Beste norbaiten ukronia gara

jendartea — 2017-06-07
Irakurri Offline:

Unibertsitateko langilea izatea ez da pagotxa -iragandako lorien bernizarekin estalitako erakunde askok bezala oraindik halako aura zozo bat gordetzen duen arren gure gizarteetan- baina baditu abantaila batzuk, ikerketa-egonaldiak egiteko aukera bezala.

Nire kasuan Pryfysgol Cymru, Galeseko Unibertsitatera etorri naiz Aberystwyth deituriko kostaldeko herrixkara. Erasmus urtea bertan egin nuen beste bizitza batean, eta hamaika urte geroago, gauzak zer diren, bertara itzuli naiz. Itzultzea ezinezkoa da noski, nintzen hori eta hau zen hura joana da, baina tira, itzuli naiz 😉

Aberystwytheko promenade-a, estaturik gabeko nazioen banderaz josita dago udaberrian.

Kontua da Gales eta Euskal Herria aspaldi banatutako ahizpa bikiak bezalakoak direla zentzu askotan: demo-linguistikoki oso antzerako tamaina, arazo eta aukerak agertzen ditugu, baina, aldi berean, garapen politiko, kultural, ekonomiko eta eraldatzaile ezberdinak garatu ditugu XX eta XXI. mendeotan. Adibide txatxu (baina erreal) batzuk jartzearren, haiek ez dute borroka armaturik izan baina telebistako kalitatezko fikzioa egiten dute, guk eskumako errailetik gidatzen dugu eta haien ezkerretik (eta ez batzuek ez bestek ez dugu horretan erabakimenik izan), hezkuntza sistema osoa gure hizkuntzan izateko borrokan jarraitzen dugu bi herriok (aldi berean antzekoak eta oso ezberdinak diren erronkei aurre egin nahirik oraindik ere)…

Herrian galesera Bilbon euskara beste entzuten dela esango nuke. Umeekin asko, adindunek haien artean tarteka erosketak egiten ari direla, unibertsitatean langile eta ikasle kontzientziatu/ahaldunduen artean eta Nazioarteko Politikako eta Komunikabideekin lotutako sailetako mintegietan… Elebitasunaren eta hizkuntza estandarraren eta galeskien auziarekin ere burua apurtzen ari dira haiek ere… Baina gero fish & chips postuak dituzte kale kantoietan eta guk, ordea, Kebab dendak.

Oso sentsazio potentea da. Hain hurbil eta hain urrun. Hain berdin eta hain ezberdin. Guk hartu ez genituen bideak hartu zituen eta guk hartu genituenak hartu ez zituen bikia ezagutzea bezalakoa da. Beste unibertso/historia paralelo bateko gu hori erakusten digun ispiluan begiratzea gure burua.

Gure erabakien multibertsoak zorabioa eragin dezake, edo lilura.

Eta noski, ispilu horrek deformazioak sortzen ditu. Lilurak eta ezin ulertuak, behatzailearen begiradak ikusten ikasi duena soilik ikusten baitu. Frustrazioak, garenetik nahi diogulako eragin ez garen horri. Esperantzak, aukera galduen eta aukera berrien poetika bat zabaltzen zaigulako ezinbestean gure aurrean. Gure izatearen kontingentzia edo kausalitateak zapla ematen digu aurpegian. Honelakoak gara, baina bestelakoak izan gintezkeen.

Atzo, adibidez, Ceredigion eskualdeko herri asanblada batera joan nintzen. Ostegunean UK-ko hauteskundeak datoz, eta eskualdeko MP izateko hautagaiak han zeuden: Llafur (Labour), Plaid Cymru, Greens, Liberal Democrats eta Kontserbadoreak (Tory). Aretoa lepo. Batez ere pertsona nagusiak (hemen ere gure antzera?) baina gazte asko baita, oso ilusionatuta Jeremy Corbynekin (Podemos hegoaldean?). Eta euskal herritar bezala harrigarria, kezkagarria eta desolagarria iruditu zitzaidan ezkerreko indarrak polizia gehiagoren alde hitz egiten ikustea, indar ustez abertzalea “the country” esaten aritzea, Britainia Handia izendatzeko edota askapen nazional eta sozialaren artikulazio potente(ago)rik ez entzutea saioak iraun zuen bi ordu luzean.

Baina aldi berean oso emozionantea iruditu zitzaidan komunitatearen parte-hartzea (txalo, irri, oihu eta kexuekin), ideiak txalotzea nork zer esaten zuenaren gainetik (LibDem bat SNParen alde hitz eginez, edo jendea txaloka Ceredigioneko hautagai laboristak Tony Blair gerra kriminal bat dela esatean). Beste politika bat da, beste modu bat, pentsatu nuen.

Eta hori da nire ondorioa: Euskal Herrian ere beste norbaiten ukronia gara. Galesena, Bretainiarena, Irlandarena, Sahararena, Palestinarena edo Kurdistanena. Errealitate sozial eta historiko konkretua beti da gutxienez gauza bi: dena eta ez dena. Hartutako bide bakoitzak hartu ez ziren beste bide guztien koordenatuak daramatza bere baitan inskribatuta, irakurri nahi dituenarentzat.

Garik abesten zuen bezala, edozein erabaki errore bat da funtsean. Ez dago ez erratzerik. Erratzeko modu ezberdinak bai baina, gu garen eta ez garen narratiba horiek guztiak ehuntzen dituztenak. Eta zatituta, txikituta eta barreiatuta gauden herriok badugu zeri erreparatu, nondik edan, gu ere bagaren ispilu horietan.

Irakurri Offline: