Sozializa ditzagun (espazioaren) produkzio bitartekoak!

jendartea — 2017-01-30
Irakurri Offline:

Azken aldian, gero eta gehiago ikusten dut hiria eremu gatazkatsu moduan. Administrazioek hiri atseginen iruditegia saltzen badute ere, egunero edozein hiritatik mugitzen naizenean, nik gatazkak eta kontraesanak ikusten ditut, batez ere: batzuk irabazleak dira eta asko galtzaileak. Deformazio profesionala edo obsesioa izan, honakoa puntualizatuko lidake Karl Marxek: “Klaseen arteko borroka, laguna”. Eta badakit orrialde asko idatzi direla horren inguruan eta nik ez dudala ekarpen teoriko handirik egingo analisi honetan, baina uste dut denbora gutxi eskaini diogula Euskal Herrian gai horri heltzeari, ikuspuntu tekniko-politiko batetik behintzat.

A la contra ari garenoi beti kostatzen zaigu eskalak ondo menperatzea. “Pentsamendu globala, ekintza lokala”, esaten dute. Eta erdian geratzen den guztia, norentzat?

Espazioa diseinatzen denean eskala ezberdinetan egiten da, logikoa da. Zure etxebizitzaren logelatik hasi eta Europako garraio sareetara arte, tartean auzoak, hiriak, eskualdeak… planifikatu egiten dira. Etxea egiten duena igeltseroa da, hiria egiten duena hirigilea, eta hortik aurrera nor demontrek planifikatzen du asuntoa?

Teorian Lurralde Antolaketa arduratzen da horretaz, zientzia bat izango balitz bezala. 1983an jadanik, Europako itun batean adostu zen Lurraldearen Antolakuntzak dimentsio espaziala ematen ziela gizartearen politika ekonomiko, sozial, kultural eta ekologikoei. Anbizioarekin jokatzen zuen jakintza-arlo horrek aspalditik, beraz.

Orain dela gutxi, Euskal Erkidegoaren lurralde antolamenduari buruzko konferentzia batean, hizlariak honakoa bota zigun: “Egun kapitala, inbertsioak, ezin ditugu erabat guk kontrolatu, baina gure esku dago esatea produkzio zentroak, enpresak, non kokatuko diren eta langileak non biziko diren”. Bizardun ezkertiarraren zalea izango zen, akaso. Izan ere, baieztatzen zuen Lurralde Antolaketaren bitartez nolako “produkzio bitartekoak” egon behar diren erabakitzen dela, eta “lan-indarra”, langileak non biziko diren, ere planifikatzen dela. Iruditu zitzaidan Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolaketaren sailean termino marxistak solturarekin erabiltzen zirela, segur aski alemaniar zaharraren helburu ezberdinekin, baina glosarioa behintzat menperatzen zuten.

Eta teknikari-politikari horrek pixka bat argitu zidan bidea. Lehenengo eta behin, berak pentsatzen zuen moduan, Lurralde Antolaketaren bitartez pertsonen bizimoduak diseinatu ahal direla. Bigarrenik, bizitzen dugun espazioa ere, auzoa, herria, hiria, “produzitzen” dela, ekoizten dela. Eraldaketa prozesu horietan irabazi handiak sortzen dira, beste kontu bat da noren eskuetan geratzen ari diren irabazi horiek.

Eta horren garrantziaz jabetuta, materialismo dialektikoaren aitak egun honakoa baieztatuko luke: “Sozializatu ezazue “espazioa” sortzen duten bitartekoak!”.

Demokratiza ditzagun, beraz, prozesu parte-hartzaileetatik harago, lurralde antolaketa zein hiri planeamenduen bitarteko juridiko eta legalak. Tresna horietan erabakiak konpartituak izatea bermatzen badugu soilik lortuko dugu irabaziak eta onurak benetan komunitate osoaren mesedetan izatea.

Irakurri Offline: