Etorkizuneko.arkeologia.S01E01.eu.odt

ekonomia — 2017-05-12
Irakurri Offline:

Hitzaurre gisa

Aspaldi hasi nintzen artikulu hau idazten. Eta gero nonbait gorde nuen. Eta berriro hasi. Eta ondo ez gordetzeagatik, galdu. Berriro hasiko naiz. Aspaldi hasi nintzen artikulu hau idazten, Azkuna alkate zenean eta polemika handia egon zenean frankismoaren alkateen koadroen harira. Lapiko Kritikoan argitaratzea pentsatu nuen, baina gero ez nuen jakin nola bukatu, nola borobildu. “Etzi bukatuko dut” esan nuen. Eta gaur arte.

Artikulua berriro idazten hasiko naiz, baina ez da izango artikulu bera, ez da izango artikulu bat. Serie bat izango da. Hasiera izango du, eta espero dut amaiera ematen jakitea. Zuen laguntza beharko dut horretarako. Artikuluaren lehen zirriborroan Azkuna zen protagonista. Baina ideia borobildu nuenerako, hil zen. Eta ez zitzaidan polita iruditu argitaratzea. Badakizue, hil berria zen, eta artikulua bukatu gabe nuen. Bigarrenari eman nion garrantzi handiagoa, lehenengoa auto-aitzakia. Baina orain, urte batzuk pasata, Azkuna ez da artikuluaren protagonista. Gu gara protagonistak, gure politikoki zuzena denaren ideiarekin: gure burua heterodoxiaren maitale izendatzen dugunok baina gero, sekretuki, ortodoxia eta ordenan oinarritutako mundu baten fantasiarekin masturbatzen garen guztiok. Edo ez… berez arkeologiari buruzko artikulu bat delako, heterodoxiaz beteriko arkeologia (ez bainaiz arkeologo ez historialari). Hau frankisten koadroak gainetik marraztearen aldeko alegatu bat da; Franco “Erorien Bailaran” lotsa pasatzen uztearen aldeko mezu bat. Edo agian ez, ikusiko dugu nola bukatzen den hasi berria den serie hau.

Etorkizuneko arkeologia
S01E01
Baphuonen lau dimentsioak

Baphuon Angkorren dagoen tenpluetako bat da. Ez da ez handiena, ez fotogenikoena, ez misteriotsuena. Baina badu kontatu nahi dudan ideia honetarako berezitasun bat. Izan ere, Baphuon bi tenplu oso ezberdin izan dira historian zehar eta bi aldiz muntatu behar izan da, osorik.

Leku harrigarria da Angkor. Han egon ginenean lau egun behar izan genituen tenplu nagusiak bisitatzeko eta eremuaren ikuspegi orokor bat izateko. Angkor Wat ezagunaz gain (Kanbodiako banderan agertzen den nazio ikurra da), Angkor Thomek eta han-hemenka dauden bestelako tenpluek hiriaren tamaina ulertzera eramaten gaitu. Baina ez dugu guztiz ulertzen: oraindik ez dakigu zenbat jende bizi zen bertan, izan ere harrizko tenpluak baino ez zaizkigu iritsi, ez herritarren zein agintarien banbuzko etxeak. Egindako obra hidraulikoaren tamaina ikusita, baliteke milioi bat angkortarretik gora bizi izana 1100. urtearen inguruan. Munduko hiririk handiena zen; munduko biztanleriaren %0,1 bertan bizi zen garai hartan. Londresek, konparazioan, 50.000 biztanle zituen garai haietan, Atenasek 4.000 inguru. Munduko hiririk zabalena izan zen ere, ahalik eta Industria Iraultzan Londresek bere tamaina gainditu zuen arte. Ah! Arroza eta arraina ziren euren dietaren oinarria eta, horregatik, nobleziaren ardurarik handiena obra hidraulikoak ziren: urak mugitzen zuen ekonomia. Hain zen garrantzitsua ura, ezen ureztatze-sistema nagusiaren iturburuan milaka zakil zizelkatu zituzten errekaren magalean, “Mila zakilen lingen ibaia” izeneko gune arkeologiko interesgarrian.

Hinduistak izanda, Vishnu zein Shivaren jarraitzaile ziren. Baina, aldi berean, erregea euren berraragiztatzea zela sinisten zuten eta, horregatik, kasta sistema sakon bati esker, baimena ematen zioten eraikin erraldoiak egiteko, jainkoak zirela demostratzeko, euren boterea inoiz ahaztua izan ez zedin.

Udayadityavarman II.ak eraikiarazi zuen Baphuon tenplua, 1050 eta 1066 urteen artean. Edo, azken ikerketen arabera, bere aita Suryavarman I.ak. 120 metro zabal, 100 metro luze eta 34 metro altu dituen tenplu masiboa da. Eraiki zenean, ziurrenik, beste 16 metroko dorre bat zuen. Timur Khanen arabera brontzezkoa zen dorre hori, eta espektakulu ederra omen zen.

Tenplua bukatu eta gutxira budismoa hedatzen hasi zen, pixkanaka-pixkanaka, baina etengabe. Bi mende igaro zirenerako Theravada Budismoa zen Angkorreko erlijio nagusia. Honek aldaketa izugarria ekarri zuen: erregeak jada ez baziren jainkoen ordezkari, erlijioa eta gizartea aldatu zelako, jada ez zegoen beharrik euren boterea mantentzeko, eraikin erraldoiak egiteko edo euren jainkoak gurtzeko. Botere hori galduta, erregeek ezin zituzten langileak mantendu, eta obra hidraulikoak hondatzen joan ziren, ahalik eta inperioa galbidean sartu zen arte. Milioi bat biztanle izan zituen hiria oihanak jan zuen.

XV. mendean Baphuon tenpluaren aldeetako bat eta dorre nagusia suntsitu eta Buda Etzan erraldoi bat eraiki zuten. 9 metro altu eta 70 metro luze, tenpluaren simetria guztia hausteaz gain, emaitza nahiko pobrea izan zen. Baina, hinduismorik gabe, budistek monumentuen birziklapenari ekin zioten. Angkor izan zenaren itzal bat zen jada, ahaztutako leku bat, inoiz hustu gabekoa, baina izandako iragan loriatsuaren parodia bat. Ahalik eta XIX. mendearen bukaeran frantziar arkeologoak bertara iritsi eta leku mitiko bilakatu zuten arte. Lara Croftek zein National Geographicek lagundu badute ere, Frantziaren inperialismoa izan zen Kanbodian arkeologian aritu zena.

1960an, jada erdi eroria zegoen Baphuon tenplua berreraikitzeko lanak hasi ziren. Harri guztiak katalogatu, euren lekutik kendu eta ondoko oihanean jarri zituzten. 300.000 pieza ziren, guztira, tenpluaren tamainaren erakusgarri. Eta horra non Khmer Gorriak iritsi, frantziarrak kanporatu eta Baphuonen berreraikuntza planoak suntsitu zituzten. Edo norbaitek gerora suntsituko zen lekuren batean gorde zituen, batek daki. Kontua da, eta hemen puntu interesgarria, 1990eko hamarkadan, frantziar arkeologoak itzuli zirenean, harri multzo erraldoi bat zutela euren aurrean, baina planorik ez, egin behar zenaren ideia handirik ez. Baliteke inoiz muntatu den hiru dimentsioko puzzlerik handiena izatea, noski.

Parisen zeuden argazki batzuk ikusten 300.000 pieza horiek berriro euren lekuan jartzen saiatu behar ziren. Baina konplikazio handiago batekin: tenplua ez zen simetrikoa eta pieza asko euren jatorrizko lekutik kendu ziren Buda Etzana eraikitzeko. Eta hemen dator galdera interesgarria, serie batean, atal bakoitzaren bukaeran, hurrengoa irakurtzeko gogoa pizten dizuna: zer zen berreraiki behar zena, jatorrizko tenplu eder eta altua, edo hiru mende beranduago modu eskas batean, suntsiketaren ondorioz, Buda Etzan erraldoia zuen hori? Hiru dimentsioko puzzle batekin egin al zuten topo edo arkeologiak lau dimentsioak hartu behar al ditu kontuan?

Badirudi arkeologoek ez zutela duda handirik izan: bigarren aukera. Izan ere, tenpluaren etengabeko suntsiketa bertsioen artean interesgarriena Budarena zela pentsatu zuten. Eta hala dago gaur egun, erdi hindua erdi budista den erdi tenplu, erdi turistentzako eraikin. Ez al dira ba, hinduak zein budistak, asiarren erlijio? Ez al da interesgarriago Buda Etzan horrek kontatzen digun historia tenplu soilak kontatzen diguna baino? Baina… zergatik ez utzi harri multzoa oihanean, ondoren emandako historiaren lekuko?

Hurrengo atalean jarraituko dugu Budekin eta suntsipen gehiagorekin.

PD: Kanbodian egin nituen argazkiak ikusteko, jarraitu lotura.

Irakurri Offline: