Talaios kooperatibako kidea eta Koop57ko kooperatibista. Garatzailea, Irakaslea, hacktibista eta hedabide ezberdinetako kolaboratzailea.

Identitate aniztasunaz hitz egiten da, gehienetan abizen bat gehituz identitate hitzari. Interneteko sare sozialen bidez eta, oro har, sarean ikusgarri egiten den orok definitutako esparru pertsonalari identitate pertsonalaren eraikuntza deitzen diote batzuek, adibidez. Identitate pertsonal horren eraikuntzak, egiatik zenbat duen aztergai garrantzitsu bat dela dirudi, sarea erabili bai, baina ezer gutxi dakitenen aldetik batzuetan.

Identitatea, J. Azurmendik ondo definitzen du Hizkuntza, Nazioa, Estatua liburuan, identitate edo nortasunari buruz: “Identitatea edo nortasuna lehenbizi pertsonala da eta bat da, baina elementu askoz osatua: plurala”. Ideologikoki labainkorrak diren garai hauetan, baieztapen horrek kasik beldurra ematen du, tautologia batek duen indarra darama, egia da.

Ezaugarri ezberdinez osatutako identitate bat badugu, bakarra, gure sareko jardunean ere identitate horren ezaugarri zehatz batzuekin murgiltzen gara. Hau da, gure identitatearen ezaugarri bat proiektatzen dugu bertan, kasu honetan, identitate pertsonala. Abizen hori jartzean, proiektatu nahi dugun horren zentzu osoa hartzen du.

Askotan hitz egiten da, identitate anitz gara ditzakegula, bai sarean baita honetatik kanpo ere. Esaldiaren ezinezkotasunaren aurrean, zer ari gara esan nahian orduan? Bada, nire ustez, gure identitatearen ezaugarri zehatz batek potentzia guztiarekin, identitate osoaren itxura hartzen duela. Identitate pertsonalaren kasua adibide ona da, bestela ulertezina litzateke “identitate” eta “pertsonalaren” baieztapen bikoitza. Identitatea edo nortasuna, norbanakoei buruz ari garen testuinguru argian, beti baita pertsonala.

Identitate baten ezaugarri zehatz batek identitate oso baten itxura edo espazio okupatzen duenean, identitate birtual baten aurrean gaudela esan genezake. Identitate birtual bat garatzearen arrazoiak mila izan daitezke; Twitterren kasuan adibidez, A. Badiou-ren iritziz proiekzio publikoaren beharrak asetzeko estrategiak garatzeko balio du. Horrek, identitate pertsonal (birtual) hori garatzeko aukera emateko ingurune aproposa dirudi eta desoreka batzuk finkatzeko espazio ere, aldi berean; horren adibide da emakume-gizonen arteko desoreka.

Identitate birtual bat izan daiteke lan profesionalaren garapena lortu nahian eremu horretako pose eta jarrerak bereziki nabarmentzea, besteak alboratuz edo zokoratuz; barne desira mugatua, egunerokotasunean adierazten uzten ez digutena, askatasunaren proiekzio bat; kritika edo gorroto sentimenduen azaleratze batek eraikitakoa… Kasu horietan guztietan, bakoitzaren identitatearen ezaugarri zehatz batek hartzen du indarra, batzuetan mugatzailea da bere horretan, beste batzuetan ezkutuko zerbait azaleratzeko balio du, edota interesgarriena, esperimentatzeko eremu bat ere bada.

Identitate birtualak beraz, ez dira, egia edo gezurra, ezaugarri baten proiekzio zehatzak eta askotan esperimentalak dira, baina denak identitate baten parte, normalean ezkutukoa bada ere. Esperimentatzeko aukera horrek, gure identitatea bera moldatu eta eraldatzeko aukera ematen digu, pistak ematen dizkigu. Zoriontsuagoa naiz nire desira sekretuak edo gorrotoa askatzen? Edota proiektatu nahi dudana, naizena baino itxura “garbiagoa” azaleratzen? Esperimentua eta ez mozorrotze soilak direnean, horrek gu geu eraldatzeko potentzialitatea dute; identitatea zerbait bada, aldakorra delako, inoiz ez estatikoa.

Mozorrotzea aipatu dut eta kasu hori identitate eremutik kanpo utzi nahiko nuke, ez baita berdina mozorrotzea eta maskaratzea. Azaldu beharko, formalegia izaten ari ez naizelako, agian. Mozorrotzea, ez zaren horren espresioa esplizitua da niretzat; beste batez mozorrotzen zara, alegia. Maskaratzean aldiz, zu izaten jarraituta, zure egunerokotasunean jorratu ezin dituzun espresiobideak gara ditzakezu, ezagutuko ez zaituztelakoan, beraz gainetik presio sozial-kultural asko kentzeko gaitasuna duzu. Horregatik da garrantzitsua anonimotasunaren defentsa edota eremu digitaleko arrastoa ezabatzeko aldarriak egiten jarraitzea, Interneteko sare sozialek hiperridentifikaziora erakarri gaituzten garaiotan.

Interneteko sareetan anonimotasunez jarduten dugunean, mozorrotu gabe, maskaratzen garenean, identitate birtual bat garatzen ari gara, gure identitatean eragina izan dezakeen kasu batean gaude, beraz. Horrelakoak dira beren benetako izena ezagutu ez, baina nick edo ezizen baten jarduna benetako egiten duten pertsonak. Mozorrotu gabe, troll forma hartu gabe alegia, benetako jarduna egiten dutenak sarean.

Bukatzeko, identitate birtualen egiazkotasunaz hitz bi. Identitate birtualak gure identitatearen parte baten ezaugarritze gehiegizko edo potentziatu bat diren heinean, identitate forma oso baten itxuran, egiazkoak dira. Hiri handi batean edo gure ohiko eremu sozialetik kanpo ere nolabaiteko identitate birtual horiek agertu ohi diren bezala, identitate birtualak sarean eta kalean erabiltzen ditugu. Lan eremuko formalidade itxura eraikitzen dugunean, militantzia eremuetan hartzen ditugun pose eta izaera faltsutuak irudikatzen ditugunean, edota konfiantza eremu batean normalean ikusgarri egiten ez ditugun jarrerak askatzen ditugunean. Interneten garatzen ditugun identitate birtualak gezurrezkoak badira, kalean edo egunerokoan garatzen ditugunak bezainbeste dira, baina inporta al du honek D.Haraway-ek zioen cyborg-ak garen garaiotan?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude