Etorkizunaren nostalgia

jendartea — 2017-05-26
Irakurri Offline:

Beti gabiltza euskara bezalako hizkuntza gutxiagotuen eta IKTen eta, oro har, komunikazioaren harremanen inguruan bueltaka, baina errealitateak dio gauza asko egin daitezkeela eta horietakoren batzuk behintzat egiteko ordua dela.

Hainbat aritu, aditu eta erakunde bildu dituen Euskararen Aholku Batzordeko azpibatzorde batek erreferentzia izan nahi duen dokumentu bat atera du: ‘Euskarazko IKTak: gomendioak herri aginteentzat’. Maite Goñik koordinatu duen batzordetik ateratako dokumentuak zenbait proposamen jasotzen ditu, eta hurrenkera bat ere ematen saiatzen da laguntzeko.

Hor esaten direnez gain, gaurtik hasita, euskara bezalako hizkuntza batentzat jada martxan, beste hizkuntza batzuetan dauden esperientziak, proiektuak edo ekimenak ekarriko ditugu lerro hauetara. Bakoitza ekartzeko arrazoiak ezberdinak izango dira, baina denek dute helburu ‘zer egin daiteke?’ galderari erantzun posible bat ematea.

Hizkuntzak ikasteko/irakasteko era berriak eta lengoaia berri bat ikastearen garrantzia

Hizkuntzak ikasteko bideak gero eta gehiago dira. Inoiz baino baliabide gehiago ditugu sarean ikasteko, baina baita zerbitzu eta tresna berriak ere. Horien artean Duolingo.com dago, hizkuntzak ikusteko aplikazioa. Aplikazioak oso modu erakargarrian gidatzen du hizkuntzen ikasketa prozesua, jokotan erabiltzen diren estrategiak baliatuz jendearen interesa bereganatzeko. Hedapen zabaleko hizkuntzak bai, baina irlandera, katalana, galesa… bezalako hizkuntzak ere badaude.

Hizkuntza ez, baina lengoaia berri bat, programazio lengoaiak ikastea gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen ari da. Teknologiak gidatutako jendarte batean bizi gara, eta programazio lengoaiak ikastea edo behintzat ezagutzea garrantzitsua izango da, gure hizkuntzatik ere egin daitezkeen gauzak irudikatzeko behintzat. Code.org zerbitzuak, adibidez, Duolingok bezala, jokoetan oinarritutako estrategia bidez lehen pausoak emateko aukera ematen digu, eta euskaraz dago.

Sozio-teknologian formazioa eta ahalduntzea bizitza osoan zehar

Teknologiak duen garrantzia onartzen badugu, horretan ahalduntzeak duen garrantzia nabarmena da. Ikasketa modu berriak eta askotarikoak agertu diren honetan, euskarak bezalako hizkuntzek bere tokia egin behar dute etengabeko ikasketa prozesua ahalbidetzen duten tresnetan. Horrelakoak dira zenbait online ikastaro edo MOOCak (Massive Open Online Course). Horrelako ikastaroetan Coursera.org da erreferentziazko guneetako bat maila globalean; eta, gurean, UEUk, adibidez, zenbait ikastaro egin izan ditu euskaraz.

Herritarren ahalduntzea ere bilatu beharko dugu, eta hizkuntza-teknologia eta berrikuntzari lotutako espazioak behar ditugu horretarako. Gurean KZguneak egon diren bezala, beste toki batzuetan beste maila bateko ekimenak burutu dituzte. Horietako bat, Citilab.eu laborategi herritarra: Cornelláko espazio horrek herritarrek adin ezberdinetan teknologiarekin duten harremana lantzen du, dinamika ezberdinak eta parte hartzea bilatuz.

Online eta offline komunitateei lagundu eta berriak sortzea sustatu

Gai ezberdinen bueltan, euskara hizkuntza bezala baliatuz biltzen diren online komunitateen sustapena oso garrantzitsua da, beraien ekinaz aurrerapauso handiak ematen baitira. Horietako adibide gertuko bat Software Librea euskarara lokalizatzeko lanetan diharduen Librezale.eus elkartea da. Berari esker, euskaraz ditugu bestela ezinezkoak izango liratekeen programa eta aplikazioak.

Bestalde, hizkuntza eta teknologia batuz, ekimen asko daude. Nos-ta-konekta.com, papiamento hizkuntzaren inguruan sortutako komunitate parte-hartzailea, adibide interesgarrienetakoa da. Papiamentoa Aruba, Bonaire eta Curaçao uharteetan erabiltzen den hizkuntza kreolea da, portugesean oinarritutakoa baina gaztelaniaren eragina duena. Komunitate horrek hizkuntza horretan teknologiaren gaiak jorratzen ditu: webguneak egin, hiztegiak erabiltzeko tresnak hedatu, hizkuntza horretan tresnak konfiguratzen ikasi…

Ezagutzaren biltegi libre eta irekiak behar ditugu

Gurea bezalako hizkuntzek sortzen dutena erabili, berrerabili eta hobetzeko aukera bakarrenetakoa da baliabideak izateko garaian. Horretarako sortzen dena ahalik eta libreena eta atzigarriena egin behar da. Horretan asko laguntzen dute, adibidez, Wikimediafoundation.org-eko proiektuek; Wikipedia da, noski, ezagunena, baina askoz gehiago daude.

Horrez gain, gero eta garrantzi gehiago dauka gizakiok ez ezik makinek ere ulertu eta berrerabiltzeko moduan jartzea datuak. Horretarako, estandar libreak erabiltzeak eta teknologia semantikoek zeresan handia dute. Arlo horretan, erreferentea da Linked Data proiektua: lod-cloud.net webgunean, mundu mailako biltegi irekiak bisualizatzen dira. Hor egoteak etorkizunean garatuko diren tresnetan ere egoteko aukera izatea dakar.

Erabili eta ekarpenak egin tresna kutxa librera

Euskaraz dauden tresnak erabiltzea eta, horrela ez bada, lokalizatzen laguntzea oso garrantzitsua da. Erabiltze soilarekin eragitea lortzen bada, zer esan horiek gure hizkuntzara itzuli eta besteen esku jartzearekin. Programa bat euskaratu eta hizkuntzaren berezitasunetara egokitzeari lokalizatzea deitzen zaio; eta ia edozeinek egin dezakeen zerbait da, ez da jakintza tekniko berezirik behar.

Nabigatzailea da horietan tresnarik garrantzitsuenetakoa: euskaraz instalatu eta konfiguratzearekin soilik, sartzen garen guneetako estatistiketan hizkuntzaren arrastoa utziko dugu, eta euskaraz dauden webguneetan euskarazko edukia ikusi. Zorionez Mozilla Firefox nabigatzailea euskaraz badugu euskaldunok.

Bestelako tresnak ere badaude: horien artean WordPress, webguneak egiteko Edukiak Kudeatzeko Sistema (EKS). Mundu mailan gehien erabiltzen den tresnetako bat izanik, estrategikoa da era horretakoak ere eduki eta erabiltzea.

Teknologiaren erraldoiak, beti gertu

Teknologia libreak estrategikoak badira ere, jendartean gehien erabiltzen diren beste batzuk ere kontuan hartu behar dira. Horretarako garrantzitsua da Google, Facebook, Twitter eta abarrekin harremanak edukitzea eta beren produktuak lokalizatzea eskatzea.

Horrek diplomazia eskatuko du zenbait kasutan, eta beste batzuetan aktibismo praktikak: diplomazia, adibidez, PuntuEus Fundazioak Twitterren publizitatea jartzeko aukera aztertzeko egin zuena; aktibismo kasu bat, aldiz, Twittereuskaraz.com Twitter euskaraz eskatzeko ekimen herritarrarena.

Handira pentsatu, izan hiper-lokala

Internetek espazioa eta denbora tolesten du askotan. Gai guztietarako audientziak daude; gai batzuek geografikoki interes zehatz baterako eginak behar dute izan, edo, gaiei buruz ari bagara, oso gai zehatzetarako interesatuak egon daitezke. Eskala handiko komunikazio tresnak baino, eskala txikiko asko eta horiek agregatuko dituzten ekimenak izan daitezke interesgarrienak. Gurean Hitza.eus adibidea dago, herrietako eta herrialdeetako atari hiper-lokalak batzen ditu hedabide handiagoak osatuz.

Gaika, aldiz, blog indibidual eta kolektiboetan edukia sortzea beharrezkoa da. Maila globalean, Medium.com artikuluak idazteko atariak ikusgarritasun handia hartu du. Jarraitzaileak batu eta audientziak pertsonaren edo gaien arabera aukeratzeko bidea ematen du zerbitzu horrek.

Hedabideen konbergentzia transmedia, soziala, nahierakoa eta ubikuoa da

Asko hitz egin da hedabideen arteko konbergentziaz; aspaldikoa bada ere, orain telebista aparatuen eta Interneten artekoa gertatu da. Gero eta zailagoa da hedabide bat sailkatzea: telebista, bideoak, batzuetan testua ere, sare sozialetako jarduna… dena nahasten da. Dena nahasten dugu guk ere, telebistan gertatzen dena sare sozialetatik jarraituz eta eztabaidatuz, adibidez.

Denbora errealean hori, baina baita nahi dugunean ere, programa gehienak nahieran ikus/entzun baitaitezke beranduago ere; gailu mugikorretan gero eta errazago. Zientzia fikzio ziren ideia batzuk merke eta zabal iristeko bideak aurkitzen ari dira, horrelakoa da Googleren Cardboard proiektua: kartoizko betaurreko horietan mugikor bat sartuz, errealitate birtualeko tresna bihurtzen dira, beste dimentsio bat gehiago informazioarentzat.

Ikus-entzunezkoak garrantzi izugarria badu ere, podcast eta online irratiak ere bere bidea egiten ari dira. Hobekien egokitzen ikasi duten hedabideak dira eta Internetek gainera ate berriak ireki dizkie. Aztertzeko adibide interesgarrienetakoa Ivoox.com ataria da.

Mugikorrak dena konkistatuko du; konkistatu dezagun, beraz

Sakelako telefonoetako audientziak gora doaz etengabe, arlo askotan ordenagailu arruntetako audientziak baino handiagoak baitira. Horrek ere berezko bideak ireki ditu, jokoentzako eremu berri bat, edukiak eskaintzeko formatu berriak eta baita komunikaziorako eta narraziorako proposamen berrituak.

Berehalakotasuna faktore garrantzitsua izanik, horren adibide dira Snapchat.com bezalako mezularitza efimerorako tresnak edota Periscope.tv bideoak zuzenean emititzeko eta sozializatzeko aplikazioak. Aukerei adi egon eta eremu horretan jarri beharko da indar gehien.

Hizkuntza teknologiak eta Adimen Artifiziala sorkuntzaren lagun

Hizkuntza teknologiak garatzea ezinbestekoa da etorkizunean euskara ulertu, itzuli, sintetizatu… nahi badugu behintzat. Ez hori bakarrik, beste hizkuntzetako edukiak itzuli eta euskaratzeko tresna paregabea ere badira. EHUko IXA Taldekoek Wikipediarako zenbait eduki azkarrago itzultzen laguntzeko erabili izan dituzte, adibidez.

Adimen Artifizialari buruz asko esan ohi da, baina behintzat lehen fasean baliagarria izango da lan automatikoak desagerrarazi eta sorkuntzari lotutako gizakion lana errazteko. Jada zenbait hedabidetan, datuetan oinarrituz albiste sasi-automatikoak sortzeko erabiltzen da, gero horiek kazetari batek moldatzen baditu ere.

Gauzekin ere hitz egiten hasi gara, baina ulertuko gaituzte? Aspaldi dute iPhone mugikorrek Siri izeneko ahots morroia. Googlek badu berea, «OK Google» esan eta aktibatzen dena telefonoan, nahi duguna eskatzeko. Orain gure mugikorretatik harago joan eta etxeetaraino ere iritsiko dira; Google Assistant berriak, Google Home mikrofonodun gailu batekin, edozein gauza ahoz egiteko aukera emango omen du. Ea horrek ere euskaraz dakien.

Urrutiegi joan gabe, baina transhumanismoan pentsatzen hasi

Orain gailu direnak, gure gorputzaren parte edo laguntza izango dira aurrerantzean. Neil Harbisson (harbisson.com) da cyborg izendapena lortu duen lehen pertsona. Bistako arazo bat konpontzeko, antenatxo txiki bat lotu dio garezurrari. Cyborg Project bere proiektuarekin lotuta, aurrerantzean ere gizakiok dugun sena gainditzen duten zentzumen berriak garatu nahi ditu orain: atzera begirada, saguzarren moduko ekolokalizazioa edota iparrorratzaren antzeko sena.

Teknologia horiek, orain arte, gizakiok ditugun arazoak edo gabeziak konpontzeko erabili badira, etorkizunean funtzio berriak asmatzeko erabiliko dira. Hizkuntzari lotuta, badira adibide interesgarriak. Panglos delakoa, adibidez, edozein hizkuntza hartu eta edozein hizkuntzatara itzultzeko aukera ematen duen zientzia fikzioko tresna, ez da iritsi oraindik; baina 2017rako Pilot proiektukoek entzulearen noranzkoan hizkuntza itzultzeko aukera emango duen gailua garatu nahi dute. Euskara ezagutzeko aukerarik izango duen ez dakigu, baina bide horretan jarri behar dugula argi dago, berandu izan aurretik.

Zientzia fikzioa etorkizuna amesteko edo saihesteko tresna paregabea da, baina aipatutako teknologia gehienak hemen eta oraingoak dira. Ez da Pilot izango, baina Interprest.io proiektu euskaldunak, adibidez, gailu mugikorrez baliatuz, badu interpretaziora baino leku gehiagotara iristeko helburua. Etorkizunaren nostalgia izateko garaiak dira, baina horretarako orain eta hemen hasi behar dugu lanean.

Irudiaren Iturria: Interprest http://interprest.io/ (Talaios-en eskutik)

Iturri originala: http://www.jakin.eus/blog/telepolis/-gorka-julio/etorkizunaren-nostalgia/175

Irakurri Offline: