Hedoi Etxarte

1986 Iruñea. 2004tik 2007ra letra gorriz AEROFLOT jartzen zuen jertse urdin bat janzten zuen.

Nork aupatu zuen FN?

1958an sortu zen Bosgarren Errepublikan ezkerrak huts egiten zuenean eskuinaren txanda izaten zen. 22 urtez zentro-eskuina egon zen botere presidentzialean. 1981etik 1995era Mitterrand. Eta 1995etik 2012ra eskuina: Chirac lehenik eta Sarkozy gero. 2012an itzuli zen Alderdi Sozialista (PS) boterera Hollandekin.

Baina ziklo luze hori ez zen monolitikoa izan eta inflexio puntu nabarmen bat izan zuen. Asko aipatu izan da Mitterrandek izan zuen gaitasuna Alderdi Komunista (PCF) likidatzeko. Bigarren Mundu gerraren osteko Frantzian ezkerreko alderdi nagusia ez zen sozialdemokraziakoa, PCF zen. Gerraren ostean sortu zen Laugarren Errepublika kaotiko hartako lehenengo Asanblea Nazionalean, adibidez, komunistak izan ziren eserleku gehien izan zituztenak, gaullisten eta sozialdemokraten aurretik.

Baina Mitterranden maisu jokaldiak bi tempo izan zituen. Batetik, PCF paktura behartu eta hitza bete gabe komunistei eraldaketarako zilegitasun osoa kendu zien. PS bihurtu zen zentro-ezkerreko erreferentzia bakarra. Bestetik, eskuin-muturra kriminalizatu zuen, presentzia mediatikoa eman zion eta «paktu errepublikanoa» egitera behartu zuen zentro-eskuina. Alegia, bigarren itzuli batera hiru hautagai ala zerrenda pasatzen baziren –legegileetan bezala departamentuetako hauteskundeetan– eta indartsuena zentro-eskuina bazen zentro-ezkerrak indartsuak bozkatzera deituko zuen, eta aldrebes. Helburua FN marjinatzeko aurkeztu zen. Baina, funtsean, PS indartzen zuen. Zentro-eskuinari ez ziolako inoiz FNrekin akordiorik erdiestea uzten. Gainera, epe ertainera ikusi den bezala, FNri zilegitasuna ematen dio «sistematik kanpoko gisa» bere burua aurkezteko. Eta, beraz, euren buruak sistematik kanpo sentitzen dituzten milioika frantsesek (langabeak, jende langilea, enpresari txikiak, guraso etorkinak dauzkaten mordoa) identifikazio gogor bat egin dute: sistemak ni baztertzen nau eta mediatikoki haiek kriminalizatzen ditu, beraz, haiek dira «ordezka ezinak» direnen ordezkariak.

Hauteskundeen zikloari buruzko bi hitz

Apirilaren 23an Presidentzialetarako lehenengo itzulia izango da. Hilabete luzez ari prentsa horri buruz hitz egiten, baina tartean etapa asko daude.

Bost urtean behin Frantzian dagoen prozesu zentralena dira hauteskunde presidentzialak. Prozesu diogu kapitulu askotako denboraldi bat delako, funtsean. 2012an Alderdi Sozialista primarioak egiten hasi zenetik sei hilabete luzeko parentesi bat da Errepublikaren jardunean: 2016ko azaroan hasi zen kontua zentro-eskuineko primarioekin (han hautatu zuten Fillon), zentro-ezkerrekoak etorri ziren gero (han hautatu zuten Hamon), hauteskunde kanpaina hasiko da aurki, eta lehen itzuliaren ostean dator bigarrena maiatzaren 7an. Baina presidentzialak badu buelta bat: hauteskunde legegileak. Legegileek ere bi itzuli dauzkate. Ekainaren 11an lehen itzulia, eta 18an behin betikoa.
Hala ere eta, miraririk ezean, Macron hala Fillon hautatuko dutenez, prozesu luze honetako ezustekoa ez da apirila-maiatzean izango. Legegileetan etor daiteke FNren sorpresa.

Asanblea Nazionalak 577 eserleku dauzka. Eta azken hauteskunde presidentzialetan Marine Le Penek %17,90 lortu bazuen ere, legegileetako lehenengo itzulian %13,60ra jaitsi zen (emaitza historikoa bazen ere), eta eliminazio sistema tarteko bigarren itzulian bozken %3,66rekin bi diputatu soilik ekuratu zituen. Zentro-ezkerrak 331 eskuratu zituen, eskuinak 229, ezkerrak 10 eta zentroak 2.

11 hautagaietatik 4 eskuin-muturrekoak

Datozen Frantziako hauteskundeak ez dira soilik Europako eskalan garrantzitsuak. Borroka politikoei buruz ere irakaspen asko atera daitezke. Horren adierazgarri asteartean BFMTV katean egin zuten hiru ordu eta erdiko eztabaida. Inkesten arabera Jean-Luc Melenchon ezkertiarrak irabazi zuen. Beraz, telebistako show-ak lotura gutxi du gero hautetsontzietatik aterako den emaitzarekin.

Deskuiduan, ordea, beste datu bat pasa zen. Ez zen FNren hautagaia eskuin-muturrak platoan zeukan ordezkari bakarra. Eta, beraz, azken urteotan eztabaidaren joko zelaia zein den markatzeaz gain (Europako Konstituzioaren aurkako diskurtsoa, eliteen kontrakoena, demokrazia faltarena, jende xehearen defentsa), hautagai gehien dauzkan korrontea da hauteskundeotan.

Hauek dira Le Penez gain parte-hartzea lortu duten hautagaiak: UPRko François Asselineau, S&Pko Jacques Cheminade eta DLFko Nicolas Dupont-Aignan. Bistan da, gaurko abagunean, hedabideek ahots dezente ematen dietela (bereziki Dupont-Aignani hauteskundeen ziklotik kanpo) Marine Le Penen kaltetan. Eta, egia da ere, eskuin-muturra oso termino zabala dela gaur egun, joera eta nabardura asko dauzkana: denak ez dira berdinak. Artikulu oso bat dedika dakioke, hasteko, FNren baitan elkarbizitzen duten –ez beti modu baketsuan– hiru tendentzia eta soziologia nagusiei buruz. Hala ere, oro har, lau hautagaitzek hiru ardatz praktikatzen dituzte: zehazten ez duten Frantziaren subiranotasunaren defentsa bat, merkatuaren kritika bat sistema neoliberala zalantzan jarri gabe eta xenofobia zentzu komunaz hornituta.

Dena dela, arrazoi bakarra ez bada ere, FNren arrakastak zerikusi handia dauka Frantzian zilegitasuna izan zezakeen ezkerraren absentziarekin. Hautesleek ezkerra sistemikoa ikusten du Melenchonen kasuan, ala ederra baina aukerarik gabea NPAko Poutouren kasuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude