Txiste bat ibili da azken asteotan sare sozialetan bolo-bolo. “Lagun feministak, gogoratu gure betebeharra dela familiarteko afariak izorratzea gure iritziekin. Zorte on, kamaradak.” Zenbat eta gehiago pentsatu orduan eta egiagoa (eta hobea) da esaldia. Bada zerbait berpizten eta espazioa bereganatzen ari den olatu feminista honetan bereziki garrantzitsua dena, etorkizuneko erresistentziak eraikitzeko: kolektiboaren nortasunaz egiten den aldarrikapen eta berreskuratzea.

Krisi multidimentsional honetan murgilduta, ezkerreko mugimenduak etengabe borrokatu behar duten etsaia da indibiduoaren sakratutasuna, jabetza pribatuaren sakratutasunaren logika berean. Eredu honen zurrunbiloan kolektibo eta klase interesak defendatzea ezinezko bilakatzen da, antolagaitz bilakatzen gara.

Banakoaren edo indibiduoaren gorazarre hori errefortzu positibo eta negatiboen bitartez egin daiteke, kolektibotasunak dakarren mehatxuaren arabera. Coaching mistikatik datozen “bakarra eta zoragarria zara” diskurtsoa litzateke adibiderik politena. Bakarkako gaitasunei adorazioa azaltzea, liderraren figura gurtzea, zeure burua mugara eramatearen apologia eta beste halako baloreak bultzatzen dira. Indibidualismoa isolamendu ideologikoa denez, kolektiboan aritzeko analfabetizatzen gaituzte.

Baina errefortzu positibo hori nahikoa ez denean isolamendurako bestelako mekanismoak martxan jarri behar dira. XVIII. eta XIX mendeen artean haien iritzia emanez bakea apurtzen zuten emakumeentzako mozaletik hasita egungo “izan dezagun afari lasaia, ez egin halako komentariorik” paternalistetaraino izugarrizko isolamendu katalogoa dugu. Izan ere, emakumeak gure eguneroko bizipenak elkarbanatzen eta iritziak espresatzen hasiz gero beharbada problematika komuna dugula ohartuko gara. Emakume izatea kategoria politiko bezala ulertu eta gure bizitzak baldintzatzen dituzten dimentsioak identifikatzen hasiz gero, eragiteko fronte komunak topatuko ditugu. Eta bereziki gizonen estatusaren edo iritziaren nagusitasuna zalantzan jarriz gero, bakea apurtzen arituko gara, ordena mehatxatzen. Oso errotiko eta landutako misoginia behar da munduko biztanleriaren %50a baino gehiago osatzen duen kolektibo heterogeneoari bere arazo komunak indibidualak eta anekdotikoak direla sinetsiarazteko.

Deigarria da zeri jartzen diogun bozgorailua, ia gizartearen intereseko arazo bezala ikusteraino (esaterako futbolari baten gaixotasuna) eta zeintzuk parekatzen ditugun ia kuñadismoaren fenomenoaren periferian, nahiz eta munduko biztanleriaren erdia baino gehiagori eragin.

Langile mugimenduak indibidualizazioaren horma hori gainditzeko ezintasunean jarraitzen du, gatazkei banaka erantzunez eta elkartasuna bultzatzeko borrokan. Langile klasearen arazoei kolektiboki erantzuteko beharra erakustea demodé geratu da, gerra diskurtsiboa galtzen ari da. Feminismoak, ordea, identifikazio eta atxikimendu kolektiboaren jauzi hori ematea lortu du hainbat espaziotan eta horretan datza feminismoaren potentzial iraultzaile unibertsala oraintxe bertan.

Horregatik, kamarada gizon ezkertiarrak, historikoki emakumeen aldarrikapen propioak interes handiagoen izenean bigarren mailan uztearen inertzia iraultzera gonbidatzen zaituztegu. Ojokuidau, honek ez du apropiatzea eta protagonizatzea esan nahi. Noizean behin bigarren ilaratik eragitea ere oso osasuntsua da. Baina feminismoa zabaltzen ari den logika indibidualistaren dinamitatzea bultza eta zabaltzean datza estrategia iraultzaile interesgarri bat egungo egoeran. Beharbada gabon hauetako tertuliak indarren korrelazio eta aliantzen birplanteamenduen testigu izango dira, familia dinamiketan Stalingrado txikia.

Irudia: https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Woman_wearing_a_Scold%27s_Bridle._Wellcome_M0012989.jpg

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude