eta “herritar-kogobernante” izaeran sakontzen dute. Markoak propioki ahalduntzea ahalbidetzen baitu, akaso ez modu azkarrean, dena baitago asmatzeko, baina bai emandako pausuak atzeraezin bihurtuz. Zentzu horretan, galduko ez ditugun posizioak irabazteak, aritmetika elektoralen gainetik, instituzionalitate edo udalgintza berri batekin asmatzeak ekarriko du.

Demokrazia egunero borrokatzen da, baina jabetu gaitezen joko-zelai eta markoak hein handi batean determinatzen dituztela aukerak eta ondorioak. Segi dezagun beraz publiko-komunitarioaren bidea lantzen; landu dezagun instituzionalitate berri bat; ausartu gaitezen udalgintza eredu berriekin. Sortu ditzagun komun berriak.

Irudiak: http://herribizia.errenteria.eus/

Irakurri Offline: